Intxaur urte, arto urte

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Eguzkik salatzen du Azkoitiko gobernuak berriro urratu nahi duela Urola ertzean babes-saretak ipintzeko oposizioarekin adostutako aurrekontu-ituna

2026-11-10 14:41

Bizkargi kaleko baranda-zati honetan oraindik ez dira saretak ipini, aurrekontu-hitzarmena urratuz.

Aurtengo aurrekontuetan, Azkoitiko gobernuak berriro 18.000 euroko partida bat hitzartu zuen oposizioarekin, Urola ertzeko barandetan babes-saretak jartzeko eta, horrela, ibaira plastikoak eta beste hondakin batzuk eror daitezen eragozteko. Zehazki, Altzibarko 41 zenbakiko aparkalekua eta Juin kalea eta Azkoitia-Azpeitia bidegorria lotzen dituen tartean ipini behar ziren saretak. Baina tarte horretan 170 metrok babes-neurririk gabe jarraitzen dute, 72k Altzibar inguruan eta 98k Bizkargi kalean.

Gogoratu behar da Eguzkik, aurtengo martxoaren 12an, proposamen tekniko bat aurkeztu ziola Udalari, foru-dirulaguntzak eskatu eta aprobetxatzeko, 18.000 euroko partida horri ahalik eta etekin handiena ateraz.

Baina joan den urriaren amaieran, udal-gobernuak Eguzkiri jakinarazi zion urte hasieran laguntzak Aldundiari eskatu zizkiola, soil-soilik saretak jartzeko, eta honako hau gaineratu zuen: “Zoritxarrez, dirulaguntza horretan ezezkoa jaso zuen, beraz, aurten behintzat ez da aurreikusten lan horiek egingo direnik, baina, kontuan hartuko dugu behar hori dagoela, datorren ekitaldian eskaera berriz egiteko”.

Eguzkik gogorarazi nahi du zein zen Azkoitiko Udalari Urola ibaia babesteko eta garbitzeko aurkeztu zion proposamen teknikoa. Norgehiagoka antzuak bilatu beharrean, Eguzkiren planteamenduak erakusten zuen fronte guztietan irabaz zitekeela: ibaia babestuz, emaitzak blindatuz eta euro publiko bakoitza optimizatuz.

Eguzkik martxoan Alkatetzari eta Ingurumen Departamentuari helarazitako txosten teknikoak ohartarazten zuen dirulaguntza soilik prebentziorako eskatzeak gehienez 10 puntu ematen zituela, eta horrek Aldundiaren dirulaguntza ez lortzera ekarriko zuela, Aldundiak gutxienez 40 puntu eskatzen zituelako. Aukera teknikoa argia zen: saretak ibaia garbitzeko hainbat neurrirekin bateratzea. Horrela, 45 puntu lortuz eta aurrekontuetako 18.000 euroen % 50 eta % 70 arteko foru-finantzazioa ziurtatuz, sareta guztiak jartzea ez ezik ibaiaren kilometroak garbitzea ere ahalbidetzen zen, eta prezio berean. Hemen Eguzkik 2026ko martxoan argitaratutako testua, non Udalari helarazitako proposamen teknikoaren berri ematen zen: Eguzkik proposamen tekniko bat aurkeztu dio Azkoitiko Udalari, Urola ibaia garbitzeko | Eguzki Talde Ekologista

Irizpide tekniko hori aldez aurretik ezagutu arren, Udalak laguntza modu isolatuan izapidetzea aukeratu zuen, eta horrek aurreikusita zegoen porrotera kondenatu zuen eskaera; ondoren, Aldundiaren ukapen hori bera baliatu da aitzakia gisa aurrekontuetan adostutakoa ez gauzatzeko.

