Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka; ez santu guztiekin erreguka

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Errefusako 3 edukiontzitatik 2k irekita jarraitzen dute Lasarte-Orian

2026-03-24 17:07

Errefusako edukiontzi gehien-gehienak irekita daude. Kasu honetan, kaxa bat ipini dute propio ahoa behartzeko.

Orain, martxoan, Lasarte-Orian errefusako edukiontziak itxi zireneko bigarren urteurrena izan da. Hori dela eta, Eguzkik edukiontziok banan-banan bisitatu ditu jakiteko benetan itxita dauden –behar den bezala, eta, ondorioz, irekitzeko txartela erabili behar den– edo berez irekita dauden –txartela erabiltzeko beharrik gabe–. Ariketaren emaitza oso argia da: errefusako edukiontzien %65,1 irekita daude eta %34,8 itxita. Hau da, gehien-gehienak, 3tatik 2, irekita daude txartela erabili behar izan gabe (1).

Beraz, Udalak gaikako hondakin-bilketa hobetzeko ezarri duen neurri garrantzitsuena ez da behar bezala funtzionatzen ari. Gauzak horrela, normala da Lasarte-Oriak lortu ez izana Europako Zuzentarauak eta Hondakin Legeak 2025erako ezarritako gutxienekoa, %55, alegia. Are gehiago, urtebete geroago ere lortu gabe jarraitzen du.

Iaz, irla askotan, eskuineko edukiontzia ipini zuten ezkerrekoaren ordez. Eredu berria sendoagoa delakoan. Baina egia esan, eredu batekoak zein bestekoak daude irekita.

Udal-gobernuak orain dela egun batzuk esan duenez, azken urteotan hartutako neurriei esker, gaikako bilketak %50 gainditu du Lasarte-Orian, eta herria “Europako araudiak ezartzen dituen estandarretatik oso hurbil dago”. Hori funsgabeko autokonplazentzia da (ikus 2), itxita egon beharko luketen edukiontzi gehienak irekita egoteak, eta, azken batean, hartutako neurriak behar bezala ez funtzionatzeak berriz ere agerian uzten duena.

EGUZKI, 2026ko martxoa

(1) Orain dela bi urte, errefusako 70 bat edukiontzi itxi ezarri zituela esan zuen Udalak. Martxoaren 7an eta 8an, 52 irla bisitatu ditu Eguzkik (irlak edukiontzi-multozak dira) eta horietan, guztira, errefusako 66 edukiontzi aurkitu ditu. Hau da, seguruena bakarren bat oharkabean pasatu zaigu, baina, salbuespenak salbuespen, herrian dauden guztiak bisitatu ditugu. Ariketaren emaitza oso argia da: 66 edukiontzietatik 43 irekita daude (%65,1) eta 23 itxita (%34,8%). Gainera, itxita dauden edukiontzi batzuen ondo-ondoan beste batzuk irekita daude. Esan beharrik ez dago horrek itxitakoen funtzioa neurri handi batean galaraziko duela. Hona hemen bisiten emaitza, xehe-xehe:

(2) Hondakin-kontuetan, Lasarte-Oriako udal-gobernuaren kudeaketa eskasa eta gehiegizko autokonplazentzia salatu ditu Eguzkik | Eguzki Talde Ekologista

atzera
gora