Asteroko buletina
Edozein belar pila ez da meta.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Errekalde-Galarreta bidegorria eraikitzeko hirugarren proiektua hiru urteko epean

2025-02-17 18:24

Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean ipini du Errekalde-Galarreta bidegorri-proiektu berria, hirugarrena hiru urteko epean. Aurreko proiektuak bezala, honek ere bi albiste dakartza, bata ona eta bestea txarra.

Albiste ona da bidegorriari lekua egiteko GI-2132 errepidearen ardatza pixka bat mugitu izana. Horri esker, proiektuak zuhaitzetan izango duen eragina leundu ahal izango da. Eragin hori kezka-iturri zen guretzan eta kezka-iturri izaten jarraitzen du, batez ere harizti-eremu bat tartean dagoelako.

Albiste txarra, berriz, zera da, proiektuak jarraitzen duela behar baino estuagoa izaten; izan ere, 3 metro zabal baino ez ditu. Baina Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek –Errekalde-Galarreta bezalakoek, alegia– 4 metro zabal behar dituzte. Zenbat eta zabalera gutxiago, gero eta txirrindulari eta oinezkoen arteko arazo gehiago izateko aukera, jakina. Horra hor zer gertatzen den Lezo eta Donibatne bitartean ireki berri duten bidegorrian paseoa pixka bat naimatzen denean.

PROIEKTUEN ARTEKO DESBERDINTASUNAK

Lehen proiektua 2022ko udaberria ipini zen jendaurrean. Idatzi zutenek bidegorria nahitaez eta ahal bezala “enkajatu” behar izan zuten GI-2132 errepidearen eta Defentsa Ministerioaren Lore toki finkaren artean, bata zein bestea ukiezinak zirelarik. Horren ondorioz, lehengo bidegorri-proiektu hark batez beste 3 metro zabal zituen, bai, baina zabalera hori zenbait puntutan nabarmen estutzen zen, baita 1,80 metrora estutu ere.

Bigarren proiektua iazko udan ipini zen jendaurrean. Militarren lursailak ez ukitzeko baldintza malgutu zen. Horren ondorioz, hiru metro zabaleko bidegorrian estualdiak desagertu egin ziren.

Hirugarren proiektuan GI-2132 errepidea ez ukitzeko baldintza ere malgutu egin da. Beraz, esan bezala, bidegorria pixka bat errepiderantz mugitu ahal izango da. Horri esker, Chillida Lekun eta bertako zuhaitzetan eragina leunduko da. Hori bai, bidegorriak 3 metro zabalera izaten jarraituko du.

Gainerakoan, ez dugu proiektuetan aldaketa handirik ikusi:

 

Lehenengo proiektuaren arabera, bidegorria Galarretako biribilguneraino iristen zen. Bigarren eta hirugarrenaren arabera, berriz, Galarretako Eremuko mugaraino baino ez da iritsiko. Hernaniko Udalak badu eremu horretarako plan bat, bidegorri bat ere aurreikusten duena, eta horrekin lotuko da.

ATZERAPEN HANDIA

Hemendik aurrera esan behar duguna behin baino gehiagotan esan dugu, baina errepikatzea beharrezkoa iruditzen zaigu…

Errekalde eta Galarreta bitartekoa da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera dagoeneko eginda beharko luketen baina oraindik egin gabe jarraitzen duten bidegorri horietako bat. Zehatz-mehatz, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar zuen.

Bazirudien Aldundiak berak zeharo ahazturik zuela, planifikatutako beste hainbat bidegorri bezala, harik eta orain dela hiru urte lehen lerrora pasatu zen arte, Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguék espresuki errebindikatuta. Horrela, 2021eko urtarrilean Aldunditik iragarri zuten 2022ko udan bidegorria museoraino, behintzat, eginda egongo zela. Iragarpena ez zen orduan bete eta 2025ean, Chillidaren mendeurrenaren urtea pasatuta ere, bete gabe jarraitzen du.

Nolanahi ere, esan bezala, Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da, eta Errekalde-Galarreta atzeratutako bidegorrietako bat baino ez da. Kontuan izan sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo.

EGUZKI, 2025eko otsaila

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora