Apirila elaien hila.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Bide-konponbideak eta ingurumenarekiko errespetua eskatu du Eguzkik Mendelun

2026-08-13 07:20

Txilinporta txikia proiektuaren eremuan bizi den espeziea da, eta Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan sartuta dago

Zalantzarik gabe, zaila eta kezkagarria da Mendeluk jasaten duen trafiko-intentsitatea. Gai horrek ikuspegi globalagoa behar du, arazoa bere osotasunean konpontzeko gai ez diren irtenbide puntual edo partzialetara mugatu gabe. Gainera, ez da onargarria arazo bat konpondu nahi izatea, arazo okerrago bat sortuz.

Hondarribira sartzeko eta handik irteteko bi errepideak lotzeko asmoak eragin latza eta iraunkorra izango luke urbanizatu gabeko eta naturgune gisa berreskura daitekeen eremu batean. Izan ere, Jaitzubia inguruak koherentzia eta hobekuntza beharko lituzke, Europako zuzentarauen arabera babestutako gune gisa, RN 2000 espazio honen dokumentu gidarian jasotzen den bezala. Dokumentu horrek esplizituki adierazten du Txingudin babestu beharreko habitat naturalen hedadura urria dela eta ahal den lekuetan zabaldu egin behar dela. Bada, Bide Azpiegituren eta Lurralde Estrategiaren Sailak, irizpide horren aurka, ez du azalerarik handitzen, baizik eta proiektu honekin murriztu egiten ditu.

Horrela ulertu du Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak, Gipuzkoako RN 2000 espazioen kudeaketaz eta babesaz arduratzen den erakundeak, bide-lotune honen eraikuntzari eta geroko erabilerari buruzko irizpen negatiboa eman baitu.

Hala ere, Foru Aldundiak berak, Bide Azpiegituretako Departamentutik, proiektuarekin aurrera jarraituko duela ziurtatu du. Asmo horrekin, bestalde, bat dator, zoritxarrez, Hondarribiko alkatea.

Pentsaezina eta onartezina da, bizi dugun ingurumen-krisi larriaren aurrean, larrialdi klimatikoa eta biodibertsitatearen galera lazgarria kontuan hartuta, Foru Aldundia bezalako erakunde bat, bere buruarekin kontraesanean egoteaz gain, beste interes eta ikuspegi batzuk lehenestea, lurraldearen eta eremuen desarrollismo zaharkituan tematuz, ezinbestekoak zaizkigun balio naturalen hobekuntza eta kontserbazioaren aurrean. Balio al du aldeko ingurumen-txosten batek proiektu baten egikaritzea bermatzeko, eta EZ DU BALIO proiektu hori gelditzeko, aurkakoa bada?

Biodibertsitateari, Batasunaren intereseko habitatei, espezie kalteberei eta galtzeko arriskuan dauden espezieei kalte larriak eragingo dizkien proiektu bat inposatzen saiatzen dira, araudiak ezartzen duen moduan alternatiba eraginkorrik aztertu edo planteatu gabe. Ingurumen-txostenaren ondorioa ez da kontuan hartzen; izan ere, ingurumen-ikuspegitik, proiektua ez gauzatzea da irtenbiderik onena. Eta nola ez, ikuspegi ekonomikotik ere bai, 0 kostua baitu.

Ez dira ebaluatu, teorian, Mendeluko egungo ibilgailuen joan-etorria murriztuko lukeen eta, aldi berean, Hondarribira sartzeko eta handik irteteko ibilgailuen kopurua nabarmen handituko lukeen proiektu baten alternatibak. Beraz, logikari jarraiki, irtenbide hori aldi baterakoa baino ez litzateke izango, eta, urte gutxiren buruan, arazoa berbera izango litzateke berriz ere. Politika publikoak ibilgailu pribatuen erabilera arrazionalagora bideratuko balira, haien “beharra” murriztuz, garraio publikoko konexioak hobetzera eta mugikortasun iraunkorra bultzatzera, eta ingurumenarekiko sentsibilitate eta konpromiso minimoa erakutsiko balute, oso litekeena da proiektatutako lotura hori beharrezkoa ez izatea.

Gainera, nola planteatu eta planifikatu Hondarribiak bisitari gehiago jaso ditzan erraztea eta estimulatzea, dagoeneko gainezka dagoenean?

atzera
gora