Buruila euri, berrogei egun euri.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Gipuzkoako hamar udalerrik bakarrik urratzen dute Hondakinen Legeak gaikako bilketan ezarritako gutxieneko kopurua, baina horietako bostek, Donostia buru dutela, biztanleriaren ia erdia biltzen dute

2025-07-15 20:42

Askotan esan dugu: gakoetako bat errefuxako edukiontziaren kudeaketan dago, atez atekoari heldu nahi ez bada, behintzat.

Gipuzkoako hamar udalerrik, Donostia buru dutela, ez dute betetzen Hondakinen Legeak 2025erako ezartzen duen gaikako bilketaren %55eko gutxieneko kopurua (1). Ez da ustekabea, inondik inora, baina dagoeneko ofiziala da, Aldundiak duela egun batzuk 2024ko behin betiko datuak jakitera eman baititu (2).

Hamarrek bakarrik urratzen dute. Beraz, gainerako guztiek, hau da, 79k (3), betetzen dute. 10 eta 79. Emaitza ona, ezta? Bada, ez hainbeste, kontuan hartzen badugu betetzen ez dutenen zerrendan Gipuzkoako lau udalerri handienetako hiru daudela, Donostia, Irun eta Eibar, eta hiru udalerri horiek biztanleria osoaren %38,3 biltzen dutela (4), eta, logikoa denez, hondakin gehien sortzen dituztenak direla. Lasarte-Oria eta Hondarribia gehitzen badizkiegu, horiek ere betetzen ez dutenen zerrendan baitaude eta Gipuzkoako udalerri handienen TOP 10aren parte baitira, biztanleriaren %43,2 biltzera iristen dira. Bestela esanda, Gipuzkoako biztanleriaren erdia baino pixka bat gutxiago bizi da %55eko gutxienekoa betetzen ez duten udalerrietan eta, zehazki, aipatutako bost horietan. Datu horrek arestian aipatutako 10 eta 79 emaitzak baino askoz gehiago hurbiltzen gaitu errealitatera, ezta?

Hona hemen %55a betetzen ez dutenen hamarren zerrenda, Donostiatik hasita:

Norbaitek pentsa dezake erlazio zuzena egon daitekeela udalerrien tamainaren eta gaikako bilketa egiteko zailtasunen artean, baina ez da nahitaez horrela. Izan ere, Gipuzkoako handienen TOP 10eko gainerako herriek Hondakinen Legearen %55eko azterketa gainditzen dute, eta ez nolanahi, baizik eta sarri nota eta guzti: Hernani (%76,81), Arrasate (70,06), Tolosa (69,43), Zarautz (62,72) eta Errenteria (55,50). Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina, berriro diogu, ez dago nahitaez lotura zuzenik udalerrien tamainaren eta gaikako bilketa egiteko zailtasunen artean. Hori bai, lotura zuzen-zuzena dago hondakinak gaika biltzeko ezarritako sistemen eraginkortasunaren eta lortutako emaitzen artean. Donostiak, Irunek, Eibarrek eta gainerakoek emaitza onik lortzen ez badute, ez da handiak direlako, sistema eraginkorrik ezarri ez dutelako baizik.

DONOSTIA AZKENPUTZ; GERO ETA GEHIAGO, GAINERA

Horren adibiderik argiena Donostia bera da, Gipuzkoako azkenputz hondakinen gaikako bilketan. Donostiaren pisua hain da handia ezen dagokion mankomunitatea, San Marko, denetan azkena den. Ikus:

Donostiarekin batera San Markon gaika gutxien biltzen duten udalerriak Lasarte-Oria eta Pasaia dira. Biek ala biek neurriak hartu dituzte. Lasarte-Oriaren kasuan, neurriak dagoneko bere datuetan islatzen dira. Pasaiakoan, berriz, oraindik ez, baina 2025eko datuetan islatzen hasi beharko lirateke. Bi kasuetan, hartutako neurriak oso-oso apalak dira, eta, gure ustez, nekez ahalbidetuko dute gutxieneko %55era iristea. Beraz, Lasarte-Oriak eta Pasaiak espabilatu egin beharko dute, baina, momentuz, hartutako neurri horiek, apalak izanda ere, Donostiarekiko arrakala sakondu dute eta sakonduko dute.

