Astelehenero 8:00etan zure epostan
Txoriek oso ikusmen ona dute, baina ezin dituzte kristal gardenak edo ingurua ispilu baten moduan islatzen diutztenak.
Etxebizitza Ministerioa Eraikuntzaren Kode Teknikoa zaharberritzen ari dela aprobetxatuz, alegazioak aurkeztu ditu Eguzkik, hegaztiek fatxada eta beirazko bestelako egituren kontra talka ez egiteko neurriak eskatzeko. Horrelako neurriak dagoeneko indarrean daude Estatu Batuetako, Kanadako, Suitzako edota Alemaniako eraikuntza-araudietan.
Kristalezko fatxaden kontra talka eginda hiltzen diren txorien arazoa ez da arazo txikia, biodibertsitate-arazo latza baizik, mundu zabalean eta Euskal Herrian ere ondo dokumentatuta dagoena. Azken urtetoan herri-erakundeek zein herritarrek arazo honekiko gero eta sentsibilitate handiagoa erakutsi duten arren, normalean modu erreaktiboan jokatzen dute; alegia, leku jakin batzuetan txoriek behin eta berriro talka egiten dutela ikusita, eta, jakina, batez ere tartean salaketak baldin badaude, hegaztien ziluetadun pegatikak jartzen dituzte, edo pegatina marradunak, edo irudi geometrikodunak. Izan ere, marra eta irudi geometrikoak eraginkorragoak omen dira. Nolanahi ere, kasuan kasuko esku-hartzeak izaten dira. Bada, baina, arazo honi lege- eta arau-mailako neurrien bidez modu sistematikoan heltzeko garaia. Alde horretatik, oso aukera ona da Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioa Eraikuntzaren Kode Teknikoa eguneratzeko Errege Dekretu Proiektuaren inguruan ireki duen parte-hartze prozesua.
PEGATINETATIK HARAGOKO KONPONBIDEAK
Eguneratze-proiektuaren berrikuntza nagusia Documento Básico de Sostenibilidad Ambiental delakoa da. Dokumentu hori sortu da eraikuntzan ingurumen-jasangarritasuna modu integralean kudeatzeko marko gisa. Hainbat gai jorratzen ditu, adibidez, efizientzia energetikoa, CO2 emisioak edota materialen bizi-zikloa. Baina bokazio integrala duen arren, paradoxikoki, ez du hegaztien talkak saihesteko eta, oro har, basafauna babesteko inolako neurririk aurreikusten.
Hain justu, Eguzkik aurkeztutako alegazioek neurri horiek kontuan hartzea dute helburu. Izan ere, pegatinetatik harago, badira hegaztien talka-arriskua saihesteko edo, behintzat, arintzeko ondo probatuta dauden konponbideak (etched/fritted beira, UV-xurgatzailea; beira zeharrargia; markatzaile bisualak; eguzki-islak moteltzea; gaueko argiztapenaren kudeaketa; landareen bidezko itzalak). Konponbide horiek ez dute kostu izugarririk eta, gainera, isolamendu eta energia-eraginkortasunari begira lagungarriak izan daitezke. Konponbideok, arestian esan bezala, dagoeneko araututa daude hainbat herrialdetan eta guztiz bat datoz Europar Batasunak biodibertsitata babesteko eta sustatzeko onartu dituen zuzentarau eta erregelamenduekin.
Alegazioen artean, Eguzkik eskatu du hegaztientzako eraikin seguruei buruzko erreferentziazko gida tekniko bat prestatzea, ornitologo adituen, unibertsitateen, profesionalen elkargoen eta beira- eta eraikuntza-sektoreen parte-hartzearekin. Gida horrek arriskuak ebaluatzeko protokoloak, erabilgarri dauden soluzioak, adibide arrakastatsuak edota segimendua egiteko metodologiak bildu beharko lituzke
EUSKAL HERRIAN ERE ARAZO LATZA
Kristal garden-gardenak eta ingurua ispilu baten moduan islatzen dutenak hegaztientzako tranpa hilgarriak dira. Txoriek primerako ikusmena duten arren, ezin dituzte bereizi eta, sarri, horien kontra talka egiten dute, eta hiltzen dira. Esan bezala, ez da arazo txiki bat, txorien biziraupenerako arazo latza baizik. Horren ondorio hiltzen omen dira urtero Estatu espainolean 500.000 eta 2 milioi hegazti bitartean. Euskal Herriari buruzko kalkulurik ezagutzen ez dugun arren, arazoa oso ezaguna da. Orain dela gutxi albiste izan dira Getariako Balenciaga Museoaren eta Donostiako Basque Culinary Centerren GOeren kasuak, baina azken urteotan askoz gehiago salatu ditugu, adibidez, Barakaldoko BECen, Metro Bilbaoko Ansio geltokian edota Tolosako Zerkausian. Batzuetan neurriak hartu dituzte eta beste batzuetan ez. Nolanahi ere, esan bezala, tokian tokiko neurrietatik harago, bada arau-mailako neurriak hartzeko garaia. Alde horretatik, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eguneraketa alferrik pasatzen utzi beharko ez genukeen aukera da.
EGUZKI, 2025eko abendua
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545