Astelehenero 8:00etan zure epostan
A ze ziria sartzen saiatu den Ekonomia Garapen eta Iraunkortasuneko foru diputatu Saray Zaretek Arabako hiri-hondakinen gaikako bilketaren azken emaitzei buruz egin duen irakurketan!
Horren arabera, gaur egun (berez, 2024an) hondakinen %41 gaika biltzen da eta hori “oso positiboa” da; izan ere, azken urteotako goranzko joerari eutsiz gero, “2035ean %50era iritsiko gara, Europar Batasunak ezarritako helburura, alegia”.
Ez da horrela, ordea. Hondakinen Legeak (berez, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legea, apirilaren 8koa) Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu, eta, besteak beste, honela dio, argi eta garbi:
Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización (…)
c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…
d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…
e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…
2025ean gaude, eta, beraz, EBren Zuzentarauari jarraituz Legeak jasotzen duenaren arabera, Arabak hondakinen %55 gaika bildu behar zuen. %41 baino ez du biltzen, ordea. Gauzak horrela, eta helburuan Arabak ez ezik beste askok ere huts egin dutela onartuta ere, ezin da inolaz ere esan datua “oso positiboa” dela, diputatuak esan duen bezala. Batez ere muturreko autokonplazentzia horrek beharrezko neurriak hartzea atzeratzen duelako.
Kontua ez da zer iruditzen zaigun, zer pentsatzen dugun edo zer iritzi dugun; kontua ez da botila erdi hutsik ikusten dugula eta diputatuak, berriz, erdi beteta ikusten duela. Kontua da Arabak, legez, dagoeneko %55era iritsi behar zuela, baina %41era bakarrik iritsi da, eta, hala ere, diputatuak diosku, lasai egoteko, horrela jarraituz gero, hamar urte barru, 50era iritsiko garela.
EGUZKI, 2025eko urrian
Arabako Lurralde Historikoaren Hiri-hondakinen Inbentariotik ateratako diagrama honek laburbiltzen ditu azken emaitzak, 2024koak. Positibotzat jo daitezke?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545