San Jil, iratzeak ebaki trankil.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

2. Eskuko Azoka, bertoko produktuen postua eta herri-mugimenduen materiala, Beurko-Bagatzako jaietan

2025-10-17 19:14

Datorren larunbatean, hilak 18, Beurko-Bagatzako jaien baitan, Eguzki Barakaldokook 2. Eskuko eta Truke azoka antolatu dugu. Ez da, ordea, antolatu dugun ekimen bakarra. Izan ere, igandean, hilak 19, Aitorrek barazkiak, txakolina eta gazta ekarriko ditu Larrabetzutik, eta herri-mugimenduen material-salmenta ere izango da. Bana goazen banaka-banaka.

  1. ESKUKO ETA TRUKE AZOKA

Gure lurra zaintzeko eta, ahal bada, hobetzeko zerbait egin nahi duzu? Hasi hemendik!

Larunbatean, hilak 18, Beurko-Bagatzako jaien baitan, Eguzki Barakaldok 2. Eskuko eta Truke azoka antolatzen dugu, helburua materialen berrerabilera sustatzea delarik. Azoka honetan, edozein material (objektu) saldu, trukatu edota oparitzeko aukera izando dugu. Bertan topatu ahal izando ditugun salgaiak, besteak beste: liburuak, arropa, diskoak, jostailuak, kirol materiala, altzariak, soinu-tresnak…

Kontsumo arduratsua oinarri moduan duen eredua lortzeko beharra gero eta handiagoa da. Aldaketarako bide honetan guztiok eman dezakegun lehenengo pausoa, gure eguneroko kontsumoan 3R (murriztu, berrerabili eta birziklatu) erregela jarraitzea da.

Murriztu hitzak beharrezkoak ez diren erosketak saihesteari so egiten dio. Berrerabili eta birziklatu hitzek objetuen erabilera beste pertsona batzuekin partekatzea eta jadanik erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat ematea esan nahi dute. Eta azkenik, erostea benetan beharrezkoa denean, bidezko merkataritzaren mekanismoak, ekonomia alternbatiboa eta solidarioa eta kontsumo kolaboratiboaren erabiltzea.

Bigarren eskuko merkatuak, bai salmentakoak, baita trukekoak ere, 3R erregelaren adibide ezin hobeak dira eta horretaz gain gauza desberdinak aurkitzeko aukera ematen digute, merkeak eta ekologikoak, izan ere berrerabiltzen den produktua baino ekologikoagorik ez dago.

BERTAKO PRODUKTUEN POSTUA

Igandean, Eguzki-Barakaldoren, Sasibururen, Bagatzako kontsumo-taldeen eta Kale kale tabernaren ekimenez, Aitorrek barazki-, txakolin- eta gazta-postu bat jarriko du. Aitor da Bagatzako kontsuko-taldeak hornitzen dituen Larrabetzuko baserritarra.

Nekazaritza ekologikoa zer den azalduko du Aitorrek, eta pertsonen osasunaren eta ingurumenaren aldetik nolako garrantzia duen. Eginkizun horretan Bagatzako bi kontsumo-taldeen kideak izango ditu lagun. Beren proiektuaren eta 0 Kilometroko filosofiaren berri emango dute.

HERRI-MUGIMENDUEN MATERIALA

Igandean bertan, herri-mugimenduen materiala salgai egongo da, tartean, Guggenheim Urdaibai STOPena.

 

atzera
gora