Asteroko buletina
Orri erortze, gari ereite.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Bizikleta martxa batek Bilbo Handia zeharkatuko du gastu militarra salatuz eta arma industria zibil bihurtzea aldarrikatuz

2024-03-22 00:25

Kolektibo antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek “Gerraren, Gastuaren eta Industria Militarraren aurkako Hamaseigarren Bizikleta Martxa” aurkeztu dute gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian. Bertatik abiatuko da martxoaren 23an, larunbata, 10:30ean, Bilbo Handiko arma-fabrika garrantzitsuenekin (Barakaldoko ITP Aero (lehengo Precicast PCB) eta SENER) kolaboratzen duten enpresen filialen aurrean kontzentratzen joango den tropela.

Martxa honen helburu nagusiak sektore honetako euskal enpresekiko gero eta inplikazio instituzional handiagoa salatzea da, osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan, gizarte-prestazioetan eta etxebizitza duina eskuratzeko aukeretan izandako murrizketen eta bizitzaren kostuaren igoeraren aurrean.

Aurkezpenean, ohiko bizikleta-materialarekin (bizikletak, maillotak, kaskoak, kuloteak…) hornitutako pertsonek parte hartu dute, arma-ekoizpena zibilera bihurtzea eta gastu militarrari amaiera ematea eskatzeko.

Egungo testuinguruak berretsi egiten gaitu armadaren aurkako borrokan, gastu militarraren eta NATO bezalako egituren aurka, industria militarra zibil bihurtzearen alde, eta “Eusko Label” bidezko armen fabrikazioaren eta esportazioaren aurka.

Eusko Jaurlaritzak aurten onartu du 100 milioi euroko dirulaguntza ematea euskal armamentu enpresei. Kontuan izan behar da euskal armamentu enpresek harremanak dituztela Israelgo industria militar nagusiekin: Rafael, Elbit, Israel Aerospace Industries (IAI), arma, aeronautika eta misilen hainbat programa batera fabrikatzeko. Herri palestinarra sarraskitzeko sistematikoki erabiltzen ari diren armak eta misilak.

Deialdia egin duten kolektiboek salatu dutenez, Defentsa Ministerioaren datuen arabera, ehun bat dira industria militarrerako ekoizten duten euskal enpresak, eta Euskadik urtero 750 milioi euro fakturatzen ditu horren bidez. Ondorioz, Estatuko hirugarren autonomia-erkidegoa da, Madril eta Andaluziaren atzetik.

Euskal ekoizpen militarraren %80 Israelgo, Saudi Arabiako, Marokoko, Mexikoko, Brasilgo, Ameriketako Estatu Batuetako eta Espainiako Estatuko Defentsa eta Indar Armatuetako Ministerioetara bideratzen da, eta 150 milioi euro inguruko irabaziak lortzen ditu.

Bestalde, kontuan izan behar da Espainiako Gobernuak Israeli 40.037.081 milioi euroko balioa zuten armak saltzeko baimena eman zuela, eta, era berean, urrian SILAM (Elbit) suziri-jaurtigailuen plataformak (576 milioi) eta Spike (Rafael) kontrakarro misilak (285 milioi euro) erostea onartu zuela, Israelek Palestinaren aurka egindako genozidioa elikatzeko.

Horri gehitu behar zaizkio 320 milioi euro laguntza militarrean eta beste 350 milioi Ukrainari laguntza ekonomikoa emateko.

Azken batean, “Bizi Martxa” honen bidez, gastu militarrak dakarren baliabideen xahuketarekin amaitzea eta industria militarra zibil bihurtzea eskatuko da, Orbeak iragan hurbilean egin zuen bezala: bere garaian pistolak, errebolberrak eta bizitzak moztu zituzten era guztietako arma laburrak fabrikatzen aritu zen. Orbeak bizikletak egiten ditu gaur egun, ingurumenarekiko bizimodu osasungarria eta lagunkoia sustatuz.

BIZIZ BIZI, EGUZKI, EKOLOGISTAK MARTXAN, KAKITZAT, KEM-MOC eta KOMITE INTERNAZIONALISTAK

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora