Santa Ageda: Otsaileko lorea, ez balitz hobea; apirileko lorea, batez baino hobea; maiatzeko lorea, hura da florea!.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Europako Batzordeak energia aurrezteko egin behar duen proposamena dela eta, Eguzkiren iritzia

2026-04-19 22:35

Irudia: pixabay

Europako Batzordeak iragarri duenez, aste honetan energia aurrezteko neurri sorta bat proposatuko du 27en gobernuetako buruek Zipren hilaren 23an eta 24an egingo duten goi-bileran eztabaida dezaten. Helburua Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Ekialde Hurbilean piztu duten gerraren ondoriozko krisia arintzea da.

Ezagutzera eman dutenez, proposatuko dituzten neurri asko garraioarekin lotuta egongo dira, noski, hidrokarburoen menpe guztiz dagoen sektorea delako (eta, ondorioz, berotegi-efektuko gasak sortzen nagusia ere badelako). Ez omen dira neurri bereziki berritzaileak izango… telelana sustatzea, autobideetako abiadura-muga murriztea, hegaldi-kopurua apaltzea edota ibilgailu pribatuen erabilera sustatu ordez garraio publikoa sustatzea.

Nahi bezain eszeptikoak izan gaitezke neurri horien eraginkortasun-mailari buruz, baita ondorio guztiekin indarrean jartzeko duten benetako konpromisoari buruz ere. Geure buruari galde diezaiokegu ere ea horrelako proposamena egiteko gerra bat piztu arte itxaron behar ote zen. Baina, funtsean, ez dugu uste inork zalantzan jartzen duenik seinalatzen duten norabidea zuzena dela. Azken batean, zera proposatzen dute, mugikortasuna gutxitzea, erregai-kontsumoa murrizteko, eta, horretarako, garraio publikoa indartzea. Beraz, aukera berri bat dugu garraio-eredua aldatzeko (egia esan, zenbat aukera behar dugu? Zenbat utzi dugu orain arte alferrik pasatzen?). Eta garraio-ereduarekin batera, ekoizpen- eta kontsumo-eredua ere aldatzeko.

Izan ere (benetan sentitzen dugu diskurtso originalagorik egin ezin izatea), gure egungo  ekoizpen- eta kontsumo-eredua jasanezina da ingurumenaren aldetik, ezin baita planeta mugatu batean mugagabe hazi, baina sozialki injustua ere bada, teorian izugarri oparoa den gizarte batean, daukatenen eta ez daukatenen arteko arrakala gero eta handiagoa baita.

Eztabaida, beraz, gutxienez bi planotan egituratzen da: plano bat koiunturala, Ormuzeko krisiaren ondorioz, energia aurreztu beharrari lotuta; beste planoa, berriz, kointuratik harago doa, energia-, ekoizpen- eta kontsumo-ereduak aldatzeko beharrari lotuta. Eta bi plano horien artean, badago hirugarren bat, lehenengoan zein bigarrenean eragiteko giltza izan daitekeena: garraio- eta mugikortasun-eredu jasangarriagorantz pausoak emateko premia.

Gauzak horrela, logikoa al da gure aireportuetan hegazkinen hegaldi-kopurua urtez urte emendatzen dela ospatzen jarraitzea gure futbol-talde gogoenak sartutako golak balira bezala? Zentzuzkoa al da subflubiala eta antzeko proiektuen alde egiten jarraitzea? Eta auto pribatuaren erabilera sustatzen duten proiektu horietara bideratutako dirua garraio publikoa indartzera bideratuko balitz, Europako Batzordeak proposatzen duen bidetik?

Energia ez da “merkatuetan” soilik eragina duen produktu bat. Energiak eragiten du ekoizten diren produktuetan eta beraien garraioan, lan-baldintzetan, soldatetan, etxebizitza eskuratzeko eskubidean eta, oro har, bizitza ahalbidetzen duten alor guzti-guztietan, baita gure gizarteen osasun demokratikoan ere.

Horregatik Eguzkik energia-eredu berri bat eskatzen du. Eredu horren ezaugarrietako batzuk honako hauek dira: kontrol publikoa izango du, oligopolioek kontrolatuta egon ordez; sistemaren demokratizazioa, alegia; deszentralizatuta egon behar du, eta sustatuko da komunitate edo kooperatibek energia bertan sortu eta bertan kontsumitzea; horrek nahitaez desazkundea eskatzen du, ordenatua nahi genukeena, neurrigabeko ekoizpena eta gehiegizko kontsumismoa murriztuz; eta, oroz gain, erregai fosilekiko mendekotasuna atzean utziz, erregai fosilak kontrolatzeko anbizioa baita gerraren pizgarria.

EGUZKI, 2026ko apirila

atzera
gora