Negu elurtsu, urte garitsu.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeko zuzendari Antonio Lopezek metroaren obran sortutako gainkostuen inguruan azalpenak emateari uko egin dio

2025-05-11 12:47

Donostiako metroaren obren jarraipen batzordeak joan den asteazkenean udaletxean egindako bileran, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeko zuzendari Antonio Lopezek metroaren obran sortutako gainkostuen inguruan azalpenak emateari uko egin dio. Halaber, Erdialde-Kontxako geltokiaren eraikuntza-lanetan gertatutako larrialdi-egoerari garrantzia kendu nahi izan dio. Hori dela eta, Satorralaiak azpiegitura-lan handi horren bultzatzaileek darabilten ilunkeria salatu eta gai horien inguruan are modu argiagoan informatu nahi du:

1.- Metroaren pasantea eraikitzeko gastuei buruz Eusko Jaurlaritzari egin genion informazio-eskaerari erantzunez joan den urtarrilaren 21ean Garraio Azpiegituren Zuzendariak bidalitako txostenak ez du zalantzarik uzten Mirakontxa-Easo zatiaren obretan sortu den % 162ko gainkostuari buruz, eta dokumentu hori ETSek izenpetuta dago. Izan ere, 53 milioietan (BEZa zenbatu gabe) esleitu ziren Mirakontxa-Easo tarteko obrak 2017ko abenduaren 18an, eta tarte hori eraikitzeko egun aurrikusten den kostua, berriz, 140 milioira igo da (BEZik gabe) dokumentu horren arabera. Dirutza hori, hain zuzen ere, “Mirakontxa-Easo 1. fasea” izeneko obran gastatutako 49’2 milioien –hau da, 2020. urtearen erdialdean Zubieta kaleko zuloa eta “indusketa-fronteetan aurreikusi gabeko ur-pilaketak eta hareak agertzearen” ondorioz obrak geldiarazi behar izan zituzten arte egindako lanen gastua – eta zati horren eraikuntza bukatzeko 2021ean esleitu zen “Mirakontxa-Easo 2. fasea” izeneko proiektu aldatua burutzeko egun aurrikusten den 90’6 milioiko gastuen batuketaren emaitza da. Satorralaiaren ustez, oraindik bukatu gabe dituzten “2. faseko” obren kostua esleipeneko 47’8 milioietatik egungo 90’6 milioira igo izana legez kanpokoa gerta daiteke gainera, Zerbitzu Publikoen Kontratazioari buruzko Legean gastuen gehikuntzari ezarritako mugak gainditu baititu.

2.- Eusko Jaurlaritzak ez du Donostiako metroaren gastuei buruzko informazio argi eta fidagarririk ematen. Horri dagokionez, jakinarazten dugu Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak gure informazio-eskaerari erantzunez Eusko Jaurlaritzak emandako informazioa zabaltzeko eskatu diola Garraio Azpiegituren Zuzendari María Dolores Juan de Miguel andereari. Izan ere, Batzordeak ohartarazi du Jaurlaritzak helarazi digun dokumentuan ETSk obraren gastuak “Obra Zibila” eta “Instalazioak” izenburuko atal sobera orokorretan agertzen dituela, eta gastuaren atal edo kontzeptu zehatzak gure informazio-eskaeran eskatutakoekin bat ez datozenez, horrek jarraipen bat egiteko aukera eragozten duela. Errekerimendu hori Garraio Azpiegituren Zuzendariak ez duela bete salatzen dugu, apirilaren 10ean erantzun bait du “gastuen zenbaketan eskatutako banakatzeak obra-ziurtagiri bakoitzaren xehetasunetan sartzea eskatuko lukeela” Aitzitik, azpimarratu nahi dugu aurkeztutako diru-kontuak partzialak direla eta kontabilizatu gabeko gastuak uzten direla. Horrez gain, BEZa (% 21) ez zenbatzea ere, zabalkunde publikora bideratutako dokumentuetan egiten ari diren beste tranpa bat da, aurrekaririk gabeko gainkostuak gertatzen ari direla disimulatzen saiatzeko. Egiazki, Donostiako metroaren egitasmoaren informazio-azterlanean jasotako 172 milioiko hasierako aurrekontua (BEZa barne) izugarri igo da, eta, ETSren dokumentuak BEZa zenbatu gabe ematen duen 232 milioiko zenbatespenari BEZari dagokion % 21 gehituta, 280 milioikoa izango litzateke gaur egun aurrikusitako kostua. Hau da, hasierako aurrekontua baino 108 milioi gehiago.

