Astelehenero 8:00etan zure epostan
Txema García kazetari eta idazleak testu bat bidali digu, hainbat argazkirekin lagunduta. Planteatzen duen gogoetaren interesa ukaezina iruditu zaigulako, hemen duzu, bere horretan…
Bada postal bat, aurkian irudi ederra erakusten duena. Baina postal horrek hainbesteko distira ez duen ifrentzua ere badu. Getxon, postalaren aurkiaren eta ifrentzuaren arteko distantzia itsas milia eskas batekoa da. Postalaren aurkia mundu guztiak ezagutzen du: Olatua gurutzaontzien terminala, Arriluzeko kaian. Aurten 90 ontzi baino gehiagok egingo dute bertan geldialdiren bat. Guztira, 150.000 bidaiaritik gora. Zenbaki horiek gainditu egiten dute terminala inauguratu eta zortzi urtera Portuak helburu historikotzat ezarri zuen marka. Luxuzko erloju baten zehaztasunez, bertatik pasatzen dira Cunarden Queen Anne, Disney Fantasy, Ritz Carlton Ilma, Asuka II japonesa edota MSC Virtuosa ontziak. Royal Caribbean taldea da urtean geldialdi gehien egiten dituena, 26, eta ondoren Carnival, Disney, MSC, Hapag-Lloyd, Oceania, Ponant eta Cunard datoz. Alegia, bost izarreko hotel flotatzaileen prozesio batek Bilboko Superportuaren bokaletik sartu eta Getxon milaka bidaiari lehorreratzen ditu. Hauek, pintxoak, taxiak eta souvenirrak ordaintzeko kartera zabalik dutela, lehorrean ordu batzuk eman eta atzera berriz itsasoratzen dira, atzean paradisu atlantiko ordenatu, oparo, jasangarri eta “adimentsu” bat bisitatu izanaren sentsazioarekin. Portuko Agintaritzak, berriz, harro adierazten du gurutzaontzien kaiak Ereagako hondartza zoragarriaren eta Arriluzeko Markesaren Pasealekuaren ondoan daudela. Izan ere, oso eremu aproposa da paseatzeko, Trianoko meatzuloetan lan egin zuten bertako zein urrutitik etorritako behargin haien izerdi eta odolez altxatu ziren jauretxe dotoreetatik hurbil.
Bada, arestian esan bezala, gurutzaontzien terminal horretatik milia eskas batera, Arrigunagako hondartza pasa eta Aixerrotako labarpean, eta ia Superportua itxi arte, beste “zera” bat dago. Urteak daramat ikusten, eta atzo bertan, arratsaldean, argazkia atera nion, hitzak bakarrik ez baitira aski zentzugabekeriaren dimentsioa ulertzeko:

Testu hau “ilustratzen” duten argazkiok “zera” horren isla txiki bat baino ez dira. Esaterako, auto osoen txasisak daude, herdoilak eta kresalak janda, bihurritutako burdinen artean oraindik eserleku zirenak identifikatu daitezkeela. Beste testuinguru batean, batzuek pentsa lezakete povera artea dela, ready-made erakusketa baten instalazioa. Ez, ba. Txatarra da, txatar hutsa, arroketara botata edo arribatuta. Sky Princess edo Mein Schiffeko bidaiariek ederki asko ikus dezakete Superportuko bokaletik Getxorantz sartzen direnean. Ehunka metroko zabaleran metatutako enbor eta egur maremagnum bat ere badago. Hain da trinkoa ezen azpiko arrokak erabat estaltzen dituen. Atze-atzean, lanbroartean, merkataritza-portuko garabiak ikusten dira, zabor hondakin horiek guztiak eta portuko jarduerak paisaia eta seguruena jatorri bera dutela gogoraziz. Eta, arroketan, ahal bezala temati hazten diren itsas landareen artean, han eta hemen sakabanatuta, badira ere pneumatikoak, plastikozko ontziak, poliestirenozko puskak, etxetresna elektrikoen hondarrak, bidoiak, poltsak… Laburbilduz, aire zabaleko zabortegi bat da. Edonork bisitatu dezake, oinez joanda, gainera, erakundeek modernitatearen ikur gisa saltzen duten gurutzaontzien terminaletik abiatuta.
