Astelehenero 8:00etan zure epostan
Errausketaren Aurkako Mugimenduko hainbat kidek gaur goizean prentsa-agerraldi bat egin dute larunbatean, hilak 23, 13:00etan, Foru Aldundiaren aurrean egingo duten elkarretaratzearen berri emateko. Hona hemen agerraldiaren edukia…
Herritarrei dei egin diegu berriro ere gure protesta oihukatzera. Gure protesta entzun dadila hemen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian, Zubietako erraustegi kutsatzailearen erantzukizun nagusia daukan erakundearen aurrean. Eta protesta entzun dadila Donostian, Gipuzkoako hiriburu ustelean.
Bai, Donostia hiriburu ustel bat da, barrutik ustela dagoen Kantauriko perla polita, turistak inpresionatu nahi dituen hiri zabor-sortzailea, “kanpo eder, barren zikin”. Mobilizazio honetako afixan salatzen dugunez, hondakinekin Donostiako udalak kudeaketa lotsagarria egiten du.
Donostia Bizirik, Errausketaren Aurkako Mugimenduko elkartea, urtero ari da Donostiako hondakinen jarraipena egiten eta salatzen Udalak ez duela kudeaketan urrats txukun bat ere ematen. 2025eko datuak ezagututa eta kaleko edukiontzietan zer-zenbat-nola biltzen den aztertu ondoren, Donostia Bizirikek herritarrei hala jakinarazi die: zoritxarrez, sorpresarik ez da Donostian; hondakinen %41,6 bildu da gaika, 2024an baino gutxiago; Gipuzkoak osorik hartuta lortzen duen %57 baino askoz gutxiago; Europako Elkarteak 2025rako jarritako %55eko minimotik urruti; oso urruti Gipuzkoako herri askok lortzen duten %70 eta %80tik.

Gaur goizean egindako prentsa-agerraldia.
Donostia da Gipuzkoako herrien artean gutxien birziklatzen duena, gero eta diferentzia handiagoz gainera. Eta, horrela, Donostia da Zubietako erraustegi kutsatzailea gehien elikatzen duena. Donostiako udaleko agintariak: non duzue lotsa? Noiz hasiko zarete zuek sortutako hondakinak arduraz bildu eta kudeatzen?
Bitartean, Zubietan Erraustegiak jarraitzen du gau eta egun hondakinak erretzen. Mundu osoko adituak ari zaizkigu ohar nabarmenak egiten erraustegiez: urtetik urtera pilatzen ari dira Erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak. Gure artean ToxicoWatcheko ikerlariek erakutsi dute zenbat pozoi ari den zabaltzen Erraustegia inguruko lur, aire eta uretan. Eta pozoi horien azken biltegia geu gara, inguruko landareak, animaliak… eta pertsonak: gu geu eta gure ondorengoak, geu gara hondakinak erretzearen kalteak nozitzen ditugunak.
Hemen gaude, berriz ere, gure protesta azaltzeko. Donostiako eta Gipuzkoako agintariok: ez egin ez-ikusia Erraustegia egiten ari den kalteei, joka ezazue arduraz, hartu kontutan adituek egindako oharrak, antolatu hondakinen kudeaketa egokiak.
Gipuzkoako eta Donostiako agintariok: gelditu ezazue Zubietako erraustegi kriminal hori!
Eta mezu bat herritarroi: jarrai dezagun bai protesta egiten eta bai hondakinak gure inguruan ondo kudeatzen. Badakizue: hondakinik onena, sortzen ez dena.

EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545