Astelehenero 8:00etan zure epostan
Parkeko atean, Gladys Enea izena aldarrikatuz.
Asteartean, hilak 3, 46 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan. Urtero bezala, Gladys fetxa hauetan gogoratu nahi izan dugu; zehatz-mehatz, gogoratze-ekitaldia gaur eguerdian egin dugu.
Hasteko, hona hemenomenaldiaren hainbat momentutan egindako bideo labur batzuk:
Gladys del Estalen omenaldia. – YouTube
Gladys del Estalen omenaldia. – YouTube
Gladys del Estalen omenaldia. – YouTube
Gladys del Estalen omenaldia – YouTube
Hemen ETBren bideo bat:
Gladys del Estal omendu dute Donostian, haren hilketaren 46. urteurrenean
Honako hau, berriz, Sara Ibargurenek Irutxulon argitaratutako kronika da, argazkiz ezin hobeto hornitua:
Ondorengo argazkiek ere omenaldiaren berri ematen dute:
Parkeko bidean, bizikletaz.
Abiatu da erromeria!
Aurreskua, Gladysen oroitarriaren aurrean.
Jende dezente bildu da, nahiz eta ordu berean Palestinaren aldeko elkarretaratze bat zegoen Alderdi Ederren. Izan ere, Gladysekiko konpromiso saihetsezinarengatik ez balitz, seguru denok Alderdi Ederren egongo ginatekeela.
Omenaldi guztietan bezala, Gladys musika eta lore artean gogoratzeaz gain, aktualitateko gai bati heldu diogu, eta aurten, azalpen handirik behar ez duten arrazoiengatik, GERRARIK EZ! aldarriak protagonismo berezia izan du, eta Gazako genozidioa oso presente egon da. Hemendik aurrera kopiatzen dugu Iñaki Otamendik, Bake-Ekintza Antimilitarista kolektiboko eta Dèlas Bakearen inguruko Ikerketa Zentroko kideak, egin duen hitzaldia, ekitaldian egindako hainbat argazki tartekatuz:
Eskerrik asko ekitaldi hunkigarri eta aldarrikatzaile honetan parte hartzera gonbidatzeagatik.
Bake-Ekintza Antimilitarista eta Centre Delàs-eko euskal ordezkaritzako kideak gara, eta lehenik eta behin aukera hau aprobetxatu nahi genuke aitortzeko Gladysek eta bere belaunaldiko pertsonek militarismoaren aurkako borrokan egindako ekarpena.
Iñaki Otamendi, Bake-Ekintza Antimilitaristako eta Dèlas Zentroko Euskal Ordezkaritzako kidea.
70eko eta 80ko hamarkadetan eskuin zein ezkerreko alderdi nagusiek (arrazoi ezberdinengatik) zalantzan jartzen zituzten ideia antimilitaristak, baina korrontearen kontra militarismoa kritikatzen zuen mugimendu bat sortu zen: ekainaren 3an Gladys hil zuten egunean nuklearren aurkako borroka eta Bardeako Tiro Poligonoen aurkakoa eskutik joan ziren.
80ko hamarkadan NATOren aurkako protesta oso zabala izan zen: urte batzuk geroago Zerbitzu Militarraren aurkako borroka talde minoritarioetatik abiatu zen berriro, objekzioaren eta intsumisioaren inguruan, baina urtez urte gehiengoaren borroka bilakatu zen eta gizartearen, herri-mugimenduaren, sindikatuen eta alderdien babesa lortu zuen: soldaduska desagertzea lortu genuen, garaipena erdietsi genuen, hemen zaudeten askoren partaidetzari esker ere.
Gaza bertaratutako askoren ahoan eta guztien gogoan egon da.
Zoritxarrez, Bardeetako Tiro Poligonoak zutik dirau, orain Europan haize militaristak berpiztu dira, eta gizon-emakumeentzako derrigorrezko Soldadutza berriro ezartzeaz hitz egiten ari dira… horregatik , uste dugu asko dagoela ikasteko aipatu berri dutugun garai horietako borroka desobedienteen izaeraz eta uste dugu aniztasunean oinarritutako elkarlan aliantzak berreraiki behar ditugula.