Ez dago ingurumen-ingeniaria izan behar argazkietan ikusten dena ulertzeko. Bertara joan behar da, ez besterik, urtetan hamarnaka aldiz egin dudan bezala. Eta fundamentuzko edozein salaketak zintzotasuna behar duelako, honako hau argitu nahi dut: lerrook ez dira txosten tekniko bat, ezta epai judizial bat ere; itsasertzeko tarte horren egoeraren berri ematen duen testigantza baino ez da, eta, nik dakidala, inongo administraziok ez du horri buruzko azalpen publikorik eman edo konpontzeko plan zehatzik jakinarazi. Ez da agertzen turismo-bulegoetako foiletoetan, ez da kabitzen Bilbok eta Getxok nazioarteko azoketan azken hogeita hamar urteotan behin eta berriz errepikatu duten “Guggenheim efektuaren” kontakizunean. Ez da agertzen, ez da kabitzen, komeni ez delako. Izan ere, gurutzaontzien postalaren ifrentzua da.

Salaketa zehaztu nahi dut, salaketaren tinkotasunak, suminduta egotetik harago, zehaztasuna eskatzen baitu. Esan dezakedana da, neure begiekin eta nire kamararekin egiaztatu dudalako, hondakin horiek guztiak urteak daramatzatela han, bertara paseatzera joaten den edonork ikusteko moduan. Eta milia eskas batera, erakundeek harro-harro erakusten duten terminala dago: Bizkaia luxuzko turismo-helmuga dela adierazten duen ikurra, jasangarria eta bikaintasun-bokazioarekin kudeatua, jakina. Ez daukat espediente, salaketa formal edo txosten teknikorik administrazio bakoitzak urte hauetan guztietan hondakin pilo honen aurrean ezer egin ez duela frogatzeko. Daudakana da begi-bistan dagoen ebidentzia, eta hortik eratortzen den galdera zilegi bezain beharrezkoa da: nola da posible egoera horrek irautea luxuzko gurutzaontzi bakoitzaren iritsiera hainbesteko mimoz kudeatzen den lekutik milia eskas batera?
Halaber, ezin dut zehatz-mehatz identifikatu argazkiotan agertzen diren hondakin guztien eta bakoitzaren jatorria. Baina, peritu izan gabe ere, edonork ondoriozta dezake hor ikusten diren hondakin gehienak –autoak, gurpilak, etxetresna elektrikoen hondarrak…– ez direla Atlantikoan barrena etorri. Bertan sortutako hondakinak dira, etxekoak zein industrialak, legez kanpoko isurketaren eta utzikeriaren ondorio. Hondakin horiek hor abandonatu dituzte jakinda inor ez dela garbitzera etorriko merezi duen premiaz. Horren lekuko da urte askotako esperientzia. Eta itsasoak dakarrena ere –egurra, erabilera bakarreko plastikoak, aparailu- eta sare-hondarrak– metatu egiten dira, garbiketa-plan bakar bat ere ez delako aplikatzen turismoa sustatzeko planak aplikatzen diren intentsitate berberarekin.
Horra hor, gordin-gordinik, gure erakundeen lehentasun-hierarkia erreala. Aurrekontua dago, langileak daude, bidaiak daude Miamira eta Hanburgora, 36,4 milioi euroko inbertsioa dago gurutzaontziak eroso porturatu daitezen. Kaiak elektrifikatzeko sistemak daude, plaka fotovoltaikoak, ingurumen-jasangarritasunari buruzko diskurtso oso bat dago, arreta handiz eraikia, Getxok eta Bilbok munduko itsasontzi-enpresen aurrean beraien burua helmuga “berde” gisa aurkez dezaten. Eta parafernalia horretatik hamabost minutura, txatartegi bihurtutako labar bat dago, eta badirudi erakundeek ez dutela inoiz aurkitzen egoera horri buelta emateko ez aurrekonturik ez unerik.
