Astelehenero 8:00etan zure epostan
Antondegi mendian 3.000 etxebizitza inguru eraikitzeko hirigintza-garapena sustatzeko proposamena iragarri du duela gutxi Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailetik abiatu da ekimena, Donostiako Udalarekin aldez aurretik akordiorik egin gabe. Sailak berak adierazi duenez, proposamena Udalarekin landu eta adostu beharko da aurrerago. Bereziki deigarria da halako tamainako esku-hartze bat iragartzea Donostia Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesuan murgilduta dagoen bitartean.
Antondegiko kaskoa ingurumen- eta paisaia-balio handiko landa-eremua da. Dagoeneko argitaratutako eta aditu talde zabal batek (tartean Ekologiako eta Zoologiako katedradunak, ikertzaileak eta ingurumenarekin lotutako hainbat diziplinatako doktoreak) babestutako azterlan batek agerian utzi zuen Antondegiren garrantzia, Donostiako landazabal-eremurik ondoen kontserbatuenetako bat baita. Azterlanak bertako fauna-aberastasuna dokumentatu zuen, eta bereziki nabarmendu zuen korridore ekologiko gisa duen eginkizuna, baita Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen parte gisa duen balioa ere. Eremu horretan 117 hegazti-espezie erregistratu dira, eta kopuru horrek Gipuzkoako hegazti-aberastasun handieneko eremuen artean kokatzen du Antondegi. Era berean, ugaztun-komunitate aipagarria dagoela egiaztatu da, gutxienez 18 espezierekin.
HAPO berriaren Aurrerapenak dagoeneko aztertu du Antondegiren etorkizuna, 2021ean abiatutako prozesu tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten barruan. Lan hori hirigintzan, ingurumenean, geografian, ingeniaritzan eta zuzenbidean espezializatutako 27 profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde batek egin du. Aurrerapenak berariaz proposatzen du MA.08 Antondegi eremua hirigintza-garapenerako lurzoru gisa deskalifikatzea eta haren landa-izaera zaintzea, azpiegitura berdearen barruan betetzen duen funtzioa babesteko eta lurraldeko lotura ekologikoak bermatzeko. Erabaki hori, gainera, hazkunde trinko eta orekatuaren eredu batean kokatzen da, lurzoru gutxiago okupatzea eta etxebizitza berriak nagusiki hiri-lurzoruan kokatzea lehenesten duen ereduan. 2016an onartutako eta gaur egun indarrean dagoen Donostialdea-Bidasoa Behereko Lurralde Plan Partzialak ere Antondegin aurreikusitako bizitegi-hazkundea berriz aztertzeko beharra berariaz planteatu zuela gehitu behar zaio horri.
Lan tekniko eta hirigintzako horren aurrean, sailburuak 3.000 etxebizitza inguru eraikitzea proposatu du orain Antondegin, Aurrerapenaren ondorioetatik aldentzea justifikatuko lukeen azterlanik aurkeztu gabe. Gainera, proposamena HAPO berriaren Aurrerapenean jasotako irizpidearen aurkakoa da. Halako garrantzia duen esku-hartze bat ez litzateke planteatu behar Donostiak abian duen plangintza-prozesutik kanpo, ezta lurraldeari eta hiri-ereduari buruzko gogoeta zabalago batetik bereizita ere. Etxebizitza berriak eraikitzea ezin da etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko bide bakartzat hartu, bereziki balio natural handiko eremuetan hirigintza-garapen handiak sustatzea dakarrenean, horien eragin sozialak eta ingurumenekoak behar bezala aztertu gabe
Ikuspegi integralago horretatik abiatuta, hirigintza-plangintza berriak Antondegiren landa-izaerari eustea defendatzen dugu Antondegi Berdea ekimeneko kideok. Etxebizitza-beharrari modu integralean heldu behar zaio, ingurumenaren babesa, gizarte-kohesioa, mugikortasuna, zerbitzu publikoak eta Donostiak datozen hamarkadetarako nahi duen hiri-garapenaren eredua kontuan hartuta. Halako garrantzia duten erabakiak ez lirateke ekimen politiko indibidualen edo hauteskunde-egutegien menpe egon behar; aitzitik, eztabaida ireki, informatu eta garden baten bidez hartu beharko lirateke, eragindako herritarren parte-hartzearekin. Gure kolektiboak Antondegiren etorkizunaren inguruko hainbat ekimen sustatzen jarraituko du, bertako balioak defendatuz eta lurraldearekiko errespetuzkoa eta jasangarria den hirigintza-eredua bultzatuz.

Antondegi Berdea ekimenak hainbat erakunde ekologista eta naturazale biltzen ditu, baita hirigintza jasangarriaren alde egiten duten kolektiboak ere. Guztiek Antondegiko ingurumen- eta paisaia-balioak zaintzeko konpromisoa dute: Eguzki · Parkea Bizirik · Itsas Enara · SEO/BirdLife Donostia · Haritzalde · Surfrider · Bizilagunekin
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545