Astelehenero 8:00etan zure epostan
100 gramo angula osatzeko, 250-300 ale behar dira.
Eguzkik uste du 2025-2026ko angula-kanpaina bertan behera uzteko erabakia DERRIGORREZKOA zela, eta, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak EGIN ZEZAKEEN GUTXIENEKOA zela. Gauzak horrela, espero dugu Jaurlaritzak Euskadiko Anguleroen Elkartearen presioen aurrean amore ez ematea. Izan ere, Elkarteak kosta ahala kosta arrantzatzen jarraitu nahi du, espeziaren gainbehera izugarria frogatzen duten datu zientifikoei jaramonik egin gabe. Datu horiek “eztabaidaezinak” dira, Arrantza kontseilariorde Leandro Azkuek orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrean agerian utzi duen bezala (1).
ZERGATIK ZEN DERRIGORREZKO ERABAKIA?
Jaurlaritzak esan du erabakia “azken txosten zientifikoetan oinarrituta” hartu duela. Ados. Baina azken txosten horiek zientzialariak aspalditik esaka ari direna berrestera datoz, alegia, espeziea egoera kritikoan dagoela, segurtasun-muga biologikoetatik kanpo. Gure errioetan gaur egun doi-doi iristen dira 70 eta 80ko hamarkadetan iristen ziren angulen %9a. Iaz, Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantza-kuota, irizpide zeharo arbitrarioen arabera ezarritakoa, 550 kilokoa izan zen. Bada, horietatik 200 ere ezin izan ziren arrantzatu, anguleroek berek lonjan deklaratu zutenaren arabera, behintzat. Eta kontuan hartu behar da arrantzarako egunik aproposenak aukeratu zirela. Gauzak horrela, aurtengo kuota zenbatekoa izan zitekeen? Berriz ere 550 kilo? 200? Izan ere, badakigu –kontseilariordeak berak esan zuelako– AZTIri kuotaren bat kalkulatzeko eskatu ziotela, txikia izan arren, ea aurten ere nola-halako kanpaina ahalbidetu zezakeen. Ez zen modurik izan, datuak, Azkuek esan bezala, “ukaezinak” direlako.

Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua (ICES) Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen erakunde zientifikoa da. Grafiko hau azaroan argitaratu zuen txostenetik berreskuratu dugu, Angularen gainbehera islatzen du.
Gainera, arrantzatzen jarraitzeko lege-arazo potoloa dago: Arartekoak ekainaren 4an gai honi buruz argitaratu zuen ebazpen bat, ia puntuz puntu ekologistok defendatu dugunarekin bat datorrena. Ebazpen hartan Arartekoak egurra eman zion Jaurlaritzari, gogotik eman ere (2). Ohartarazi zuenez, Jaurlaritzak angularen inguruan onartu zuen profesionalizazio-dekretuaren “helburu nagusia (hau da, espeziearen arrantza profesionalizatzea) ez dator bat Europar Batasunean alor honetan indarrean dagoen erregulazioaren helburu nagusiarekin (hau da, aingira babestea)”. Arartekoak gehitu zuen ez zegoela Jaurlaritzaren erabakia justifikatzen zuen txosten zientifiko eta teknikorik. Gauzak horrela, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailari gomendatu zion “angularen arrantzaren erregulazioa berrikustea susta dezala, EBko zuzenbidetik eratorritako aingira europarraren populazioa berreskuratzeko eskatzen diren neurrietara egokitzeko”.
Egia da Arartekoak “gomendatu” baino ezin duela egin. Baina zauri baten gainean piko egin zuen. Izan ere, lehenago ere, 2024ko otsailaren, dekretuaren gabezia horiek guztiak agerian utzi zituen Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren txosten batek. Jaurlaritzak ezikusiarena egin zuen, txostena ez zela “loteslea” argudiatuz. Honen aurrean, Arartekoak zera esan zuen: “Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena loteslea ez bada ere, lotesleak dira horren txosten zorrotzak jasotzen dituen gogoeta juridikoak”.
