Urrila urri, ilunabarretan igarri

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Bizikleta martxa batek Bilbo, Barakaldo eta Getxo lotuko ditu larunbatean, gastu militarra salatzeko eta arma industria zibil bihurtzea eskatzeko

2025-04-24 21:44

Kolektibo antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek Gerraren, Gastu eta Industria Militarraren aurkako Hamazazpigarren Bizikleta Martxa aurkeztu zuten atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Hain justu, Aldunditik bertatik aterako da martxa larunbatean, apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenarekin bat. Goizeko 10:30ean da hitzordua.

Martxaren helburua Bilbo inguruko arma-fabrika garrantzitsuenak seinalatzea da, alegia,  ITP Aero (Precicast PCB ohia) eta SENER. Lehenengoa Barakaldon dago, eta hor egongo da martxaren lehen geltokia. Bigarrena, berriz, Getxon, eta hor bukatuko da martxa.

Parte-hartzaileek arma-ekoizpena zibilera bihurtzea eta gastu militarrari amaiera ematea eskatuko dituzte.

Atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindako aurkezpen-prentsaurrekoa.

Ekoizpen militarrean 206 euskal enpresa aritzen dira. Zehazki, Euskadik 6.000 milioi euro fakturatzen ditu urtero, eta, ondorioz, alor horretan Estatuko hirugarren autonomia erkidegoa da, Madrilen eta Andaluziaren atzetik.

Martxa honen helburu nagusiak sektore honetako euskal enpresekiko gero eta inplikazio instituzional handiagoa salatzea da, osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan, gizarte-prestazioetan eta etxebizitza duina eskuratzeko aukeretan izandako murrizketen eta bizitzaren kostuaren igoeraren aurrean.

Egungo testuinguruak berretsi egiten gaitu armadaren aurkako borrokan, gastu militarraren eta NATO bezalako egituren aurka, industria militarra zibil bihurtzearen alde, eta “Eusko Label” bidezko armen fabrikazioaren eta esportazioaren aurka.

Eusko Jaurlaritzak aurten onartu du 100 milioi euroko dirulaguntza ematea euskal armamentu enpresei. Kontuan izan behar da euskal armamentu enpresek harremanak dituztela Israelgo industria militar nagusiekin: Rafael, Elbit, Israel Aerospace Industries (IAI), arma, aeronautika eta misilen hainbat programa batera fabrikatzeko. Herri palestinarra sarraskitzeko sistematikoki erabiltzen ari diren armak eta misilak.

Euskal ekoizpen militarraren %80 Israelgo, Saudi Arabiako, Marokoko, Mexikoko, Brasilgo, Ameriketako Estatu Batuetako eta Espainiako Estatuko Defentsa eta Indar Armatuetako Ministerioetara bideratzen da eta 150 milioi euro inguruko irabaziak lortzen ditu.

Azken batean, “Bizi Martxa” honen bidez, gastu militarrak dakarren baliabideen xahuketarekin amaitzea eta industria militarra zibil bihurtzea eskatuko da, Orbeak iragan hurbilean egin zuen bezala: bere garaian pistolak, errebolberrak eta bizitzak moztu zituzten era guztietako arma laburrak fabrikatzen aritu zen. Orbeak bizikletak egiten ditu gaur egun, ingurumenarekiko bizimodu osasungarria eta lagunkoia sustatuz.

BIZIZ BIZI, BIRAKA, EGUZKI, EKOLOGISTAK MARTXAN, KAKITZAT, KEM-MOC, KOMITE INTERNAZIONALISTAK

atzera
gora