Astelehenero 8:00etan zure epostan
Asteazkenean, ekainak 3, Gladys del Estal hil zutela urteurren berri bat izango da, 47garrena. Gladys Gogoan-ek eta Eguzkik aurten ere gogoratzeko eta omentzeko ekitaldi bat antolatu dugu Donostian. Ekitaldi hori larunbatean izango da, ekainaren 6an, Gladys Enean. (Tuterako omenaldiaren berri izateko, ikus testu honen bukaeran.)
Guk Gladys oso gogoan dugu eta gainerako herritarrek ere guk bezain gogoan dutela pentsatzeko joera dugu. Baina urte asko pasatu dira, eta seguruena komeni da espresuki gogoratzea José Martínez Salas guardia zibilak hil zuela Gladys, buruan tiro bat jota, Tuteran, energia nuklearraren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.
Jarraian esango duguna ere behin baino gehiagotan esan dugu, baina ez zaigu batere kostatzen errepikatzea, are gehiago, oso komenigarria iruditzen zaigu: Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako, “gutako bat” izan zelako eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Baina ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako. Horregatik, omenaldian beti aktualitateko gai bati buruz hitz egiteko tartea erreserbatzen dugu. Iaz, adibidez, gerrari buruz hitz egin genuen; aurten, berriz, energia nuklearrari buruz hitz egingo dugu.
MEMORIA AKTIBO BATEN BEHARRA
Energia nuklearrari buruz? Bai. Izan ere, gezurra dirudien arren, urteak dira Gladysen omenaldian energia nuklearrari buruz espresuki hitz egin ez dugula, seguruena 2013an Garoñako zentrala itxi zutenetik (bide batez esanda, oraindik eraisten ari dira, eta datorren hamarkadan ere langitza horretan aritu beharko dira).
Eta zergatik hitz egin berriro energia nuklearraz? Bada, urte askotako gainbehera pairatu ondoren, energia nuklearra, energia-krisiaren aitzakian, bueltan dagoelako, edo, hobeto esan, nola edo hala suspertu nahian dabiltzalako, gure poltsikoen eta, batez ere, gure segurtasunaren kontura. Orain dela hilabete inguru, Txernobilgo hondamendiaren 40. urteurrenaren harira, memoria antinuklear aktibo baten beharra aldarrikatu genuen. Bada, horixe egin nahi dugu, memoria aktibo ariketa bat, energia nuklearrak “berdetik” ezertxo ere ez duela gogoratzeko. Greenwashing masiboaren bidez besterik sinistarazi nahi badigute ere, energia nuklearra antiekologikoa, garestia, menpekotasun-sortzailea eta batez ere oso-oso arriskutsua da.
Bide batez, aprobetxatuko dugu Eusko Jaurlaritzak Lemoizko zentral zaharrerako aurkeztu duen akuikultura-proiektuari buruz ere hitz egiteko. Alde horretatik, honako hauek salatuko ditugu: Jaurlaritzak, proiektu horren bitartez, behin betiko libratuko du Iberdrola erantzukizun ekonomikoetatik; ez du kontuan izan herritarren iritzia –ezta inguruko udalerriena ere–, eta proiektuak zati txiki batean baino ez da zentratzen, eremu hura guztia ingurumen aldetik leheneratzeko dagoen premiari inolaz ere heldu gabe.
Laburbilduz, ekainaren 6an Gladysen memoriarekin hitzordu berri bat dugu, baina ez memoria nostalgiko batekin, memoria aktibo batekin baizik.
Esan bezala, Gladys larunbatean omenduko dugu Donostian, baina Tuteran asteazkenean bertan omenduko dute, Ebroko zubian, hil zuten lekuan bertan, alegia. Hona hemen deialdia:

Bardenas Libres talde antolatzaileak adierazi duenez, “aurtengo omenaldia Gladysi eta haren borroka ekologistari ez ezik historia modernoan Lurra eta Bakearen defentsan hil dituzten emakume guztiei ere eskaintzen diegu. Munduko ingurumen-justiziaren mapan, Gladys aitortuta dago biktima gisa. Lehenengoetako bat da aktibismo mota honi lotutako feminizidioan. Beraz, Gladys gogoan eta aliantza kriminal kapitalista patrialkalaren aurrean Bizitza defendatzeagatik hil dituzten emakume guztiak gogoan, zatoz omenaldira”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545