Beraz, esan bezala, Jaurlaritzak kanpaina bertan behera uztera derrigortuta zegoen, eta, gainera, egin zezakeen gutxienekoa zen.
ZERGATIK ZEN EGIN ZEZAKEEN GUTXIENEKOA?
Kontseilariordea Parlamentuan kanpainaren suspentsioa defendatzen ikustea “arraroa” egin zitzaigun. “Arraroa”, erabili zituelako ekologiston argudioak, 2023tik angula-arrantza profesionalizatzeko dekretua izapidetzen hasi zenetik entzun nahi izan ez dituen argudio horiexek.
Baina “arraroa” izan ala ez, ez dago bueltarik: txosten zientifikoek agerian uzten dutenez, Angula Kudeatzeko Plana 2008tik indarrean dagoen arren, “ez dago espeziea suspertzen ari den zantzurik”, “ez gara EBren heleburuetara hurbiltzen ari”, eta “arrantzaren ondoriozko hilkortasunak ere behera egin ordez gora egiten jarraitzen du”. Errealitatea “egoskorra” dela esan zuen kontseilariordeak, eta datuak “eztabaidaezinak”, “ukaezinak”.
Horregatik esaten dugu Jaurlaritzak kanpaina bertan behera uztea zela egin zezakeen gutxienekoa, zeren eta, datuak ikusita, askoz logikoagoa baitirudi aingira zuzen-zuzenean Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko izapideak egiten hasteak.
ANGULEROEN ELKARTEA: JAURLARITZAK BEKATUAN DU PENITENTZIA
EBren 2023ko Erregelamenduak, aingiraren egoera kritikoa ikusita, arrantza profesionala are gehiago mugatu eta aisialdikoa debekatu egin zuen. Aisialdikoa zen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan legez egin zitekeen angula-arrantza mota bakarra. Anguleroek orduan sortu zuten elkartea, eta horrekin, eta horrekin soilik, negoziatu zuen Jaurlaritzak profesionalizazio-dekretua. Horren bidez, eta EBren Erregelamendu berrira egokitzeko aitzakian, Jaurlaritzak iskin egin nahi zion angularen aisialdiko arrantzaren gaineko debekuari. Klientelismo adibide garbi gisa salatu genuen.
Baina Jaurlaritzak bekatuan izan du penintentzia. 2025-2026ko angula-kanpaina bertan behera utzi zuenetik, elkartea guztiz oldartu zaio. Ez du arrazoirik atenditzen, eta Jaurlaritzak berak “oparitu” zion dekretuak ahaldunduta, epaitegietara jotzeko mehatxua egiten du. Elkarteak horretarako legezko argudio sendoak dekretuan aurkituko balitu, Jaurlaritzak harekin egin zuen hanka-sartze erraldoiaren adibide berri bat izango litzateke.

Testuinguru honetan “konturatu da” kontseilariordea elkartea ez dela berak espero bezain profesionala, edo, behintzat, ez da profesionala espero zuen moduan. Horren inguruko hainbat datu eman zituen, eta datuak honako esaldi honekin biribildu zituen: “[Elkartekoak] angularen profesionalak dira, [angula arrantzatzeko] lizentziarekin batera titulu hori eman diegulako; baina, gainera, arrantzale profesionalak izatea ere nahi dugu”. Gure ustez, nahiko esaldi adierazgarria da.
