“Erandioko gertaerak” oroitzen ari garelarik, Eguzki Talde Ekologistak eta Erandioko Auzokideok ERANDIO BIZIRIK elkarteak, gizarteari oro har eta bereziki erandioztarrei jakinarazi nahi diegu elkarrekin lan egitea adostu dugula Asua ibarrean kokatutako industria jarduerak eta azpiegiturek sortutako Kontrolik Gabeko Isurketen aurkako salaketan.
Baliteke inguruko industria sareak sortutako osasun eta ingurumen arazoak iraganeko kontua direla pentsatzen duen jendea egotea, orain jarduera horiek arautzen dituzten lege eta arauak ditugula, ingurumen saila dugula erakunde guztietan… eta kutsaduraren auzia ez dela hainbesterako.
Argigarria dela uste dugunez, bi egunetan gertatutakoa kontatuko dugu (irailaren 30ean, astelehena, eta urriaren 1ean, asteartea), Erandio bezalako herri baten egunerokoa, errealitatea erakusten duten bi egoeraren lekuko izan baitgara. Astelehenean, kutsaduragatik susmagarria den planta baten ondoan isurketa bat ikusi genuen. Lantegi horrek likido ilun eta likatsu samarra isurtzen zuen, eta azkenean Erandiondoko ubide eta ibarrera iritsi naiz. Gure ustez, isuria uraren eta industria-hondakinen arteko nahasketa izan daiteke, hauts grisaxka itxurakoa, zeina erraz aurki daiteken inguru horretan. Egindako analisien bidez, badakigu hauts horrek hainbat metal arriskutsu dituela, besteak beste, metal astun batzuk. Agintari eskudunei (Ertzaintza, URA…) abisua eman zitzaien, baina horiek iritsi zirenerako isuria etenda zegoen, enpresaren paretatik abiatzen zen hodi beltzaren ondoan soilik lokatza mantenduz, alabaina esan ziguten lokatz horrek ez zuela froga baliorik, ez baitzekiten nondik zetorren. Hurrengo egunean, astearte gauean, enpresa bera galdaketa-zepen ohiko hautsa botatzen aritu zen berriro, kontrolik gabe, teilatuartetik.
Jakin badakigu jada ez dugula Unquinesa, Sefanitro, Metalquímica edo iraganeko Labe Garaiak bezalako enpresarik, baina oraindik ere mantentzen dira frankismoak filtroak jartzera behartzeko itxi zituen enpresen jarduerak. Metalak berreskuratzeko enpresak, aluminio-galdategiak eta abar, oraindik ere behar bezalako kontrolik gabe eta modu irregularrean kutsatzen dutenak. Behar bezala kontrolatzen ez diren jarduerak egiten dituzten enpresek maiz errepikatzen dituzte horrelako gertaerak, eta horrek eragina du ingurumen- eta osasun-kalitate txarrean eta, azken batean, udalerriko bizi-kalitate txarrean.
Horregatik guztiagatik, Erandioko Auzokideok ERANDIO BIZIRIK elkarteak eta Eguzki Talde Ekologistak elkarrekin lan egitea adostu dugu Kontrolik Gabeko Isurketen aurkako salaketan, herritarren indarrean, kontzientzian eta antolatzeko gaitasunean sinesten baitugu. Gure helburua enpresa horien jarduerak erandioztarren osasunari, ezta ingurumenari ez eragitea da eta horretarako enpresen jardunak arauak zorrotz bete beharko ditu.
Eta nola ez, bat egiten dugu urtez-urte urrian 1969ko biktimen omenez ospatzen den oroimen eta omenaldi ekitaldiekin. Duela 55 urteko udazkeneko protestetan bala frankistek hildako bizilagunak, osasunaren alde eta kutsaduraren aurka aire arnasgarri eta osasunerako eskubidea aldarrikatzeagatik. Gure borroka Anton Fernandez eta Josu Muruetaren oroimenez, beti gure jardueraren bultzagarri.
Erandioko Auzokideok ERANDIO BIZIRIK eta Eguzki Talde Ekologista, 2024ko urrian.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545