Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bardenas Libres 2028k antolatuta, Ablitasko Aerodromorako II. Martxa egingo da urriaren 24an. Aerodromo hori Bardeako tiro-poligonoarekin estu-estu lotuta dago.
Martxa antolatzearekin batera, manifestu bat plazaratu du plataformak, eta atxikimenduak biltzen ari da. Hemendik aurrerako testua manifestuari dagokio. Espresuki gomendatzen dizuegu irakurtzea.
Urriaren 24an, martxa egingo dugu Ablitasko aerodromoraino. Aerodromo hori 1937an eraiki zen, Condor Legiorako. Gero, preso errepublikarrek erreformatu eta armadak diktaduran zehar erabili zuen. 1967ko uztailean, Aireko Ministerio frankistak desjabetu zuen komunetik, Francok eta Lacalle jeneralak sinatutako dekretu baten bidez.
Gaur egun, aerodromo hori gune militar baten parte garrantzitsu da, Bardeako tiro-poligonoarekin, San Gregorioko maniobra-eremuarekin eta Zaragozako aire-basearekin batera.
Azken bost urteotan, Ablitasko aerodromoa urtean 200 egun baino gehiagotan erabili da. Beraz, ohi baino gehiago erabili da. Gorakada hori zuzenean lotuta dago Bardeako tiro-poligonoarekin, non NATOren gerra inperialistak entseatzen diren, armamentuan gastua eta gure gizartearen militarizazioa bizkortzen diren bitartean.
Bizi garen herrialde honetan, lurrak eta herri-ondasunak helburu militarretarako desjabetzen eta erabiltzen dira. Lur horietan egiten diren praktikek istripu-arrisku latza dute, eta guztien osasunean eragina ere badute. Baina, horrez gain, beraietan egiten diren praktikek munduan kolonialismoa betikotzeko balio dute, Sirian, Nigerren, Somalian edo Palestinan. Palestinak 80 urte baino gehiago daramatza okupazioa eta genozidioa jasaten.
Kapitalismoak ezkutatu nahi badu ere, dena lotuta dago. Maizterren sindikatuek udazken itxaropentsu honetan salatu duten bezala, armekin negozioa egiten dutenak dira gero beraien mozkinak helburu espekulatzaileekin etxeetan inbertitzen dituzten berberak. Horra Blackrock, Vanguard, Cerberus edo Blackstone, dagoeneko Nafarroan eta Aragoin sartuta daudenak. Inbertsio-funts hauek, zuzenean edo banku eta enpresetan dituzten akzioen bidez, prekarietatea, heriotza eta suntsipena monetizatzen dituzte.
Eta hori gertatzen ari da espektro politiko instituzional osoaren konplizitatearekin. Tokian tokikoa izan ala globala izan, espektro horrek funts horien jokatzeko modua babesten dute, esplizituki edo isiltasun konplizearen bidez.
Nafarroan bertan bada armadak eta Bardeako Parke Naturalaren erabilera militarra legitimatzen dituen erakunde bat: Bardeako Komunitatea. Tiro-poligonoaren erabileraren truke, odolez zikindutako ordainketa bat onartzen du Komunitateak. Gero, ordaiketa hori modu ilunean banatzen da Komunitatea osatzen duten kideen artean, alegia, 19 herri, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrak eta Olibako Monastegia. Ordainketa horien helburua da borondateak erostea eta herri guztietako bizilagunen ahotsa isiltzea.
Ez dute erabat lortzen. Tiro-poligonoa ezarri zenetik, horren kontrako hamaika mobilizazio eta ekimen izan dira, bai kaleetan bai erakundeetan. Baina orain arte ez zaio herritarren ahotsari kasu egin.
Defentsa Ministerioak eta Bardeako Komunitateak 2008ko abenduan sinatu zuten tiro-poligonoa erabiltzeko azken kontratua. Poligonoa hogei urtez erabiltzeko kontratua zen, bi epealditan banatuta: 2018ra arte (urteko 7 milioi euroren truke) eta 2018tik aurrera (14 euroren truke). 2018an, kontratua ez berritzeko protesta asko egon zen, baina aurrera egin zuten.
2028an kontratua amaituko da eta aukera berri bat izango dugu poligonoaren erabilera ez luzatzeko. Aukera hori baliatu behar dugu Bardea inguruko herritar guztientzat berreskuratzeko, bai Nafarroan eta bai Aragoin, eta bertan bizi garenon artean etorkizuna modu autonomo eta kolektiboan erabaki ahal izateko.
ESKATZEN DUGU
1.- Bardea erabat desmilitarizatzea eta modu iraunkorrean. Maniobra eta esperimentazio militarrekin ez kolaboratzea, gure osasuna eta gure ingurumena ez ezik, gaur egun bonbardatuak izaten ari diren herrien bizitza ere arriskuan ipintzen dutelako.
2.- Bardea nola kudeatu eta Bardearekin zer egin, herri guztiek erabaki behar dute. Alde horretatik, ez dugu uste Bardeako Komunitatea gure borondatearen ordezko denik eta ez diogu gai honi buruz erabakitzeko zilegitasunik aitortzen.
3.- Poligonoaren truke jasotzen diren diruari uko egiten diogu, odolez zikinduta dagoelako, gerrak eta sistema kapitalista honen egiturazko indarkeria betikotzen dituelako, industria militarraren interesetarako balio duelako eta tokiko militarismoarekiko mendekotasuna sortzen duelako. Tokian tokiko ongizatea ezin da Bardeako erabilera militarraren mende egon. Horregatik proposatzen dugu poligonoa erabiltzearen trukeko odaindketatik deskonexio programatu bat egitea, udalerri bakoitzaren errealitate eta aukeretara egokituta.
4.- Tiro-eremua eta Ablitasko aerodromoa berehala eraistea eskatzen dugu, eta Defentsa Ministerioa lurra deskontaminatzeaz arduratu dadila. Halaber, eremua beste norabait eramatea arbuiatzen dugu eta erabilera alternatibo bat proposatzen dugu, adibidez, bakeari buruzko interpretazio-zentro bat.
Eskaera horiekin eta mobilizazio sozialarekin bat egitera deitzen dugu, baita fronte komun bat sortzera ere. Fronte horren egitekoa da Bardea berreskuratzeko gogotik jardutea, eta kaleak duintasunez eta borrokaz betetzea bakearen eta bizitzaren defentsan. Izan ere, hemen bizi garenok gure inguruarekin nola erlazionatu nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu, eta hori lortzeko bide bakarra elkarrekin ekitea da.
Atxikimenduak bidaltzeko, jo esteka hauetara:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeq2Q0aAzVfOSJv5nSMaZHy60x6zU4s92TVYx6ZKaKUzyY3MA/viewform
https://bardenaslibres.blogspot.com/2026/10/llamamiento-y-adhesiones-la-segunda.html

EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545