Parke honen bestaldean dagoen Loiolako koartelean Soldaduska sufritu zuten askok: aste honetan asko hitz egin da etxebizitza-eskaintza berriaz, baina inork ez daki Donostian edo Gipuzkoan kuartel berri bat egingo ote den. Gure ustez, adi egon behar dugu eta kuartel berri baten edozein proiekturen aurkako borroka suspertu eta indartu behar da.
Gladysek eta bere kideek, gerra hotzaren gailurra bizi izan zuten, Berlingo Harresia erori ondoren blokeen arteko enfrentamendutik Ameriketako Estatu Batuen nagusitasun bortitzera igaro ginen, non Europako agintariak NATOren bidez Yankien desioen mende jarri ziren (gogoratu Jugoslaviako gerrak, Irak, Afganistan… eta ahaztutako beste haibat gatazka).
Ukrainako gerra NATOren espantsionismoaren eta estatu errusiar erabat militarista baten arteko talkaren ondorioa da. Eta orain, Trumpek “jokoaren arauak” aldatu nahi dituenean, Europako agintariek gogoeta egiteko probestu ordez murgildu dira gastu militarra handitu eta industria belikoa indartzeko militarizazio prozesu basati batean. Gerra Ukrania eta Errusiako herritarrek sufritzen dute, baina zalantzarik ez izan mobilizatzen ez bagara, hemen biziko ditugula murrizketak gastu sozialean, hezkuntzan, zaintza eta osasungintzan.
Nokono kantariak pieza pare batekin animatu du omenaldia.
Gazan genozidio bat bizi duten arren, egoera jasanezin honen aurrean, agintarien ahoetatik dolu hitzak entzuten ditugu soilik… Europako estatuak Israelek “gatazkan probatutako armen” eta kontrol teknologien menpeko dira, sal-erosketa erlazio baten menpe: Israel eta europako enpresen arteko elkarlan proiektu asko daude, eta Euskal Herrian baditugu hainbat adibide: Beasainen CAF-ek lurrralde okupatuetan trenbidea eraikitzeko asmoa du, edo Aperribayk zuzentzen duen Andoaingo SAPAn Dragoi tankeen blindatze proiektuak daude, edo Getxoko SENER enpresan garatzen dira aereonautika edo misilgintzako ikerketak, denak Isralekeko enpresekin lankidetzan.
Gladysek badu jotera ofizial bat: Esther Zabalegi. Aurtengoan ere ez du huts egin, eta ohi bezain kementsu hitz egin eta kantatu du.
Gure esku badago ere honetan eragitea: “Gerra hemen hasten da” esaldiak adierazten du gerra erabiltzen dela gure bizi maila mantentzeko eta gutxi batzuen interes ekonomikoa elikatzeko, baina gerra hemendik geratu dezakegu ere.
Horregatik, ezin ditugu onartu Europako eskalada militarra euskal enpresentzako negozio-aukera gisa saltzen digutenen diskurtsoak: azken hamarkadan hirukoiztu egin da programa militarren bat duten enpresen edo erakundeen kopurua, eta jada 200 baino gehiago dira. Argi dugu batetik borroka egin behar dugula zerrenda horretan enpresa berriak sartzearen aurka, eta bestetik gaur egungo armagintza proiektuak dituzten enpresen moldaketa sustatu behar da, horrela sistema kapitalistatik urruntzeko lagungarri izango den produkzio zibila garatu dezaten.
Egoera latza da, eta bide zaila dela badakigu, baina badakigu herritar, langile eta sindikatuen gehiengoak ez duela babesten gerra logika, eta gure esku dago zein pausu eman ditzakegun erabakitzea desmilitarizazio prozesuan aurrera egiteko. Ez da soilik desio bat, bide horretan gabiltza jada lanean, izango duzue laster honen berri eta zuen partaidetza beharrezkoa izango da, lehen aipatu dugun intsumisioaren kanpainan bezala, bakoitzak bere ekarpena egin dezan.
Mila esker berriz antolatzaileei eta hemen bildutakoei, eta Gladysek erakutrsi zigun bezala ekologismoak, feminismoak eta antimilitarismoak eskutik bidean aurrera egiten jarrai dezatela gizarte hobeago baten eraikuntzan.
Honaino, Iñaki Otamendik esandakoa. Eskerrik asko bihotz-bihotzez omenaldi hau posible egiten duzuen guztiei
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545