Astelehenero 8:00etan zure epostan
Blue Reef Algae S.L.U. enpresak Agitiko kalako arrain-haztegi zaharrean algak ekoizteko proiektu bat aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak jendaurrean jarri du egunotan. Eguzkik alegazioak egin ditu.
Alegazio nagusia honako hau da: BADA GARAIA LUZAMENDUAK ALDE BATERA UZTEKO ETA, BEHINGOZ, AGITIKO KALA LEHENERATZEARI EKITEKO, LEGEAK AURREIKUSTEN DUEN BEZALA (1). Izan ere, dagoeneko urte gehigi pasatu dira:
– 19 urte, arrain-haztegian jarduera bertan behera geratu zenetik; izan ere, gaur egun zeharo hormazahartuta dagoen haztegi horrek urte gehiago egin ditu jarduerarik gabe jardunean baino.
– 14 urte, Culmanor SAk itsas-lehorreko jabari publikoan eta haren babes-eremuan haztegia eraikitzeko lortu zuen baimena iraungi zenetik.
– 13 urte, Ura Agentziak instalazio guztiak desmuntatu eta kala ingurumen aldetik leheneratzeari ekin behar zitzaiola esan zuenetik (2).
GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEK ETA DONOSTIAKO UDALAK MAIATZEAN ERABAKI ZUTENARI EUSTEKO DEIA
Joan den maiatzean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak, bakoitzak bere aldetik, Jaurlaritzari eskatu zioten “ahalik eta lasterren has daitezela Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko izapideak”. Gure iritziz, eskaera horiek oso adierazgarriak dira, eta islatzen dute ez dagoela arrazorik luzamendu gehiagotan ibiltzeko, ingurumenaren eta herritarron kaltetan (Agiti, paraje natural ederra izateaz gain, aisialdirako gune ere izan da beti). ESPERO DUGU BATZAR NAGUSIEK ETA UDALAK HARTU ZITUZTEN ERABAKIEKIN KOHERENTE JOKATUKO DUTELA ETA BEREN AHOTSA JAURLARITZARI ARGI ETA GARBI ENTZUNARAZIKO DIOTELA, algak ekoizteko proiektuari ezetz esan eta kala leheneratzeari ekin diezaion.
TRATU “ASIMETRIKOAREN” AURREAN, “HARRIDURA” ETA KEXA
Eguzki aspaldi hasi zen gai honen segimendua egiten. Segimendu horren baitan, joan den martxoan zera eskatu genion Jaurlaritzari.
– Agitiko kala leheneratzeko izapideak egiten hasteko.
– Culmanor SAri leheneratze horretan legez dagozkion ardurak erreklamatzeko.
– Egoera legalaz eta anbientalaz egiten duen irakurketaren eta leheneratze-bidean egin asmo dituen urratsen berri emateko.
Jaurlaritzak ez du erantzun. Horren ondorioz, irailaren hasieran kexa bat aurkeztu genion Arartekoari, eta hark dagoeneko onartu du izapidetzeko. Algak ekoizteko proiektua, berriz, ondoren aurkeztu zen, ABUZTUAN, eta, jakin ahal izan dugunez, proiektuaren enpresa sustatzailea maiatzean sortu zen. Hala ere, Jaurlaritzak proiektua azkar asko izapidetu eta dagoeneko jendaurrean jarri du. Tratu “asimetriko” honen aurrean gure “harridura” eta kexa azaldu nahi ditugu.
PROIEKTU OSATUGABEA EDO/ETA HELDUGABEA
Blue Reef Algae enpresak aurkeztutako proiektuari berari dagokionez, zera esan behar dugu:
– Beharbada aurkezteko presaka ibili direlako edo, osatu gabe dago; zenbait atal falta da eta oso nabarmen da.
– Gainera, proiektuan bertan aipatzen da Jaurlaritzak jendaurrean jarri ez duen dokumentazio garrantzitsua, zehaz-mehatz, Ingurumen Inpaktuaren Azterketa bat.
Beraz, proiektua osatu gabe dago, edo ez dago behar bezain helduta, edo aldi berean osatugabea eta heldugabea da. Gauzak horrela, Jaurlaritzak ezin du baimenik eman.
EGUZKI, 2025eko urria
(1) Eguzkiren iritziz, asunto honen gakoa da nork ordaintzen dituen hautsitako platerak. Indarrean dagoen Kosta Erregelamendu Orokorrean honako hau irakur daiteke:
“Artículo 147. Mantenimiento o retirada de las obras e instalaciones del dominio público marítimo-terrestre.
Hau da, Culmanor SA da arrain-haztegia itsas-lehorreko jabari publikoan eta bere babes-eremuan eraikitzeko emakida edo baimenaren onuraduna, eta, ondorioz, enpresa horri dagokio kala leheneratzea eta leheneratze hori ordaintzea, jakina. ADMINISTRAZIOAK (edo administrazioek) ENPRESARI KALA LEHENERATZEKO ESKATUKO EZ BALIO, OGASUN PUBLIKOARI ZULO GALANTA EGINGO LIOKE ETA JOKAERA HORI HERRITARREN AURREAN ZURITZEA ZAILA IZANGO LUKE. Izan ere, deigarria da orain arte eskatu ez izana. Are gehiago, hainbeste urte pasatu ondoren, administrazioak enpresari leheneratze-proiekturik aurkezteko ere ez dio eskatu. Nahiz eta Kostaldeetako Zerbitzu Probintzialak 2014ko uztailaren 9an, emakida itzultzeko akta egin zuenean, enpresari jakinarazi zion hilabeteko epea zuela beste emakida bat eskatzeko, eta, hala egin ezean, INSTALAZIOAK ITSAS-LEHORREKO JABARI PUBLIKOTIK KENDU ETA EREMUA LEHENERATU BEHARKO ZUELA, bere kontura leheneratu ere. Ikus:
Baina geroztik urteak pasatu dira instituzioek leheneratzea eskatu gabe eta ardurak kitatu gabe, eta beti egon da arrain-haztegia berriz martxan jartzeko proiekturen bat, algak ekoiztekoa ez baita lehenengoa. Arestian esan bezala, GURE SUSMOA DA ASUNTO HONEN GAKOA DELA NORK ORDAINTZEN DITUEN HAUTSITAKO PLATERAK.
(2) Ura Agentziak 2012an eginiko txostenaren ondorioa:
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545