San Gregorio, martxoaren hamabian, kazkabarra hotzetan.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Agitiko kalaren leheneratzeak lehenbailehen hasi behar du!

2026-10-26 17:34

Blue Reef Algaek Agitiko kalako arrain-haztegi zaharrean algak ugaltzeko proiektua bertan behera geratu omen da, enpresak Donostiako Udalaren lege- eta ingurumen-eskakizunei erantzun ez dielako. Gauzak horrela, Eguzkikook uste dugu ez dagoela luzamendu gehiagotarako tarterik, eta arrain-haztegiak funtzionatzeari utzi eta HOGEI URTEra, badela Igeldoko kala hori birnaturalizatzen hasteko garaia, Kosta Legeak berak aurrikusi bezalaxe. Gogoratu behar dugu Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalbatzak ere leheneratzearen alde agertu zirela 2025eko maiatzean.

HISTORIA

1989an, erreboiloak ugaltzeko haztegi bat eraiki zuen Culmanor enpresak Agitin, kalaren ingurumen-balio handietan kalte nabarmena eginez. Esaterako, bertan zegoen putzu bat desagertu egin zen, eta putzu hura zen hegoaldeko zuhaitz-igela espezie babestuak (Hydra meridionalis) kumatzeko erabiltzen zuen bakanetako bat.

2006an, haztegiak funtzionatzeari utzi zion, eta 2011n, berau eraikitzea ahalbidetu zuen itsas-lehorreko jabari publikoaren emakida bertan behera geratu zen.

2012ko txosten batean, Urak esan zuen Agiti “ekologia- eta paisaia-balio handia duen eta leheneratzeko ahalmen handia ere baduen lekua dela”. Eta gehitu zuen “haztegiko instalazio guztiak desmuntatu beharko liratekeela, eremuaren ingurumen- eta pisaia-kalitatea leheneratzeko eta kalaren izaera naturala berreskuratzeko”.

Honi dagokionez, esan beharra dago Kosta Erregelamendu Orokorrak ahalmena ematen diola Administrazioari, horrelako emakida publiko bat bertan behera geratzen denean, emakidunari erreklamatzeko instalazioak jabari publikotik eta horren babes-eremutik kentzeko. Eta emakidunaren beraren kontura, gainera. Deigarria ere bada Administrazioak azken hogei urteotan erreklamazio hori egin ez izana. Are gehiago, enpresari leheneratze-proiektu bat aurkezteko ere ez dio eskatu.

EUSKO JAURLARITZAREN TEILATUAN DAGO PILOTA

Eguzkikook uste dugu ez dagoela luzamendu gehiagotarako tarterik. Kosta Zerbitzuak (Madrilgo Gobernuaren menpekoak) eta Eusko Jaurlaritzak inoiz pilota elkarri pasatu diote, baina horretarako tarterik ere ez dago. Izan ere, abenduaren 23ko 1310/2024 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak Autonomia Erkidegoari pasatu zizkion itsasertza antolatzeko eta kudeatzeko eskumenak. Beraz, horren gaineko edozein zalantzak dagoeneko uxatuta beharko luke. Jaurlaritzari dagokio bultzatzea Agitiren leheneratzea. Beste administrazioekiko landiketzan, bai, baina Jaurlaritzari dagokio. Donostiako Udalari, berriz, Agiti leheneratzeko bidean proaktibo jokatzea dagokio, eta horixe eskatzen diogu.

EGUZKI, 2026ko urrian

atzera
gora