Deigarria da, adarjotze hutsa dela ez esateagatik, nola den posible udal-gobernuak ziurtatzea «hurrengo urtean kontuan izango duela». Kontuan izanda Eguzkik txosten teknikoan ohartarazi zion bezala, gutxienez 40 puntu lortu behar zirela. Udalaren eskaerak, baino, 25,14 puntu baino ez zituen lortu. Aldundiaren ebazpenean garbi esaten da: «7. oinarriko 2. klausulan ezarritakoaren arabera, ez dira diruz lagunduko 40 puntura iristen ez diren jarduketak». Udalak formula oker eta alferrikako bera errepikatzeko asmoak agerian uzten du gobernuak etorkizunari begira egiten duen promesa aitzakia hutsa dela, kudeaketako gaitasunik ezaren sintoma nabarmena.

Udalaren aitzakia erabat bertan behera gelditzen da egiaztatzean, gutxienez maiatzaren erdialdetik jada 360 metro sareta jarrita daudela Juin kalea Azkoitia-Azpeitia bidegorriarekin lotzen duen bidean, Udalak aurrekontuetan adostutakoaren zati bat horrela betez. Honek frogatzen du lana ez zegoela inoiz foru-dirulaguntza baten menpe, eta orain, Eguzkik egindako ohartarazpen teknikoen kontrako izapidetze baten ondoriozko ukapenean babestea, osoko bilkurako akordioei iseka egitea da.

Juin kalea eta Azkoitia-Azpeitia bidegorria lotzen dituen bide ertzeko barandetan, berriz, saretak jarrita daude.

Jokabide honek aurreko ekitaldietan dokumentatutako oztopoa errepikatzen du. 2022ko abenduan, Eguzkik salatu zuen ibaia garbitzeko 25.000 euroko eta sareetarako 22.000 euroko inbertsioak ez zituela bete; orduan, guk geuk atera genituen hainbat tona zabor ibaitik, udalaren pasibotasunaren eta kudeaketa faltaren aurrean. 2024an gauza bera gertatu zen: 18.000 euro adostu ziren ibaia 840 metro inguruko saretekin babesteko, baina udalak hondakinak kentzeko soilik eskatu zuen laguntza, prebentzioari ez zion jaramon egin eta Urola babesgabe utzi zuen sare metro bakar bat jarri gabe.

Aurtengoa jauzi kualitatibo larria izan da: saretak jartzea aurrekontuak onartzeko exijitutako konpromisoaren parte funtsezkoa zen. Gobernagarritasuna ziurtatzeko aurrekontu-ituna instrumentalizatzeak eta, gero, gaizki izapidetutako espediente batean babesteak bere exekuzioa ez betetzeko, gobernuaren kudeaketaren benetako izaera erakusten du.

Horrek erabat talka egiten du alkateak agintaldiaren hasieran “elkarrizketa eta akordio handiko” aldia izango zela aldarrikatu izanaren errealitatearekin, eta Udalak, aldi berean, Gobernantzako Bikaintasunaren ELOGE zigilua bere egiteaz harro egotearekin –kudeaketan etika eskatuz eta horretan agintariek eredua ematen lehenak izan behar dutela exijituz–. Praktikak, baina, guztiz kontrakoa erakusten du. Administrazio-trikimailuen bidez emandako hitza ez betetzeak agerian uzten du gobernu-talde honen ustezko “bikaintasuna” eta negoziatzeko jarrera herritar guztiok ordaindutako propaganda instituzionaleko erakusleiho huts batera mugatzen direla.

Hori guztia dela eta, Eguzkik udal-gobernuari exijitzen dio administrazio-trikimailuak eta fikziozko aitzakiak erabiltzeari uzteko, adostutako aurrekontu-konpromisoa berehala betetzeko eta Urola ibaian ipini gabe dauden sareak jartzeko. Gobernantzaren benetako bikaintasuna ez da Europako zigilu baten bidez frogatzen, baizik eta emandako hitza errespetatuz, diru publikoa eraginkortasunez kudeatuz, Azkoitiko ingurumen-babeseko benetako beharrei erantzunez eta hainbeste aldarrikatzen den etika instituzionala egitateekin erakutsiz.

EGUZKI, 2026ko azaroa

atzera
gora