Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eguzkik salatu du hondakinen kontrolik gabeko isurketa-puntu bat dagoela Urola ibaiaren bazterrean, Azpeitian, zehatz mehatz German Alberdi ibilbidean, Perez Arregi plazako zubiaren (Julián Elorza hiribidea) eta Foru pasealekuko oinezkoen igarobidearen artean.
Gune honetan, ibaiaren 70 metrotan soilik metatzen den hondakin kopuru handia egiaztatu ahal izan dugu: plastikozko poltsak, flan, jogurt eta eskuko kremen ontziak, mermeladazko kristalezko ontziak, freskagarri eta garagardo latak, esne zein ardo tetrabrikak, detergente eta lixiba ontziak, arrautzontziak eta elikagai-hondakinak (arrautza-azalak, kasu), baita aldizkari, plastikozko edalontziak, ardo botila ugari eta tabernako aulki bat ere
Hain tarte laburrean dagoen zabor bolumenaren lekukotasuna uzteko eta urak eramatea eragozteko, erakundeko kideok hondakin horiek bildu eta plastikozko poltsetan utzi ditugu ibaira jaisteko eskaileretan.
Ikusi ibaiaren egoeraren eta hondakin-bilketaren bideoa: https://youtu.be/1s2jJTQhMDk
Inguruko hainbat bizilagunek helarazi digutenez, ez da noizbehinkako kontua, egiturazko irtenbiderik eman gabe denboran luzatzen den isurketa kroniko bat baizik.
Horregatik guztiagatik, Eguzkik eskumenak dituzten erakundeei —bai Azpeitiko Udalari, bai Uraren Euskal Agentziari (URA)— beren erantzukizuna beren gain har dezatela eskatzen die, arazo honi erro-errotik aurre egiteko. Kontua ez da soilik botatakoa kentzea, gizalegearen aurkako eta legez kanpoko praktika hau behingoz errotik aurre egiteko baizik.
Zentzu honetan, Eguzkik modu ofizialean galdetzen die URAri eta Azpeitiko Udalari:
– Zein zaintza-, ikuskapen- eta prebentzio-neurri zehatz hartzeko asmoa daukate berehala, isurketa-puntu hau behin betiko errotik kentzeko?
– Zein jarduera-plan koordinatuko dute bi erakundeen artean, Urolako ibaia zabortegi gisa erabiltzen jarraitzea eragozteko?
EGUZKI, 2026ko iraila
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545