Asteroko buletina
Lurrak loreetan farre egiten du

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

2024a ere bukatuko da Txingudiko San Lorentzo urmaela handitzeko lanen arrastorik gabe

2024-12-26 01:32

San Lorentzo urmaela itsasbeheran, erdi-erdian uhartea duela.

Jaurlaritzak orain dela hamar urte “premiazko lehentasunezkotzat” jo zuen proiektu honetan etengabeko atzerapenak salatu ditu Eguzkik

2004a ere amaitzear dago eta Plaiaundiko Parke Ekologikoaren parte den San Lorentzo urmaela handitzeko lanen arrastorik ez dago (1).

“2024a ere”  esan dugu 2021eko otsailean Arantxa Tapiak, une hartan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, proiektua aurkeztu eta lanak urte hartako “bigarren seihilekoan” hasteko moduan egongo zirela iragarri zuelako (2).

Ez zen horrela izan, ordea. Sailburuak berak 2022ko otsailean azaldu zuenez, proiektua idazterakoan ez zituzten kontuan izan “eremuaren berezitasun geotenikikoak eta morfologikoak”, eta, ondorioz, “egokitzapen-lan garrantzitsua” egin behar izan zen (3). Nolanahi ere, behin egokitzapena eginda, 2022ko otsail hartan bertan Tapiak iragarri zuen lanen lizitazioa, 4,6 milioiko aurrekontuarekin eta 14 hilabeteko gauzatze-epearekin. “Aurreikuspen arabera, obrak uda honetan hasiko dira”, gaineratu zuen; hau da, 2022ko udan.

Ez, ba; 2022ko udan ere ez ziren hasi, tartean, Espainiako Gobernuak lanak bere gain hartzeko proposamena egin zuelako, eta Jaurlaritzak, berriz, onartu zuelako, San Lorentzora bideratzeko asmoa zuen dirua Txingudiko Plan Berezian aurreikusita dauden beste proiektu batzuetara bideratzeko aukera zela argudiatuta (4). Gauzak horrela, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 2023ko udaberrian lanak lehiaketara atera eta udazkenean esleitu zituen. Orduan, urte hartako abenduan edo 2024ko urtarrilean hasiko zirela esan zuten.

Baina 2023a pasatu zen, 2024a pasatzear dagoen bezala, eta San Lorentzo urmaela handitzeko proiektua, noizbait “Euskadin ingurumena leheneratzeko proiekturik anbiziotsuena” kontsideratu dena, oraindik ez da gauzatzen hasi. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 2014an Txingudiri buruz egin zuen diagnostikoan “premiazko lehentasunezkotzat” jo zuen. Hau da, hamar urte pasatu dira jada, eta Ministerioaren aldetik proiektua zertan den jakiteko informazio argirik ere ez dago.

Hau da proiektua: eskuinean, egungo urmaela, erdian uhartea duela; ezkerrean, berriz, urmaelaren zati berria.

1994an Txingudi Antolatzeko Plan Berezia onartu zenetik (5) hamaika aldiz urratu da, eta kudeaketa gabeziez beteta egon da. Horren adibidea baino ez da San Lorentzoko proiektuarekin gertatzen ari dena. Hori bai, oso adibide adierazgarria. Beste adibide ezin adierazgarriagoa da Plaiaundiko Parkearen bihotzean bertan dauden kirol-intalazioena. 1994ko Plan hark hortik kendu eta beste norabait eramatea aurreikusi zuen, Baina hogeita hamar urte geroago –30 urte geroago!– hor jarraitzen dute. Irungo Udalbatzak, urte askotan eztabaidan aritu ondoren, 2018an erabaki zuen instalazio berriak Txenperenean eraikitzea. Bagenekien lekualdaketa ez zela egun batetik bestera gauzatuko, baina, kontxo, geroztik sei urte pasatu dira, 6 urte, eta badirudi asmoa oraindik oso berde dagoela.

2024an, Bidasoan eta Pierre Lotin bidegorria egiteko lanak hasi dira (6), eta oso aurreratuta daude, Plaiaundiko aparkalekuak birmoldatzeko lanak aurreratuta dauden bezala. Parkeak berak, berriz, gero eta abandonu-zantzu gehiago ditu. Argi dago Parkearen mantenua zein Txingudiko plenen betetze-maila eskasa dela.

Eta 2025ean…

EGUZKI, 2024ko abendua

(1) Plaiaundi institutuko atzeko partean bada eremu bat, gaur egun baratzeek-eta okupatzen dutena, Irun eta Hondarribiaren arteko mugan. San Lorentzo urmaela eremu horren kontura handitzea da asmoa.

(2) Ihobe – Albisteak – Eusko Jaurlaritzak Txingudiko San Lorentzo aintzira handituko du eta espazio naturalen konektagarritasuna hobetuko du

(3) 4,6 milioi eurotan lizitatu dira San Lorentzo urmaela handitzeko eta Txingudiko naturguneen konektibitatea hobetzeko obrak – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus

(4) Irun: Costas tendrá que volver a adjudicar el contrato para ampliar Plaiaundi | El Diario Vasco

(5) Bidasoako bokaleko eremu hau Babes Bereziko Eremu gisa kalifikatuta dago (BBE), baita Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu gisa ere (HBBE). Izan ere Gipuzkoan dagoen HBBE bakarra da. Natura 2000 sarearen parte da. Halaber, Ramsar Hitzarmenaren zerrendan agertzen da Txingudi, Nazioarteko Intereseko Hezegune gisa. Kontuan izan Udaibai dela EAEn hezegune garrantzitsuena, eta, ondoren, Txingudi, hegaztien migrazioan berebiziko garrantzia duelako.

(6) Bidegorria Hondarribiraino iristea aurreikusita dago, hain justu, San Lorentzo urmaelaren zati berrian barrena. Eguzkik alegazioak aurkeztu ditu, hegaztien kumatze-, elikatze- eta babes-eremuen kaltetan izan daitekeela iritzita.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora