Ezpala egurretik eta egurra zuhaitzetik

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Berriro, Donibaneko saneamendua noizko?

2025-07-14 16:27

Donibanen jarritako horma-pintura

Pasai Donibaneko saneamendua Administrazio publikoaren kudeaketaren porroten adibide garbia da. 2021ean gogoratu genuen 30 urteko atzerapena zeramala Europako Zuzentarauetan ezarritako eskakizunei dagokienez, ondo entzun duzue!, 30 urte hondakin-urak zuzenean eta etengabe Pasaiako badiara isurtzen.

Eremu honetarako saneamendu-obra osoak zenbait zalantza sortzen dituenez, bi fasetan egitea erabaki zen, eta lehenengoak planteatzen du zailtasun gutxien.

2023ko apirilaren 4an, Foru Gobernuaren Kontseiluak saneamendu-proiektua onartu zuen, Bonantza pasealekutik Santiago plazaraino, eta onura publikokotzat jo zuen. Obra egiteko ezarritako epea 7 hilabetekoa zen eta aurrekontua 1.403.744,37 eurokoa, BEZa barne.

“Zailtasun gutxien” planteatzen dituen lehen fase hori, gaur egun, 2 urte baino gehiago igaro ondoren, oraindik ez dago hasita. Baina hori ez da okerrena, okerrena da Udalak aurtengo otsailean bizilagunei jakinarazi ziela obra aldatuko dela, Aldundiak orain, obra beste muturretik hastea egokiagoa dela pentsatzen duelako. 2023. urtean proiektua onartu zuenean ez al zen “zailtasun gutxien” zeukana?. Atzerapen bat beste atzerapen baten atzetik. Azken erabaki honek beste atzerapen berri bat dakar eta, joera ikusita, beldur gara azkena ez den izango.

EGUZKI taldeak Administrazioaren utzikeria hori salatzen jarraitu besterik ezin du egin, ingurumena bezalako gai sentikor batean, eta ingurumen-legezkotasuna behin eta berriz ez betetzearen konponbidea eskatu behar du. Salaketa-lan horrekin bat etorriz, mural bat egin dugu herritarrak kontzientziatzeko eta, lotsa-izpiririk badu oraindik, administrazioa gorriarazteko.

atzera
gora