Intxaurra, etxe ondoan txarra

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Angula arrantzatzeko debekua beharrezkoa da, eta denboran mantendu behar da

2026-11-09 17:21

Nahiko garbi dago 2026-2027 denboraldian ere ezingo dela angula arrantzatu Gipuzkoan eta Bizkaian. Egia esan, ez dugu Eusko Jaurlaritzak horri buruz eginiko adierazpen esplizituaren berririk, baina, itxura guztien arabera, iazko debekuak indarrean jarraituko du.

Logikoa da, aingira europarraren egoera ez baita aldatu. Izan ere, joan den ostiralean bertan (hilak 6), ICESek txosten berri bat argitaratu zuen. Txosten horretan, espeziearen egoera “kritikoa” dela berresten du eta 2027an angula ale bat bera ere ez arrantzatzeko aholkatzen du, ez aisialdirako ez merkataritzarako, ezta birpopulatzeko edo akuikultura egiteko ere.

Angula hamarkadatan neurriz gain arrantzatu da. Horrek, ibai-ekosistemen degradazioarekin eta kutsadurarekin batera, espeziea segurtasun-muga biologikoen oso azpitik egotera eraman du.

Gauzak horrela, EGUZKIn oso beharrezkotzat jotzen dugu angula-arrantza eteteko erabakia, eta uste dugu erabaki hori denboran mantendu behar dela, espeziea bizkortu dela zientifikoki egiaztatu arte. Aingirak bere bizi-zikloa osatzeko urteak behar ditu, Sargazoetako itsasoan jaiotzen denetik gure hezeguneetara eta ibaietara iritsi, bertan hazi eta, kumatzeko, berriz ere itsasora itzuli arte. Hau da, arrantza-etenaldi labur bat ez da nahikoa izango.

Diagrama hauek islatzen dute angularen populazioaren bilakaera 1960ko hamarkadatik gaur arte. ICESek ostiralean argitaratu zuen txostenetik hartu ditugu. Lehenengoa Ipar Itsasoari dagokio –han egoera are larriagoa da–; bigarrena, berriz, Europako gainerako herrialdeei, Euskal Herria barne.

Gainera, angulak arrantzatzeko debekuak, berez, ez du espeziearen biziraupena bermatzen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aitortu duen bezala, ekosistemak eta ibaien konektibitatea lehengoratzea ere ezinbestekoa da. Horri dagokionez, berehala etortzen zaizkigu gogora hezeguneak leheneratzeko hainbat proiektu, etengabe atzerapen-urteak metatzen dituztenak. Horra hor Motondo (Orio-Aia), Plaiaundi (Irun) edota Alleri (Ondarroa). Edo ibai-konektibitatea hobetzeko bota beharko liratekeen baina botatzen ez diren hainbat presa zahar. Horra hor Orbeldikoa (Usurbil). Hori botatzea estrategikoa da, baina ingurumenarekin zerikusia ez duten arrazoiengatik mantendu nahi dute.

Hain zuzen, orain arte esandako guztia kontuan hartuko duen Aingira Berreskuratzeko Kudeaketa Plan berri bat egiteko, Eusko Jaurlaritzak lantalde bat eratuko zuela iragarri zuen 2026ko urrian. Talde hori joan den martxoan eratu zen, baina… ez da berriz ere bildu, guk dakigula, behintzat.

Horregatik, angula arrantzatzeko debekua mantentzea oinarri-oinarrizkoa da, bai, baina, horrez gain, Jaurlaritzari bere konpromisoak betetzen jarraitzeko eskatzen diogu, eta, bitartean, ezkutuko arrantzari eta legez kanpoko merkataritzari aurre egiteko. Izan ere, badirudi Gipuzkoa dela legez kanpoko merkataritzak nazioartean dituen base operatiboetako bat.

Herritarrek ere lagundu dezakete espeziearen biziraupenean, espeziea erosteari eta kontsumitzeari uko eginez. Hori bezain sinplea.

Laburbilduz, aingiraren gainbehera kukeatzea ez da nahikoa, aurrerapauso bat eman behar da eta taxuz lan egin behar da angula berreskuratzeko, nahiz eta jakin hori ez dela urte batetik bestera lortuko.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailari eskatzen diogu anguleroen lobbyaren aurrean berriro ere men ez egiteko (profesionalizazio-dekretuarekin men egin zuen eta seguru oraindik damutzen ari zaiola), eta angulari buruzko erabakiak datu zientifikoetan oinarrituta hartzeko,“negazionisten” interesei bizkar emanda.

EGUZKI, 2026ko azaroan

(*) Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua (ICES) Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen erakunde zientifikoa da. Hona hemen txosten osoa: ele.2737.nea (1).pdf

atzera
gora