Ez naiz esajeratzen ari hipokrisia instituzionala salatzen dudanean. Izan ere, “hipokrisia” hitzak zehatz eta zorrotz adierazten du hemen deskribatutakoa. Euskadi ingurumen-bikaintasun eredu gisa sal daiteke Miamiko azoka batean, ustezko eredu horren kostaldea zabortegi bihurtzen den bitartean. Euskadi “apasionatzen duen eskala berde” gisa sal daiteke –esaldia literala da, sektoreak berak erabiltzen baitu publizitatean–, itsaslabar horietako faunak eta florak pneumatiko eta plastikozko bidoi tartean bizirauten duten bitartean. Gizateriaren Ondare den Bizkaiko Zubiaz presumitu daiteke, edota Bilboko Alde Zaharraz eta bertan diren Berpizkunde garaiko eraikinez, urruti gabe itsaslabar batek urtetako utzikeria pilatzen jarraitzen duen bitartean. Eta inongo erakundek ez du bere gain egoerari buelta emateko ardura serio hartzen.
Norena da, baina, ardura hori? Nire ustez, hiru dira, behintzat, kosta-zati horren gaineko eskumena duten erakundeak, eta hiruek muzin egiten diote azaroa begiratzeari, konponbidea besteek eman behar duten aitzakian. Hiru erakunde horiek dira Getxoko Udala, gurutzaontzien turismoa tokiko motor ekonomiko gisa jotzen duena; Portuko Agintaritza, portuko jabari publikoa kudeatzen duena eta bere kaietan zer gertatzen den ez dakiela nekez argudiatu dezakeena, eta Eusko Jaurlaritza, turismoa sustatzeko kanpainak finantzatu eta jasangarritasun-diskurtsoak egiten dituena, kostaldea garbitzea beste batzuen esku uzten duen bitartean. Gurutzaiontzi bat iristen den bakoitzean, dominak dotorezia handiz banatzen dituzte elkarren artean. Gurutzaontzien gerizpean geratzen den lotsa garbitzeko ardura, berriz, inork ez du bere gain hartzen. Berriro diot: hau ez da salaketa juridiko formala; urtetan neure begiekin ikusi ahal izan dudana baino ez dut azaltzen.

Prentsa-ohar instituzional batek inoiz egingo ez duen galdera oso sinplea da: zer pentsatuko lukete aurten Getxon lehorreratuko diren 150.000 bidaiari horiek, Alde Zaharrera eta Guggenheimera bideratu ordez, Aixerrotapeko kuxidadea ikustera eramango balituzte? Erantzuna begi-bistakoa da. Horrexegatik paraje hori edozein turismo-ibilbide ofizialetatik kanpo egongo da. Gurutzaontzien turismoak, ondo muntatutako eszenografia orok bezala, marko jakin bat erakutsi behar du, eta hortik kanpoko guztia ezkutatu.
Horixe da Guggenheim efektua deritzonaren ifrentzu edo txanponaren beste aldea, hiria berrantolatzeko euskal eredu arrakastatsuari buruzko txostenetan inoiz agertzen ez dena. Gure kostaldea aire zabaleko zabortegi bihurtuta, argazki ofizialaren ertzetik hamabost bat minutura, luxuzko hotel flotatzaileak iristen diren moilatik milia eskas batera. Eta Miamin jasangarritasuna eta bikaintasuna aldarrikatzen dituzten erakude horiek ez dute ezer egiten.
“Zatoz eta kontatu”, zioen Eusko Jaurlaritzaren Turismo Departamentuaren lelo hark. Bai, bai, zatoz eta kontatu… baina guztia, baita inork kontatu nahi ez duen gurutzaontzien terminaletik milia batera ikus daitekeena ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545