Astelehenero 8:00etan zure epostan
“Donostia aro berri batera” omen daraman espaziontzi honek bere baitan oso bidaiari arraroa darama. Iturria: donostia.org
Donostiako alkate Jon Insaustik Illunbe Berriaren inguruko leihaketaren proiektu irabazlea aurkeztu du, eta, espero bezala, proiektu horrek egungo instalazioak eta espazioak zeharo zaharberritzea proposatzen du. Baina “zeharo” esan dugu. Egia ote? Ez guztiz. Izan ere, Illunbe Berrian aldatuko ez den bakarra zezen-plazaren erabilera izango da.
Proiektu-leihaketa aurkeztu zuenean, aurreko alkateak, Eneko Goiak, Illunbe Berriak zenzenketak ahalbidetzen jarraituko zuela espresuki iragarri zuen, konplexuak gainetik uxatu nahi balitu bezala, gaiaren inguruko herri-galdeketa egiteko eman zuen hitza behin betiko jan ondoren. Proiektu irabazlearen aurkezpenean, berriz, oraingo alkate Jon Insaustik Illunbe Berrian kirol-jarduerak, kultura-ikuskizunak, kontzertuak, azokak eta beste egingo direla esan du. Baina zezenketak espresuki aipatzeari iskin egin dio. Lotsagatik edo irudi-kontuagatik, azken batean, gauza bera baitira. Izan ere, nola ez den lotsatuko bera bezalako gazte donostiar bat, etorkizuna bolo-bolo saltzen dabilena, zezenketen bultzatzaile gisa agertuta?
Baina Insaustik aipatu ez badu ere, zezen-plaza hortxe dago, Illunbe Berrian. Zeren eta “aro berri baterantz, etorkizunerantz” eramango omen gaituen proiektu/espaziontzi gisa aurkeztu diguten horretan bidaiari xelbre bat baitoa. Eta ez polizoi moduan, lehen mailako txartelarekin baizik. Izan ere, ondotxo dakigun bezala, zezen-plazari eustea ezinbesteko baldintza zen Illunbeko leihaketan.

Horra zezen-plaza, IDOMek egindako proiektuan. Iturria: IDOM/DV
Gauzak horrela, berriro ere agerian geratu da ez dela egia Goiak azken urteotan behin eta berriz errepikatu duen leloa, alegia, Udalak ez duela zezenketekin zerikusirik, eta ekimen pribatua baino ez direla. Donostian zezenketak egiten jarraituko dute soil-soilik Udalak Illunbe, oraingoa edo gerokoa, antolatzaileen esku uzten duen neurrian. Hori bai, hemendik aurrera ezingo da esan, orain arte bezala, Donostiak zezen-plaza duela amarru urbanistiko historikoen ondorioz, baizik eta udal-gobernuak berariaz hala erabaki duelako. Donostiarrok urte hauetan guztietan zezen-plaza urre-prezioan ordaindu dugu, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarrituko du, udal-gobernuak, ez Goienarenak, Insaustirenak baizik, Donostian zezenketak egiten jarraitzeko aukera berriz ere diru publikoz finantzatzea erabaki duelako.

Donostiarroi gai honen inguruko galdeketa bat zor zaigu.
Kasualitatez (edo ez), bateratsu aurkeztu dira Illunbe Berriaren proiektua eta “Donostiarra 2040. Topera”, Insaustik “herritarra erdigunean duen Donostiako etorkizunari buruzko elkarrizketa kolektibo” gisa definitu duen ekimen hori. Gauzak garbi: orain dela hamar urte, donostiarrok, une hartan indarrean zegoen Partehartze Araudia zorrotz beteta, galdetuak izateko eskubidea irabazi genuen, ea Udalak zezenketak egiteko instalazioak uzten jarraitu behar ote zuen. PPren Gobernuak herri-galdeketa hura debekatu egin zuen, baina Goiak debeku hura gogor salatu eta “beste bide batzuk” aztertuko zituela iragarri zuen, “herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten”. Eta bide horiek izan, badira. Baina Goiak alde egin du emandako hitza janda, ikusi dugun bezala. Eta antza denez, Insaustik bide beretik jarraituko du, nahiz eta “elkarrizketa kolektibo handi” horren aurkezpenean esan “Donostiarren etorkizuna ezin dela diseinatu bertan bizi garenon begiradarik gabe” eta antzeko hamaika gauza eder. Bada, hitzak ez, ekintzak behar dira. Insaustik, zezenketen inguruan donostiarroi zor zaigun galdeketa bultzatututa, urrezko aukera du erakusteko “Donostiarra 2040. Topera” ekimen serioa dela, eta ez 2027ko hauteskundeei begirako prekanpaina luzearen osagai hutsa.
Momentuz, gauza bakarra esan dezakegu: oraingo alkateak, aurrekoak bezala, donostiarron iritziari entzungor egiten jarraitzen du. Illunbe Berria eta zezen-plaza zaharra?
EGUZKI, 2026ko ekaina
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545