San Sebastian hotza, neguaren bihotza.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Eguzkik errekurtsoa jarri du 2025-2026 denboraldirako Ehizari buruzko Foru Aginduaren aurka

2025-08-12 17:49

Ohikoa den bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du 2025-2026 denboraldirako Ehizari buruzko Foru Agindua, eta aurreko urteetako eduki gehiena errepikatu du. Ehiza xeherako eta larrirako ezarritako baldintzak ia ez dira aldatu.

Ekologistek eta biodibertsitatearen kontserbazioaren aldeko taldeek urteak daramatzagu horren inguruan hausnarketa sakona aldarrikatzen, ehiza-jarduera argudio tekniko eta zientifikotan oinarritu dadila eskatuz.

Aldundiaren jarrera gure eskaeren aurkakoa da oraindik, eta ehiza-jarduera baldintza berberetan mantentzearen aldekoa. Aldaketarako borondaterik ez dagoenez, Eguzki talde ekologistak errekurtsoa jartzea erabaki du onartutako Foru Aginduaren aurka, kontuan hartu behar ziren inguruabar eta gertakari garrantzitsuak alde batera uzten dituela uste baitugu.

Gure ustez, ehiza sustatzeko, Aldundiak urteak daramatza argudio berberak erabiltzen, errealitate aldakorrak baloratu gabe. Klima-krisi larriak, espezie askoren egungo egoeraren ezjakintasunak eta legez kanpoko uxaldi batean gertatu berri den istripuak (etxean zegoen pertsona bat hil zen) ehiza-jardunaren erregulazioa baldintzatu beharko lukete, haren iraunkortasuna bermatzeko.

Gainera, datorren denboraldirako azeria ehizatzeko aldia hilabetez luzatzea onartu da, neurria justifikatzen duten txosten tekniko edo zientifikotan oinarririk egon gabe. Aldundiak, zuhurtzia aukeratu beharrean, ehiza-presioa areagotzea erabaki du, baita orain arte segurtasun-eremuak ziren hainbat lekutan ehiza baimentzea ere.

Aurkeztutako errekurtsoan honako hau eskatzen dugu:

  • Naturagune babestuetako erreserba-eremuetan ehiza debekatzea.
  • Oilagorraren ehiza-epea murriztea.
  • Azeria ehizatzeko egungo epeari eustea, oinarri tekniko edo zientifikorik gabeko luzapenik gabe.
  • Kontserbazio-egoera kritikoan dauden bi espezie (istingor txikia eta istingor arrunta) ehizatzea debekatzea.

Ezinbestekotzat jotzen dugu neurri horiek eta beste batzuk hartzea, indarrean dagoen ehiza-ereduari buruzko hausnarketa sakona egiten ez den bitartean. Basafaunaren kontserbazioa benetan babesten badu, proposamen honekin bat egitera gonbidatzen dugu Aldundia.

atzera
gora