Eta Donostia? Donostiako udal gobernuak urteetan neurriak hartzeari espresuki uko egin ondoren, badirudi mugitu egin behar dela ulertu duela. Beharrik! Izan ere, hain modu nabarmenean urratzen duen Hondakinen Lege horixe bera baliatu du zabor-tasak izugarri igotzeko! Ez da itxura, ez, lege bat batetik urratu eta bestetik tasak igotzeko baliatzea. Dena dela, behingoz “ulertu” egin duela ontzat emanda ere, kostako zaio neurriak hartzea. Pentsa: uztailean egin dira “Hondakinen Legea nola bete aztertzeko udal batzorde ez-iraunkor” baten lehen bilerak. Atera kontuak oraindik nola dauden!

GIPUZKOA EREDUGARRIA DA, BAI, BAINA EZ DONOSTIA ETA LEGEA BETETZEN EZ DUTEN GAINERAKOEI ESKER

Donostiaren desfasea San Markon oso nabarmena bada, Gipuzkoako testuinguruan ilargira eta bueltakoa da. Hona hemen Gipuzkoako emaitzak mankomunitateka:

Izan ere, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten Hondakinen Legeak 2025erako ezarritako %55eko helburua. 2024ko datuen arabera, Gipuzkoan, gaikako bilketanren batez bestekoa %57,17 izan zen (7). Hau da, Donostia ia 16 puntu azpitik dago!

Eta hona iritsita, zerbait argitu nahi dugu; seguruena ez da beharrezkoa, baina badaezpada. Datuen irakurketa kritiko hau egiten badugu, ez dugu egiten Gipuzkoan lortutakoa gitxiesteko, noski, baizik eta errealitatearen irudi zehatzago bat eskaintzeko. Gipuzkoako gaikako bilketan dena ez baita urre, ikusi dugun bezala, eta komeni da horren kontzientzia izatea. Izan ere, egia da, Ingurumen diputatu José Ignacio Asensiok esan duen bezala, Gipuzkoa eredugarria dela gaikako bilketan, baina, kontuz, ez Donostiari eta Legearen gutxienekoa betetzen ez duten gainerako udalerri handiei esker, ondo eta batez ere oso ondo egiten dutenei esker baizik. Eta zergatik egiten dute ondo eta oso ondo? Sistema eraginkorrak edo oso eraginkorrak ezarri dituztelako.

“Mankomunitate batzuek ez dutela aurrera egiten” ere onartu du Asensiok. “Agian iritsi da horietan politika zehatzak pentsatzeko garaia”, gehitu du. Mankomunitate batzuek aurrera egiten ez badute, udalerri batzuek aurrera egiten ez dutelako da, eta udalerri horiei aspaldi iritsi zitzaien “politika zehatzak pentsatzeko garaia”, eta, are, praktikan jartzeko garaia ere bai. San Markoren kasua oso adierazgarria da: mankomunitateak aurrera egiteko oztopoa, funtsean, Donostia da, mankomunitateko beste udalerri batzuk Gipuzkoako puntan baitaude. Horra hor Usurbil (gaika hondakinen %83,09 biltzen duena), Hernani (76,81), Astigarraga (74,77), Oiartzun (71,52)…

Dena dela, alor honetan eredugarria den arren, Gipuzkoak datozen urteetan datuak hobetzen jarraitu beharko du. Ez begi-bistatik galdu Hondakinen Legeak 2030erako gutxieneko kopuru berria aurreikusi duela, %60, eta 2030a hain urrun ere ez dagoela. Baina, noski, hobekuntza horiek gehienbat Donostia, Irun, Eibar, Lasarte-Oria eta Hondarribiaren eskutik etorri beharko dira, horiek baitira hobetzeko oso tarte handia dutenak. Horretarako sistema eraginkorrak ezarri behar dituzte. Hori da sekretu guztia.