3.- Halaber, gezurtatu egiten dugu Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak martxoaren 21ean parlamentari baten informazio-eskaerari erantzunez emandako informazioa. Hasteko, deigarria da metroaren aurrekontu osoaren zenbatespenari dagokionean, ETSk bere txostenean emandako 232 milioiko kopuruaren eta sailburuak adierazitako 214’8 milioiko zenbatekoaren arteko aldea. Horri dagokionez, sailburuak 17 milioiko kalkulu “akats” bat egin duela ohartarazten dugu, hain zuzen ere obran egindako gastuen artean ez baititu kontabilizatu Morlanseko konexioan jada egindako gastuak (9 milioi gastatuta aurreikusitako 15’3etik), nahiz sarbide mekanizatuetan (4‘7 milioi gastatuta aurreikusitako 8″ 9 milioitik) zein instalazioetan eta ekipoetan (3’3 milioi gastatuta aurreikusitako 13’8 milioitik) egindako gastuak. Zenbatu gabe utzi dituen gastu horiek egin direla ETSren txosteneko tauletan jasotako datuetatik ondorioztatzen da. Gainera, kostuen igoera justifikatu nahian, sailburuak alegatu du “ETSk kontratu berriak” egin dituela, hala “Morlanseko konexioari buruz” nola Autonomia eta San Roke kaleen artean “igogailu bat jartzeari buruz”, besteak beste. Esan behar da, ordea, obraren elementu horiek ez direla gauza berria, proiektuan 2016tik aurreikusita zeudenez. Bestalde, sailburuak adierazi du “indusketa-lanak gaueko ordutegian geldiarazteagatik 3’6 milioiko ondare-erreklamazioei erantzun behar izan zaiela, auzotarren atsedena zaintzeko, nahiz eta kutsadura akustikoari buruzko legean ezarritako mugak ez gainditu”. Azken hori guztiz faltsua da, Amara Zaharreko, Zarautz etorbideko eta La Fé pasealekuko bizilagunek jasandako gaueko zaratek aise gainditu bait zituzten Udal Ordenantzan ezarritako 27 dezibelioak, eta etxeetara joan ziren UCOMeko (Udal Ordenantzen Kontrol Unitatea) kideek egindako neurketek 35-60 dezibelio arteko balioak eman zituzten. Hala eta guztiz ere, makinek denbora luzez jarraitu zuten gauez lanean, insomnioa, zefaleak, antsietatea eta nekea eraginez (txosten medikoak daude).

Erdialde-Kontxako geltokiaren eraikuntza-lanetan gertatutako larrialdi-egoerari buruzko informazioa:

Azkenik, Satorralaiak Eusko Jaurlaritzari egindako informazio-eskaera berri bati erantzunez Garraio Azpiegituren Zuzendariak apirilaren 24an bidalitako dokumentu batek 2023ko udatik 2024ko martxora bitartean Erdialde-Kontxako geltokiaren indusketa-lanetan larrialdi-egoera bat gertatu dela berresten duela jakinarazten dugu. Zehazki, txostenean adierazten denez, “larrialdi-kontratu hori 2023ko udan hasi zen, Mirakontxa-Easo tarteko 1+020tik 1+050era bitarteko kilometro-puntuen inguruan dagoen obrarako” –hau da, San Martin kaleko galtzadaren eta eraikinen azpian dagoen obragunean, Easo eta Urbieta kaleen artean. Dokumentuaren arabera, larrialdi-espediente horren arrazoia, lurpean proiektuan aurreikusita ez zeuden “buztinez eta material limo-hareatsuz betetako gune arrokatsu karstifikatuak detektatzea” izan da. Esaten duenez, lurpea sendotzeko eta haren estankotasuna hobetzeko erabili diren bitartekoak, indusketa-lanen tarte horretan “sostenimendua zertxa astunen bidez eustea” eta injekzioak erruz egitea izan dira, “hondeaketa-aurrealdetik eta elkarren artean gainjarrita egin diren 12 eta 15 metro bitarteko luzera duten taladro subhorizontalen abanikoekin, era horretan lurpeko barrunbeetan eta arroka karstifikatuko gainerako pitzaduretan zementu- eta mortero-esnea injektatzen dutenak”. Dokumentuak dioenez, “ez da izan ez berehalako arriskurik ez arrisku larririk eraikinentzat”, baina Erdialde-Kontxako geltokiaren indusketan gertatutako larrialdi-egoera horren garrantzia agerian geratzen da larrialdi-lan horien gastua 11’5 milioikoa izan baita (14 milioi BEZa barne). Hots, 2020ko ekainaren 5ean Kontxako hondartzaren azpian tunelaren indusketa-lanetan gertatutako ezbeharraren eta Zubieta kaleko eraikinaren zimenduen azpian sortutako zuloaren ondorioz egin behar izan zituzten larrialdi-lanen 2’7 milioiko gastuak nabarmen gainditu ditu honek. Obran sortutako arazo horren berri publikoki inoiz eman ote duten galdetuta, Garraio Azpiegituren Zuzendariak erantzuten du “espediente honi buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzaren Kontratatzailearen Profilean eta Kontratuen Euskal Erregistroan argitaratu zela”Hori ahal da herritarrak informatzea?

Satorralaia bizilagunen mugimendua

atzera
gora