Gariak esan zuen: ni bezalako belarrik ez da. Artoak erantzun zion: ni naizen lekuan goserik ez

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Agitiko kala 'ahalik eta lasterren' leheneratzeko

2025-05-07 19:57

Gaur arratsaldean osoko bilkuran onartutako ebazpen baten bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote “ahalik eta lasterren has daitezela Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko izapideak”. Igeldoko Agitiko kalan Culmanor S.A. enpresak aspaldi abandonatutako arrain-haztegi bat dago, zeharo hondatuta.

Ebazpen berean, Batzar Nagusiek Jaurlaritzari eskatu diote enpresari “eska diezaiola bete ditzala legez eska dakizkiokeen lehengoratze-neurriak, eta, hala badagokio, helburu hori ahalik eta lasterren lortzeko subsidiarioki jardun dezala”.

Halaber, Batzar Nagusiek Donostiako Udalari eskatu diote Agitiko kala leheneratzeko “lankidetza aktiboa izan dezala”.

Ebazpen horrek Eguzkiren honako erreibindikazio hau du oinarri:

Agitiko arrain-haztegia desmuntatzeko eta kala leheneratzeko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari | Eguzki Talde Ekologista

Eguzkikook oso modu positiboan baloratzen dugu Batzar Nagusien ebazpena. Badakigu ondorio mugatuak dituela, baina luze ahanzturik egon den gai bat agendan jartzen laguntzen du, dudarik gabe. Kontuan izan arrain-haztegiaren jarduera 2006an geratu zela bertan behera, eta abandonatutako instalazioek oso paraje berezia okupatzen dutela. Izan ere, Ura agentziak, 2012ko txosten batean, honako hau esan zuen: Oso balore ekologiko eta paisajistiko nabarmena duen eta leheneratzeko gaitasun handia duen parajea da”.

Ebaspena onartuta, zera espero dugu: lehenik eta behin, aktan bai, baina aktatik kanpo ere ondorioak izatea; ebaspenean “ahalik eta lasterren” esaten denean, benetan “ahalik eta lasterren” izatea, abandonu-urteak pilatzen jarraitu gabe; eta eskumenen inguruan egon daitekeen eztabaida –egia esan, gure ustez, gaur egun gauzak nahiko garbi daude– arazoari heldu gabe jarraitzeko aitzakia ez izatea.

Jatorrizko ebazpena PPk aurkeztu zuen. Gero, EH Bildurekin erbidideko ebazpena adostu zuen, eta Elkarrekin-ek ere alde bozkatu du. Horrek bermatu du Batzar Nagusiek ebazpena bere osotasunean onartzea. Hala ere, ebazpenak hiru puntu zituen eta puntuka bozkatu da. Lehenengoan (Jaurlaritzari “ahalik eta lasterren” ekiteko eskatzen diona), EAJk ere alde bozkatu du; PSE, berriz, abstenitu egin da. Bigarrenean –Jaurlaritzari, “hala badagokio”, subsidiarioki aritzea eskatzen diona–, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dute. Hirugarrenean –Donostiako Udalaren “lankidetza aktiboa” eskatzen duena–, guztiek aho batez bozkatu dute.

Eztabaida eta bozketaren bideoa, hemen, 15 minututik aurrera:

Juntas generales de Gipuzkoa | Osoko Bilkura 2-2, 2025(e)ko Maiatzaren 7a

EGUZKI, 2025eko maiatzean

atzera
gora