Asteroko buletina
Urtarrila euritsu, urtea dirutsu.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Errausketaren aurkako giza katea, igandean, Kontxan

2024-09-04 18:51

Errausketaren aurkako giza kate berri bat egingo da igandean, hilak 8, Donostian. Hitzordua 11:00etan izango da, Alderdi Ederren. Hona hemen Errausketaren Aurkako Mugimenduak gaur arratsaldean bertan eskaini duen prentsaurrekoan azaldutako arrazoiak…

Errausketaren Aurkako Mugimendua aurten ere mobilizatuko da Donostiako estropaden egunean. Donostiako eta, oro har, Gipuzkoako jendearentzako egun handia den horretan giza kate batekin azalduko dugu gure protesta Zubietako erraustegiaren kontra eta salatzeko hondakinen kudeaketan bereziki Donostiako udala egiten ari den kudeaketa negargarria.

Donostia liderra omen da turismoan. Gipuzkoako jauntxoek eta Gipuzkoako Foru Aldundian bezala Donostiako Udalean agintzen dutenek ondo saltzen dute hiriburu honen edertasuna mundu guztitik turismoa erakartzeko. Baina zaharrek esaten zuten moduan… “kanpo eder, barren zikin” da Donostia. Hondakinen turismoan ere liderra baita Donostia: inguru guztitik dirua, ondasunak eta jendea erakarri… eta berak sortu eta gaizki kudeatutako zaborrak inguru guztira esportatu: horra Donostiaren zabor turismoa.

Zubietan eraiki duten erraustegi munstro horrek hasieratik eduki ditu hamaika matxura, oker, istripu, isurketa eta kutsatze. Batzuk herritarren begi eta belarrietaraino iritsi dira. Zubietako Arkaitzerreka erre zuten, geroztik han ez da ez arrai eta ez beste bizidunik. Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak Artaxoako hondakin planta bat itxi behar izan zuen… eta hala jakin genuen Gipuzkoako agintariek modu ilegalean 5.500 tona hondakin kutsatu bidali zutela hara.

Badira, ordea, kutsatze are handiagoak herritarrei ezkutatzen zaizkienak. Erraustegiak 100 tona hondakin erreta 3 tona errauts oso toxiko sortzen ditu… eta milaka tona horiek “zabor turismoa” egiten dute Gaztelako Santovenia de Pisuergaraino. Horiez gain, erraustegiak sortutako zepa edo eskoriek askoz tona gehiago osatzen dituzte eta horiek bazter guztietara bidaltzen dira Zubietatik, bertederoetara edo zementu-fabriketara, azpiegitura handietan ezkutatzeko. Eta milaka tona CO2 zabaltzen ditu atmosferan: erraustegia izango da Gipuzkoan klimaren aldaketa eragiten duen gai hori gehien aireratzen duena.

Asensio jauna, EAJko eta PSEko agintariok: horra zuek etengabe sortzen duzuen “zabor turismoa”! Pozoi hutsa!

Gaur arratsaldeko prentsaurrekoa, Kontxan bertan, euripean.

Alabaina, Gipuzkoako herritarrok ere geure soinean jasotzen dugu alferrikako erraustegi zikin eta garesti horren kutsadura. Guk eta gurekin bizi diren animaliek, landareek eta izaki bizidun guztiek biltzen dituzte Zubietako tximiniek zabaldutako dioxinak, furanoak, metal astunak eta PIFAS edo “kutsatzaile eternoak”.

Joan den maiatzean Herbeheretako ToxicoWatch fundazioko ikertzaileek azken bost urteotan erraustegiaren inguruetan jasotako laginen analisien emaitzak publikoki azaldu dituzte, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan bertan ere. ToxicoWatchek bost urteotan egindako neurketetan emaitza oso kezkatzekoak azaldu dira, inguruko lur-zoruan, uretan, goroldiotan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direlako dioxina, PCB, metal astun eta PIFAS kutsatzaileen igoerak. Gipuzkoako agintariok: erraustegi kutsatzaile hau itxi ezazue behingoz!

Gipuzkoan ondo dakigu hondakinak kudeatzeko badaudela errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Baina alferrikako erraustegi hau gelditu ahal izateko, beren politikak aldatu behar dituzte oraindik hondakinak modu basatian kudeatzen dituzten udal eta mankomunitateek. Eta bereziki Donostiak: ez da onargarria Donostiako agintariek gai honetan jokatzea hain zabar, hain zikin, hain axolakabe. Ez gaikako bilketa txukunik, ez organikoaren gaikako bilketa orokorturik, ez hondakinen murrizketa eraginkorrik… Donostia da zabor turismoaren hiriburua eta Gipuzkoa osoaren lotsaizuna.

Erraustegia ixteko eskatzeko eta hondakinen kudeaketa eraginkor bat exijitzeko, giza katea antolatu dugu Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta, irailaren 8ean goizeko 11:00etan.

EZ, EZ, EZ: ERRAUSKETARIK EZ! – Ez Zubietan, ez Bergaran eta ez inon!

DONOSTIA BIZIRIK

LARRAMENDIKO ARNASA

ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUA

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora