Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gaur eguerdiko elkarretaratzea. Irudiaren ezkerraldean, errioan, Gure Gaskuña ikus daiteke, erdi urperatuta.
Sei aste pasatu dira Gure Gaskuña arrantzotziak sua hartu eta Orioko errioan erdi urperatuta geratu zenetik. Kudeaketa eskasaren ondorioz, gasoil-isurketak gertatu dira. Horrek herrian egonezina sortu du. Orioko Surf Taldeak iniziatiba hartu eta egonezin hori adierazteko elkarretaratze bat antolatu du gaur eguerdian, barran, Gure Gaskuña bistan, eta oraindik gasolio-usaina nabarmena dela. Ikus bideoa:
Jarraian, elkarretaratzean irakurri den adierazpena oso-osorik…
Egun on danoi!
Aurreneko gauza, eskerrik asko etorri zareten dan-danoi.
Ez genekien zenbat jende etorriko ginen, eta batu gara batzuk. Gainera, badakigu etorri ezin izan duten oriotar asko ere gurekin daudela, ados daudela guk gaur hemen erakutsi nahi dugun kexarekin.
Sei aste pasa dira, eta hemen jarraitzen du itsasontzi honek, eta isurketak gertatu dira azken astean. Orion surf egiten dugunok gasoil kirats eta orban artean ibili behar izan dugu. Bainatzera etorri drenak berdin, urazpiko arrantzan ibili direnak ere berdin.
Atzo justu albistea eman zuen Eusko Jaurlaritzak, esanez gasoil dena atera dutela. Baporea hemendik ateratzeko plana aurkeztu omen du jabeak eta hura aztertzen ari omen da Jaurlaritza. Gertatu diren isurketei buruz ez zuten ezer esan…
Ez dakigu zenbat denbora gehiago iraungo duen hor itsasontziak. Ez dakigu isurketa gehiago gertatuko diren hurrengo egunetan. Baina egoera hau onartezina da eta ezin luzatu.
Horregatik guztiagatik, gure kexa eta egonezina adierazi nahi dugu.
Argi daukagu gai hau hobeto eta azkarrago kudeatu zitekeela. Baina ez gaude hemen errudunak bilatzeko, baizik eta arazoari konponbidea eman behar diotenei ardura eskatzeko.
Horregatik, eskaera zuzena egin nahi diegu itsasontziaren jabeei eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzako arduradunei: mesedez, egin dezatela beren eskuetan dagoen dena gai hau lehenbailehen konpontzeko.
Ez dugu isurketa gehiagorik nahi!
Ez dugu bapore kutsatzailerik nahi!
Urak garbi nahi ditugu lehenbailehen!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545