Astelehenero 8:00etan zure epostan
Rakelek jarri dio ahotsa gure gogoetari.
Gladysen omenaldian, Gladys gogoratzeaz gain, tarte bat uzten dugu beti aktualitateko gai bat jorratzeko. Aurten energia nuklearra aukeratu dugu, aspaldiko partez. Hemendik aurrera, hitzez hitz, tarte horretan partekatu dugun gogoeta…
Urte askotako gainbehera pairatu ondoren, energia nuklearra bueltan dago, edo, hobeto esan, nola edo hala suspertu nahian dabiltza, gure poltsikoaren eta, batez ere, gure segurtasunaren kontura. 2022an, Ukrainako gerraren ondorioz, Europak erregai fosilen horniketa-arazo latzekin egin zuen topo, eta Europar Batasunako agintariek, errealitatea mozorrotzeko berezkoa duten zinismoarekin, energia nuklearra “energia berde” gisa sailkatu zuten. Irango gerraren ondorioz, berriz, Ormuz itsasartea itxi eta fosilen horniketa-arazoak areagotu baino ez dira egin, eta horiekin batera, energia nuklearraren greenwashing edo zuritze-ahalegina. Horra zergatik orain dela hilabete bat, Txernobilgo hondamendiaren 40. urteurrenaren harira, memoria antinuklear aktibo baten beharra aldarrikatu genuen. Bada, aktibatu dezagun memoria eta hitz egin dezagun energia nuklearraz, omenaldi honetan aspaldi egin ez dugun bezala…
70ko hamarkadaren amaiera eta 80ko hasieran, Gladysekin batera, “Ez, ez, ez, nuklearrik ez” lelo indartsua ozen aldarrikatu genuen Euskal Herriko lau haizetara. Estatu frankista eta kapitala, espainola eta hemengoa ere, ordezkatzen zuen Iberduero (Iberdrola gaur egun) tematu ziren, herriaren iritziaren aurka, lau zentral nuklear ezartzen Hego Euskal Herrian. Lemoizekin izan zuten tema kriminala izan zen, eta, zoritxarrez, oso ondorio larriak pairatu behar izan genituen. EAJ/PNVk zioen energia mota hori gabe kandelak beharko genituela argiztatzeko, eta azak baino ez genuela izango jateko. Zorionez, Lemoiz gerarazi genuen, eta ez da kexa handirik egon argiztapenaren eta elikaduraren aldetik.
Urte asko pasa dira, Txernobilen eta Fukushiman istripu larriak gertatu ziren, larrialdi klimatikoan gaude, baina kapital globalizatua berriro tematu da energia nuklearra bultzatzen, dakartzan problema nagusiak gainditu ez dituenean: uranioarekiko mendekotasuna, segurtasun-eza, hondakinak eta kostua. Larrialdi klimatikoaren erantzuleak diren enpresa berberei entzun behar diegu gure onerako dela, deskarbonizazioa bultzatu behar dela. Baina deskarbonizazioari ekiteko, bide-orria argia da: gutxiago kontsumitzea eta energia berriztagarriak erabiltzea. Eta proiektu nuklear berri bakar bat ere ez dator ohiko beste energia kutsatzaileak ordezkatzera, ez, kontsumoaren gehikuntzak bultzatuta datoz, “gero eta gehiago” paradigmarekin bat (adimen artifizialarekin lotuta bereziki).
Hona hemen 2026ko gertaeretan oinarritutako datu batzuk berresteko energia nuklearra arriskutsua dela, garestia dela eta mendekotasuna sortzen duela:
– Belgika zazpi zentral nuklearrak nazionalizatzera doa, merkatuko legeen arabera errentagarriak ez direlako. Frantziak aurretik egin zuen. Espainian enpresek nahi dutena da estatuak gainkostuak ordaintzea eta segurtasun-eskakizunak murriztea.
– Istriputik 40 urtera Txernobilen inguruak erabat kutsatuta jarraitzen du, eta Ukrainako inguruko zentralekin batera arrisku izugarria da gerraren garaian. Iranen –eta edonon–, gauza bera, jakina.
– Uranioren prezioak gora jarraitzen du, eta, erregai fosilekin gertatzen ari den bezala, arazoak aurreikusten dira horniketan.
– Europan eraikitako azken zentral nuklearrak, Frantziako Flamanville 3, aurreikusitakoa baino lau aldiz garestiago izan da. Lau urtean egin behar zuten; 20 urte behar izan dute. Finlandia hiru urte lehenago antzera gertatu zen.
– Aurreikuspenen arabera udan, iaz gertatu zen bezala, Frantziako zentral askok deskonektatu beharko dira, edo moteldu, uraren eskasiagatik edo ura beroegi egoteagatik.
– Eta hondakinen arazoak konponbiderik gabe jarraitzen du. Izan ere, nola “konpondu”, nola bermatu milaka urte ere iraun dezaketen hondakin erradioaktiboen segurtasuna?
Datu gutxi horiek ikusita oraindik baten batek sinesten du energia nuklearra alternatiba ekologikoa dela?
Berriro diogu, bide bakarra dago, energia berriztagarriak bultzatzea, baina energia fosilak ordezkatzeko edo kontsumoa jaisteko, inola ere kontsumoa handitzeko.
Amaitu baino lehen, bi hitz Lemoizen mihi-arraina hazteko Eusko Jaurlaritzak orain dela gutxi aurkeztu duen proiektuari buruz:
– Proiektuak ez du bere egiten “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa, Iberdrola Basorda ingurumen aldetik leheneratzeko bere erantzukizunetatik libre uzten baitu.
– Alde bakarreko akordioa da, herritarren iritzia kontuan hartzen ez duena.
– Ez du zentralaren inguruko eremu osoa hartzen, zati txiki bat baizik, eta eremua leheneratzeko asmorik ez da inondik inora ageri.
Hau guztia kontuan izanda, Gladysen erailketaren 47 urtera ere, arestian esan bezala, memoria antinuklear aktiboa erreibindikatu beharrean gaude. Beraz, aldarrika dezagun: Ez, ez, ez, zentral nuklearrik ez!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545