Astelehenero 8:00etan zure epostan
Birigarro bat, Balenciaga Museoko kristalezko fatxadaren ondo-ondoan hilik.
Azken hilabeteotan egindako segimendu batek konstatatu du aspalditik sumatzen genuena: Cristobal Balenciaga Museoko kristalezko fatxada hegaztientzako tranpa hilgarria da.
Gutxi gorabehera urtebeteko epean, 16 hegazti gorpu aurkitu ditugu fatxadaren ondoan. Horren kontra talka egin eta hil egin dira, duda handirik gabe. Ikus ERANSKINA atalean dagoen taula.
16 hegazti asko dira, baina, taulako datei erreparatuta ikus daitekeen bezala, segimendua ez da inolaz ere sistematikoa izan. Gauzak horrela, ondorioztatu daiteke 16 ale horiek, asko izanda ere, icebergaren tontorra baino ez direla, eta urtebeteko epean hildako hegaztien kopurua askoz handiagoa izan dela.
Hildako hegazti gehienak LESPREn zerrendatuta daudela nabarmendu behar da, alegia, Ministerioaren Listado de Especies Silvestres en Régimen de Protección Especial delakoan. Halaber, horietako bat, lepitzulia, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan ere sailkatuta dago,“interes bereziko” gisa.

Lepitzulia, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sailkatua.

Okil berdea.
Getariako museoko zuzendaritzari zein Kultura eta Lurralde Oreka Berdeko foru departamentuei neurriak hartzeko eskatu dizkie Eguzkik, kristalezko fatxada horrek txorientzat suposatzen duen arazoa konpontzeko edo, behintzat, leuntzeko.
BALENCIAGA MUSEOA, DONOSTIAKO GOe BEZALA, BIODIBERTSITATEAREN IKUSPEGITIK GARRANTZITSUA DEN ETA BEHAR BEZALA KONTUAN HARTZEN EZ DEN ARAZO BATEN ADIBIDE DA
Balenciaga Museoa oraindik behar bezala abordatzen ez den biodibertsitate-arazo baten adibidea da. Donostiako GOe bezala. GOen, inauguratu eta hurrengo egunean bertan salatu behar izan genuen hango kristalen lehen biktima: erregetxo bat.
Balenciaga Museoa eta GOe arazo baten adibideak dira, bai, baina nolanahiko adibideak ere ez dira. Izan ere, biak ala biak dira eraikin publikoak edo, behintzat, nagusiki diru publikoz ordaindutako eraikinak. GOe, gainera, “jasangarritasuna” ikur duen eraikin berri-berria da. Arduradunek ezin dute argudiatu arazoaren berri ez zutela, eta, hala ere, zergatik ez dakigula, ez zuten kristalezko azalera handietan txoriak babesteko neurririk hartu.

Balenciagako kristalezko fatxada.

Basque Culinary Center-eko GOe inauguratu berria.
ARAZOA ZAHARRA DA ETA ONDO IDENTIFIKATUTA DAGO; BADA HELTZEKO ORDUA ORAIN ARTE EZ BEZALA
Kristal garden-gardenak eta ingurua ispilu baten moduan islatzen dutenak hegaztientzako tranpa hilgarriak dira. Txoriek primerako ikusmena duten arren, ezin dituzte bereizi eta, sarri, horien kontra talka egiten dute, eta hiltzen dira. Esan bezala, ez da arazo txiki bat, txorien biziraupenerako arazo latza baizik. Hemen eta leku guztietan. Horren berri izateko Interneteko nabigatzailean “birds collision glass” edo horrelako zerbait idaztea baino ez da egin behar.
Ez da inolaz ere arazo berria, eta ondo identifikatuta dago. Izan ere, aspalditik ezagutzen ditugu hegaztien ziluetadun pegatinak, leiho handietan edota autobide ondoko pantailetan ipintzen direnak (esan dezagun, bide batez, gaur egun ez direla babes-neurri eraginkorrenak kontsideratzen).
Herri-erakundeek, baita hainbat norbanakok ere, gero eta sentsibilitate handiagoa erakutsi dute, baina normalean modu erreaktiboan jokatzen dute; alegia, leku jakin batzuetan txoriek behin eta berriro talka egiten dutela ikusita, neurriak hartzen dituzte, batez ere tartean salaketak baldin badaude, jakina. Nolanahi ere, kasuan kasuko esku-hartzeak izaten dira. Gure ustez, arazo honi modu eraginkorrean heltzeko, lege- eta arau-mailako neurriak hartu egin behar dira.
Bide horretan, urte hasieran Eguzkik idatzi bat bidali zien hainbat udali. Idatzi hartan eskatzen genien beraien eskumeneko araudian sartzea eraikin publiko zein pribatuetako fatxada eta pantaila/hesi berrietan txorien talka saihesteko neurriak kontuan hartu behar direla. Halaber, herriko fatxada eta pantaila arriskutsuak identifikatzeko ere eskatu genien, eta horietan eragiteko, titulartasun publikoa dutenetatik hasita.
Udalen partetik jaso dugun erantzuna “diskretua” izan da. Insistituko dugu. Nolanahi ere, espero dugu Balenciaga Museoaren eta GOeren kasuan gehiegi insistitu behar ez izatea, txorientzat suposatzen duten arazoa edonoren begi-bistan dago eta.
EGUZKI, 2025eko azaroa

Bestalde, zerrendatutako azken hegaztia urriaren 27koa da. Ondoren, baina, hegazti gehiago agertu dira hilik. Beraz, zerrenda dagoeneko luzeagoa da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545