Astelehenero 8:00etan zure epostan
Pistak auzi korapilatsua izan dira beti Aralarren. Bidean dagoen planifikazioak hiru berri aurreikusten ditu.
Eusko Jaurlaritzak 2025eko urte amaieran kontsultarako ireki zuen Aralar eremu babestuaren Antolamendurako plana (NBAP) eta martxoaren 11n amaitu zen epea. Hainbat elkarte eta herritarrek alegazioak bidali genizkion Eusko Jaurlaritzari plan hori ingurumen arrazoi ugarirengatik onartezina zela adieraziz. Epea bukatu zen egun berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduak Kudeaketa planaren kontsulta ireki zuen, oraindik Eusko Jaurlaritzak Antolamentu planaren alegazioak erantzun eta plana onartu ez duenean, Kudeaketa plana Antolamendu planaren baitan dagoenean. Bai Eguzki zein Landarlanek alegazioak aurkeztu dizkiogu Kudeaketa planari ere. Eta apirilaren 20an Kudeaketa planaren kontsulta epea bukatu bazen ere, handik bi egunetara Enirio-Aralar Mankomunitateak bere lurraldeari dagokion Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikorako kontsulta ireki zuen (*), aurreko bi kontsulta publikoak oraindik erantzun gabe daudenean.
Aipatutako hiru planek, orain urtebete Aldundiak eta Mankomunitateak sinatutako akordioa dute oinarri, bere garaian kritikatu genuena, eta onartzen badira, abeltzaintzak lehentasuna izango du natur kontserbazioaren gainetik, Parke Naturalaren helburuen aurka joz. Aralarrek antolamendu plan berria behar badu ere, aurrekoaren ebaluazio zorrotza eta zehatza falta da. Aldundia eta Mankomunitatea presaka dabiltzala sumatzen dugu, konpetentziak errespetatu gabe, ezta elkarte eta herritarrok horrelako baldintzetan alegazioak aurkezteko izan ditzakegun zailtasunak kontuan izan gabe. Gainera, presak ez dira onak ezertarako, are gutxiago natur eremu babestu baten kasuan. Hala ere, Eguzkik eta Landarlanek alegazioak egingo dizkiogu Enirio-Aralarko mankomunitatearen planari, ingurumen babesa eta naturaren kontserbazioa murriztu ez daitezen eta areagotu daitezen. Hasteko, eskatu dugu alegazio epea gelditzeko eta berri bat hasteko, falta den dokumentazioa osatzean eta Antolamendu eta Kudeaketa Plan berriak onartzen direnean, natur kontserbazioaren aldeko alegazioak kontuan izanda.
EGUZKI eta LANDARLAN, 2026ko amaitzaren 5ean
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545