Honi dagokionez, profesionalizazio-dekretua izapidetzen hasi zen une beretik, Eguzkik salatu zuen, Europako legeriari iskin egiteko, existitzen ez zen sektore profesional bat artifizialki sortzen ari zirela, edo, aitzitik, inplizituki aitortzen ari zirela jarduera profesional hori existu, existitu egin zela, baina aisialdi-jarduera gisa kamuflatuta. Eta, jarduera sasiprofesional hori urtetan ingurumen-kontrol egokirik gabe eta gainerako jarduera ekonomikoek dituzten baldintzetatik at egin zela. Hori esanda, elkarteak arrazoirik atenditu nahi ez izateak ere urruntzen du gremioko beste entitate profesionaletatik, kofradietatik, alegia. Izan ere, kofradiak ez dira talde ekologistak, arrantzale profesionalez osatutako erakundeak baizik. Eta hala ere, profesional gisa, antxoa arrantzatzeko debekua onartu zuten, espeziea suspertzeko ezinbestekoa zela ulertuta. Zorionez, neurriak frutiua eman zuen eta gaur egun antxoa arrantzatzen jarrai dezakete. Une honetan, antzeko zerbait gertatzen ari da berdelarekin. Anguleroen Elkarteak, aldiz, ez du aurtengo kanpaina bertan behera utzi izana ametitzen; beraz, atera kontuak espeziea suspertu arteko debekua planteatzen bada, antxoarekin planteatu zen bezala. Elkartean sinistuta daude “debekuak ez duela angula salbatuko”, eta ematen du errioetan geratzen den espeziearen kondarra harrapatzeko “eskubidea” erreibindikatzen dutela, “beste batzuek egiten duten bezala”.
ARRANTZAREN ERANTZUKIZUNETATIK HARAGO
Aingiraren inguruan kontraesan handiak daude. Beharbada handiena da ale helduak arrantzatzea debekatuta dagoela eta kumeak, berriz, baimenduta. Argi dago agintariei eskatu behar zaiela legea ezkontzeko behingoz espeziearen egoerarekin.
Baina arrantzaleek beren erantzukizuna ere badute. Arrantza ez da aingiraren gainbehera eragin duen faktore bakarra, ados, baina bada faktore erabakigarri bat, eragin zuzen eta sendoa duelako espezieko kumeengan.
Salerosketan ibiltzen direnek ere badute beren erantzukizuna, tartean, sukaldariek. Batzuk, adibidez Andoni Luis Aduriz, aspaldi konprometitu ziren espeziarekin (3). Beste batzuk ez, espeziea komertzializatzeko debekurik ez dagoela argudiatuta (4). Eta angulen kontsumoaren apologia modu lizunean egiten duenik ere bada (5).

Andoni Luis Adurizen orain dela gutxiko posta. Merezi du irakurtzea ikusteko zer esaten duen, zergatik esaten duen eta nola esaten duen. Ez da gai honen inguruan bere iritzia plazaratu duen lehen aldia.

Baina guztiek ez dute gauzak hark bezala ikusten, jakina.
Angularen neurriz gaineko prezioa ez da disuasioa, alderantziz baizik. Orain dela gutxi egindako ikerketa batek agerian utzi duenez (6), luxuzko merkatuaren mekanismo gaizto bat elikatzen du. Mekanismo horrek espezie arraro eta ondorioz garestien kontsumoa estatusaren erakustaldi bihurtzen du, espeziearen kaltetan.
Aingira erremediorik gabe desagertzera arrastatzen duen katea apurtu egin behar da, ahal den azkarren eta ahal den katebegi guztietan, baita kontsumitzaileenean ere, noski. Eta horretarako hauek dira urteko egun aproposenak. Deitu planetarekiko enpatia, edo, besterik gabe, sen ona, zentzu pixka bat: 100 gramo angula osatzeko, 250-300 ale behar dira, 250-330 aingira-kume, alegia. Ez jan biodibertsitatea mokaduka, kiloa 1.000 edo 1.200 eurotan ordain badezakezu ere.
EGUZKI, 2025eko abendua
(1) Eusko Legebiltzarra – Jarduera – Bilkura parlamentarioak – Bilaketa aurreratua – Batzordeak
(3) Instagram
(6) The Society for Conservation Biology edota (laburpen-oharra) La anguila, al borde de la extinción por su escasez y por el deseo humano de exclusividad
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545