San Bizente hotza, neguaren bihotza.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Espezie migratzaileak ehizatzeko behin-behineko debekua eskatu du Eguzkik, hegazti-gripea gero eta zabaldugo dagoela ikusita

2025-10-31 16:03

Gripearen berri ematen duen kartela, Gallocantako antziretan. Bertan, gripeak jotako 250 kurrilo hilik aurkitu dituzte. Aragoin 500 bat oilo-haztegi konfinatuta daude.

Hegazti-gripearen agerraldi larri eta jarraitua ikusita, berehala espezie migratzaileen ehiza-denboraldia behin-behinean eteteko eskatu die Eguzkik foru aldundiei.

Europar Batasunak dagoeneko premiazko neurriak hartu ditu. Izan ere, hegazti-gripea mehatxu larria da biodibertsitaterako, osasun publikorako eta etxeko hegaztiak hazten dituzten baserritarren bizimodurako, noski. Eta kontuan izan behar da gaixotasunaren zabalkundean hegazti migratzaileek jokatzen duten funtsezko rola.

Informazio ofizialen arabera, hegaztiek gaixotasuna gizakiei zuzenean transmititzea oso ohikoa ez den arren, kutsatutako hegaztien eta pertsonen arteko kontaktuak, batez ere ehizaren eremuan, arrisku hori areagotu dezake. Birusa pertsonentzat kutsagarriago bihurtzeko arriskuaz ohartarazi dute adituek.

Gauzak horrela, Eguzkik premiazkotzat jotzen du hegazti basatiekiko zuzeneko kontaktua ahal den gehien murriztea, gaixotasunaren zabalkundea ez errazteko eta, horrela, fauna basatia, pertsonak eta etxeko hegaztiak eta beraiekin lan egiten dutenenen interesak babesteko. Horretarako, honako hauek eskatzen ditu:

  • Gripe-boladak iraun bitartean, hegazti migratzaileen ehiza etetea.
  • Herritarrei eta espresuki ehiztariei arriskuaren gaineko informazio argia ematea, batez ere hegazti gaixo edo hilak aurkituz gero. Herri guztiei begirako komunikazio-plan bat eratzea, hegazti gaixo edo hilak aurkituz gero nola jokatu behar den argi azalduz eta horien berri instituzioei emateko bide eraginkorrak zehaztuz.
  • Behin-behineko ehiza-debekualdia errebisatzea egoera epidemiologikoaren arabera eta indarrean dagoen legediaren arabera, betiere zuhurtasun-printzipioa, osasun publikoa eta biodibertsitatea hobetsiz.

EGUZKI, 2025eko urriaren 31a

Argazkian, kurriloak. Hegazti migratzaileak dira gripea kutsatzeko faktore garrantzitsua. Iturria: Diego Delso delso.photo / Wiki.

 

atzera
gora