Ez dugu bukatu nahi gogorazi gabe Hondakinen Legeak ezarritako “gutxienekoak” betetzea ingurumenaren inguruko udal-politiken kotoiaren proba moduko bat dela. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienekoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima-aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoak itxurakeria baino ez dira, ez dute inolako sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2025eko uztaila

(1) Hondakinen Legeak (berez, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legea, apirilaren 8koa) Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización. (…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

(2) Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak – Ekonomia zirkularra – Gipuzkoako Foru Aldundia

(3) Gipuzkoako udalerriak 88 dira, baina Sasietako Mankomunitatearen datuetan Ezkio eta Itsaso bereizita agertzen dira. Gainera, Debabarrenako Mankomunitatean Ermua eta Mallabia udalerri bizkaitarren hondakinak ere kudeatzen dira. Ermuak hondakinen %44,95 gaika biltzen du, beraz, horrek ere ez du gutxienekoa betetzen.

(4) Ehunekoak kalkulatu ditugu 2024ko urtarrilaren 1ean eguneratutako erroldan ageri diren populazio-datuen arabera: Disposición 25973 del BOE núm. 299 de 2024

(5) Pasaiakoa “istorio triste bat” da. Xehe-xehe jasota dago hemeroteketan, baina gogoraziko dugu 2015ean hondakinen %66,99 gaika biltzera iritsi zela. Urte hartan bertan atez ateko bilketa bertan behera geratu zen, gaur egun inolako dudarik gabe trunpistatzat joko genukeen kainpaina baten ondoren. Baina azken urteotan herrian hondakinen gaikako bilketa 20 puntu baino gehiago apaldu bada, ez da sistema aldatu izanaren ondorio, edo ez bakarrik horren ondorio, behintzat. Gaikako bilketa hainbeste jaitsi izana edukiontzietan oinarritutako sistema berriaren kudeaketa negargarriaren ondorio izan da. Eta puntu hau espresuki nabarmendu nahi dugu, zeren eta, esperientziak agerian utzi duenez, edukiontzietan oinarritutako sistemek ez baitute zertan Pasaiakoak bezain emaitza txarrik izan.

(6) Datu hau deigarria da. Abaltzisketa da %55eko gutxienekoa bete ez duen Tolosaldeko herri bakarra. Gainerakoek bete dute, ondo, gainera, eta horren lekuko da Mankomunitatearen batez bestekoa: %67,64. Dena dela, datu deigarri honi garrantzia kendu behar ez bazaio ere, erlatibizatu egin behar da. Batetik, Abaltzisketa oso txikia delako (319 biztanle) eta, bestetik, eta batez ere, ozta-ozta ez delako %55era iritsi, eta urtetik urtera horrelako gorabehera txikiak gerta daitezkeelako. Adibidez, irakurketa hau 2022ko datuen gainean egiten arituko bagina, Abaltzisketa %55aren gainetik egongo litzateke. Berriro diogu: ez zaio garrantzirik kendu behar, baina bai erlatibizatu.

(7) Datu homegeneoak erkatze aldera, beti gaikako bilketaren ehunekoak ditugu hizpide, beste erreferentzia posible batzuk baztertuta, adibidez, birziklatze-tasa. Birziklatze-tasa beti gaikako bilketa baino apalagoa da, gaika biltzen den guzti-guztia ez baita birziklatzen. Gipuzkoako kasuan, gaikako bilketa %57,17 da, ikusi dugun bezala, eta birziklatze-tasa, berriz, 52,77%.

atzera
gora