Astelehenero 8:00etan zure epostan
Errausketaren Aurkako Mugimenduak GIZA KATEA antolatu du irailaren 14an Kontxako hondartzan zehar, goizeko 11etan Alderdi Ederretik hasita. Mugimenduko hainbat kidek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan adierazi dugunez, mobilizazio honekin eskatuko dugu itxi dezatela Zubietako erraustegia, itxi dezatela beharrezkoa ez den erraustegi garesti eta kutsatzailea; eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetu dezatela herri guztietan.
Duela aste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Diputatua, Jose Ignacio Asensio, komunikabideetan azaldu zen hondakinen kudeakeri buruz hitz egiteko. Bere esanetan Gipuzkoak betetzen du Hondakinen Legeak 2025erako ezartzen duen helburua: %55a gaika biltzea. Gainera azken urteetako bilakaera ikusita Gipuzkoako gaikako bilketa goia jotzeko puntuan omen dago.
Adierazpen hauek oinarri hartuta Errausketaren Aurkako Mugimenduak hainbat zehaztapen egin nahi ditu. Asensiok eta berak ordezkatzen duen Foru Aldundiak nola har dezakete haien meritutzat Gipuzkoako gaikako bilketa! Foru Aldundiko gobernuan EAJ-PSE, Asensio barne, daude 2015az geroztik eta 9 urteetan gaikako bilketak %7a egin du gora. 2011-2015 legealdiko urte bakarrean (EH Bildu), 2014tik 2015era, gaikako bilketa %6a igo zen. Aurpegia behar du ia 10 urtetan erraustegi garesti eta kutsatzailea eraiki besterik egin ez duenak, gaikako bilketaren domina jarri nahi izateko: urteko bataz bestekoa ez da %1era heltzen. Eta beraien porrota disimulatzeko kafe kapsulen bilketa %27a igo dela esan dute.
Mugimenduak prentsaurrekoa Kontxara jaisteko lehenengo arrapalan eskaini du, igandeko mobilizazioaren abiapuntuan bertan, alegia.
Bestetik, Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketak ia goia jo omen du, Asensiok dionez. Nola esan dezake gizon honek honelako gezurrik, berak aitortzen duenean hainbat herritan beherantzko joera antzeman dela azken aldian, eta badirela gaikako bilketa asko hobetu dezaketen mankomunitateak.
Konparazioak egitea ez omen da ona, baina nahi ta ez azaldu behar da nor ari den eta zertan. Beti ere Foru Aldundiko 2024ko datu ofizialetan oinarrituz Sasietan %76,08 gaika bildu da eta San Markon %49,68. San Marko Mankomunitateko herrien artean Hernanin %77,04 bildu da gaika eta Donostian %41,58. Donostiak bezala EAJko alkatea eta Gobernu Batzordean PSEk parte hartzen duen Beasainen %77a biltzen da gaika. PSEko alkatetza duen Irunen %51a biltzen da gaika eta alderdi bereko alkatea duen Zumarragan %71.
Nola esan dezakezu, Asensio jauna, goia jotzeko puntuan gaudela? Donostiak, Irunek, Eibarrek, Elgoibarrek, Hondarribiak…, guztiek gaikako bilketa %50 inguruan edo baxuago dutenek, Beasain, Bergara, Zumarraga, Hernani mailara helduko balira 15 puntu baino gehiago egingo luke gora gaikako bilketak Gipuzkoan.
Baina hemen beste arazo bat agertuko litzateke; gaur egungo errefusa erretzeko Donostiako erraustegiak dituen bi labeetatik bakarra nahikoa da, eta herri hauek denak gaikako bilketa behar bezala egiten duten egunean are eta ageriago geratuko da Gipuzkoan ez dela erraustegirik behar. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAJ eta PSEko agintariek hondakinen inguruan “greenwashing” merkea egiten duten bitartean, Zubietako erraustegiak jarraitzen du gau eta egun inguruko izaki bizidun guztiak, lurzorua bera, landareak, animalian eta bertan bizi garen gizakiok pozoitzen.
HONDAKINAK BIRZIKLATU, EZ ERRE
DONOSTIAK ERE HONDAKINEN LEGEA BETE DEZALA
ERRAUSTEGIA GELDITU
EZ, EZ, EZ! ERRAUSKETARIK EZ!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545