Idiak esan omen zun: maiatz luzia gosia. Harek eraman zuen nere alabia.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Gladys Eneko paumaren habia lapurtu edo suntsitu dute

2025-06-22 18:00

Pauma-emea habia zaintzen. Hau da suntsitu edo lapurtu duten habia.

Eguzkik astelehenean sare sozialen bitartez honako salaketa hau egin zuen: Hamaika ikusteko jaio gara: Gladys Enean azkena izan da paumei isatseko lumak erauzi izana | Eguzki Talde Ekologista

Oker geunden, salatu genuenerako ez omen zen azkena, azkenaurrekoa baizik. Izan ere, ostiralean, Parkea Bizirik – Kukulunbera elkarteak salatu zuen paumaren habia lapurtu edo suntsitu egin dutela. Honela zioen:

“Habia lurrean zegoen, Parkeko murru perimetralaren ondoan, baina Parketik kanpo. 8 arrautzako errunaldia zen, dokumentatutako altuena lehenengo pauma bikotea parkera 1977an iritsi zenetik, normalean hirutik bostera erruten baitute, kopururik errepikatuena hiru izanik. Inkubazioa amaitzear zegoen, baina prozesu naturaletik kanpoko zerbaitek suntsitu egin du. Ekainaren 14an pauma oraindik etzanda zegoen. Arrautzak kontu handiz biratzen zituen, enbrioiak oskolari itsatsita gera ez zitezen, eta garapenak normaltasunez jarrai zezan. Hala ere, hilaren 18an egiaztatu genuen arrautzak eta ama desagertuak zirela. Habiaren sakonunean ez zegoen oskolik, beraz, ez da eklosiorik izan”.

Parkeko lagunek aprobetxatzen zuten azaltzeko beraien ustez zer gertaten ari den Gladys Enean: “Elorza alkateak kendu zuen etengabeko zaintza, eta ondorengoek ez dute berrezarri, nahiz eta jendearen aldarrikapen historikoetako bat izan”.

Baina, elkartearen iritziz, badira beste faktore asko parkeko fauna eta parkearen beraren etorkizuna arriskuan jartzen dituzten hainbat faktore, hala nola, Loiolako Erribera eta Egia auzoen arteko igarobide bihurtu izana, bandalismoa, masifikazioa, lotuta eta lotu gabe Parkean ibiltzen diren txakur kopurua edota Udalak urtero antolatzen duen Glad is the day bezalako musika-jaialdiak (iaz 25.000 pertsona bertaratu ziren!).

Parkea Bizirik! – Kukulunbera elkarteak udal gobernuari zein oposizioari behingoz arduraz jokatzeko eskatu zien.

atzera
gora