Baratzezain baten hankasartzerik handienetakoa, arduradun bakarra bera dela pentsatzea da

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Jaurlaritzari eskatu diote Mijoako saneamendu-proiektuarekin jarraitzeko eta obrei 'ahalik eta azkarren' ekiteko

2025-10-08 16:19

Mijoa errekaren ur kutsatuak Saturrarango hondartza ondo-ondoan isurtzen dira.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu dute gaurko osoko bilkuran (*) Mutrikuko Mijoa errekari buruzko honako ebazpen-proposamen hau:

Ebazpen honek izan ditzakeen ondorio praktikoetatik harago, Eguzkikook balorazio ona egiten dugu, batetik, ebazpena aho batez onartu delako, eta, bestetik, eta beharbada batez ere, arazoa mahai gainean ipini delako. Izan ere, askotan salatu dugun bezala, Suturrarango hondartza ondo-ondoan isurtzen den erreka horren saneamenduak hamabost bat urteko atzerapena du, eta premiazkoa iruditzen zaigu proiektu honetaz hitz egitea, baldin eta beste hamabost urtez atzeratzea nahi ez badugu, behintzat.

Mijoari buruzko ebazpena aho batez onartu da.

Batzar Nagusiek, ebazpenaren hirugarren puntuan, Mijoako kasua ez dela bakarra onartu dute, eta hori ere ontzat jotzen dugu.

Ura Agentziak joan den uztailean izapidetutako espediente bat dago Batzar Nagusiek onartutako ebazpenaren oinarrian. Espediente hura Saturrarango zerbitzuguneko ur kutsatzaileak errekara botatzea legeztatzeko zen. Berez, ur horiek sareamendu-sarera bota beharko lirateke. Saneamendu-sarerik ez dago, ordea. Eta saneamendu falta ez dagokio zerbitzuguneari soilik, bailara osoari baizik, Mijoako industriagunea barne.

Gauzak horrela, PPk ebazpen-proposamen bat aurkeztu zuen Batzar Nagusietan. EAJ/PSEk eta Elkarrekinek osoko zuzenketa banarekin erantzun zuten. Azkenean, erdibideko zuzenketa adostu dute. EH Bilduk ere alde bozkatu du. Beraz, aho batez onartu da.

ZERTAN DEN MIJOAKO SANEAMENDU-PROIEKTUA

Zerbitzugunearen espedienteak saneamendu-sarerik ez dagoela berriz ere agerian uzteko ez ezik proiektuan zertan den argitzeko ere balio izan du.

Eta zertan da? Bada, Eguzkik egindako alegazioei Ura Agentziak eman dien erantzunaren arabera, gaur egun Mijoara botatzen diren hondakin-urak Zabalerako araztegira eramateko “behin betiko proiektua” berriro idazteko lizitazioan dago. Berriro, diogu, 2021ean ere esleitu zelako orduan behin betikotzat jotzen zen proiektu baten idazketa. Halaber, proiektu hark 2014an eta 2016an idatzitako beste bi proiektu batu behar zituen. Baina, Urak erantzunean azaldu duenez, 2021eko proiektua idazteko informazioa biltzen ari zirela, Mutrikuko saneamendu-sarean zenbait arazo topatu zuten, “sare horren egoera aldez aurretik sakon aztertu gabe baitzegoen”. Gauzak horrela, proiektua birplanteatu behar zela ondorioztatu zuten. Aldi berean, Urak AZTIri eskatu zion aztertzeko Mutrikuko kontserba-lantegietako isurketak ere araztegira bidaltzeko aukera, oso isurketa gaziak baitira. Azterketak ondorioztatu zuen isurketa horien eragina leuntzeko tanga edo tanke bat eraiki behar dela. Eta horiek dira gaur egun lizitazioan dagoen proiektu berriaren beharra azaltzen duten faktoreak. Dena dela, oraindik azterlan batzuk falta direla ere ohartarazi du Urak.

Beraz, garbi dago Mijoako saneamenduaren obrak ez direla hasiko ez bihar ez etziko. Baina, arestian esan bezala, gainean egotea komeni da, baldin eta beste hamabost urte alferrik pasatuko ez badira, behintzat. Horregatik ontzat jo du Eguzkik Batzar Nagusietan onartutako ebazpena.

EGUZKI, octubre de 2025

(*) Osoko bilkuraren bideo osoan, Mijoari dagokion zatia gutxi gorabehera 1:30 eta 2:10 bitartean ikus daiteke: Juntas generales de Gipuzkoa | Osoko Bilkura, 2025(e)ko Urriaren 8a

atzera
gora