Sasiak begiak eta hontzak belarriak

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

'7plaixak' bizirik. Pasabide segurua eta libre orain!

2026-11-19 22:49

7plaixetara Saturraran aldetik sartzeko zegoen pasabidea Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiak eraitsi du 2026ko irailean, segurua ez zela argudiatuta beste pasabide bat ireki baino lehen eta harrezkero, bertara heltzeko ez dago ezelako pasabide publikorik.

ZER BALIO DAUKA 7PLAIXAK INGURUAK?

7plaixak izenarekin ezagutzen dugun ingurua flysch beltzean kokatuta dago, legez biotopo babestua izendatua eta naturgune garrantzitsua da hainbat ikuspuntutatik. Balio geologiko handia dauka, naturgune aberatsa bezain hauskorra da, itsas ekosistema aberatsa dauka, natur ondare baliotsua dugu itsaslabarrez osatutako ingurua, oinez bakarrik iritsi daitekeena. Balio historiko eta kultural handiko ingurua da, halaber.

BERTARA IRISTEKO PASABIDEA

1960ko hamarkadan Areilza-Txurruka familiak, inguru horietako hainbat lurren eta etxe biren jabeak, Saturran Zar etxearen aurretik erabiltzen zen bidearen erabilera publikoa murrizteko, labarraren aldetik hormigoizko pasabidea eraiki zuen, hain zuzen, orain eraitsi dutena.

INGURUMENAREN ZAINTZA ETA ZAINTZA EZA

Saturraran eta 7plaixen inguruak arazo bat baino gehiago dauzka ingurumenaren aldetik, batzuk erraz konpontzekoak edo konponbidean eta beste batzuk potoloagoak. Hala nola: pasabidearen erdian dagoen haitzaren sartugune batean hainbatek komuntzat erabiltzea, Saturraranen udan zakurrak sartzea debekatzea eta hondartza txikian libre uztea, horrek ekartzen dituen zakur masifikazioarekin eta elkarbizitza arazoekin, erreka kutsatua zuzenean hondartzara isurtzea araztuta ez dagoen ura, lehengo komunak, dutxak eta taberna zuzenean hondartzako uretara isurtzea, erreka gainean dagoen egurrezko zubiaren mantenimendu eza, hondartzan paperontzirik ez egotea eta batez ere udako asteburuetan pilatzen den zaborra egunetan ez jasotzea… Urte luzeetan jasan eta salatu direnak eta aurten badirudi horietako arazo batzuek konponbidean jarri direnak.

Gaur egun eta aspaldi luze batean, Saturran Zar etxeko ur zikinak eta fekalak hondartzatxikira isurtzen dira zuzenean, gainez egiten baitu hondartzan bertan eraikitako putzuak, kutsadura eraginez, bai hondartzan, baita itsasoko uretan ere, bainurako eremuan.

Kalak ez dauka ezelako garbiketa zerbitzu publikorik, udan batez ere, hainbat erabiltzailek mantentzen dute garbi, itsasoak ekarritako zikinak jaso eta Saturraraneko hondartzako sarreran dauden edukiontzietara eramanez.

Hormigoia natur gune horretatik kentzea egokia eta beharrezkoa da, naturaren ikuspuntutik eta segurtasun arrazoiengatik, baina obran dena ez da kendu, “kakalekua” deitu duguna eta Saturraraneko hormigoizko horma hor geratu dira, ez dakigu zergatik, agian haitza ez erortzeko euste-hormaren funtzioa betetzen dutelako. Eta Saturraranen aldetik, haitzaren zati bat apurtu da obra egitean, atzerarik ez daukan kontua. Horrek erakusten digu inguru hauskorra dela eta edozein esku hartze kontu handiz egitekoa dela.

7PLAIXETAKO ERABILTZAILEAK

Saturrararanen alboko hondartza txikiak erabiltzaile ugari ditu, bai bainu zaleak, baita natur zaleak ere, itsasoko eta eguzki bainuak hartzeko, Saturraran-Mutriku arteko flysch beltzaren ibilbidea egiteko, paseatzeko eta inguruaz gozatzeko…

7PLAIXETARA IRISTEKO SARRERAK PRIBATIZATUTA

Ezelako alternatiba eraiki aurretik sarbide hau ixteak 7plaixetako ingurua sarbide publikorik gabe uztea ekarri du, eta urte askotan egon diren hiru sarrerak de facto esku pribatuetan geratu dira: Idurre, Haitz Alde eta Saturraran Zar. Indarrean dagoen Kosta Legeak dioenez, kostaldea eta hondartzak ezin dira pribatuak izan, itsasorako sarbideak publikoa eta doakoa behar du izan, bai herritarrentzat, baita salbamendu zerbitzuentzat ere, eta Mutrikutik Saturraranera doan itsaslabarreko hiru sarrerak itxita, hori ez da betetzen.

PASABIDE BERRIA IZAN ARTEKO ARRISKUAK

Kostaldeen Zuzendaritza Nagusia behin betiko konponbide bat bilatzen ari da, baina izapidetze-epeen arabera, urtebete baino gehiago itxaron beharko da pasabide berria izateko. Gaur egungo errealitatea kezkagarria da: alternatibarik ez dagoenez, erabiltzaileak dagoeneko arriskuak hartzen ari dira, mendian edo haitzetan zehar hondartzara iritsi nahian. Eta berandu gabe, urrian, lehen istripua gertatu da, pertsona bat erori eta saihetsetan kolpea hartuta dago.

ZER ESKATZEN DUGU

Pertsonen segurtasuna lehenesten duten neurriak babesten ditugun neurri berean, 7plaixetako ingurura heltzeko sarbidea beharrezkoa da, kontuan izanda inguru hauskorra dela eta masa-turismorako bidea ez dela izan behar. 7plaixetako hiru sarbideak irekitzea beharrezkoa da, itsas segurtasunagatik eta ingurua publikoki erabili ahal izateko. Ezezko biribila ematen diogu hondartzak pribatizatzeari, diruak ematen dituen pribilegioekin amaitzeko unea bada, ezin da onartu pribilegio horien bitartez denona dena pertsona dirudun gutxi batzuen eskuetan geratzea. Nork betearazi behar du legea?

Ezin dugu denboraldi osoa sarbide segururik gabe igaro. Pasabidea orain beharrezkoa da.

Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiari berehalako irtenbidea exijitzen diogu. Mutrikuko Udalari eta ardura izan dezaketen erakundeei horretan lagundu dezatela eskatu nahi diegu.

Herritarrei eskatzen diegu eskaera honekin bat egitea, pasabide publikoa berehala ireki dezatela, naturgunea pribatizatu gabe.

Berehalako irtenbidea emateko garaia da.

7plaixak bizirik, pasabide segurua orain!

2026ko azaroa

Mutrikuko Natur Taldea

Eguzki Talde Egologista

7plaixak bizirik Plataforma

atzera
gora