Asteroko buletina
Utzi naturari zure baratzean bizitzen

Bizi baratzearen plaza

Aman Komunak
Euskal Herriko proiektu autokudeatuen sarea

Topaketa intergalaktikoen egitaraua

2020-07-04 11:24

Topaketa intergalaktikoak 2020

Erresistentzia espazioa

Agorrilaren 24tik 28ra Ambazadan (Notre-Dame-des-Landesko ZAD)

Behin-behineko egitaraua

 

Agorrilaren 24a

Ekialde Hurbila : elkarrekin justizian eta berdintasunean bizi ?

Palestina gertakari bortitzen arabera leiho mediatikotik agertzen eta desagertzen da, gatazkaren protagonistak plano berdinean jarriz. Aspektu koloniala ezabatzen dute: herri palestinar autoktonoak baztertua eta zanpatua izaten segitzen du, bere herrian arrotz. Zisjordaniaren anexio saiakera logika horren baitako eraso berria da. Israelen, badira palestinarrei elkartasuna helarazten dieten sionismoaren kontrako juduak, marra ideologiko eta politikoak mugitu nahiz. Zein irakurketa eta perspektiba atera daiteke dinamika horietaz? Zertan da BDS kanpaina? Zer erran gaur egungo egoera orokorraz?

Hizlaria: Pierre Stambul, Union Juive Française pour la Paix elkarteko kidea

 

Agorrilaren 25a

Txiapas. Komunitate errebeldeen garapen eta etorkizunak

1994ko altxamendu Zapatistak munduko militante askoren baitan esperantzak eta irudimenak piztu zituen. Mexikar gobernuaren intentsitate apaleko gerlari aurre eginaz, komunitate errebeldeak, internazionalisten laguntzarekin, autonomia proiektuak garatzen dihardute, baita euren lurraldeez haratagoko iniziatibak burutzen (adibidez “Tren Maya” turistikoaren kontra, Yucataneko penintsulan).

Hitzlariak : Euskal Herriko Lumaltik Herriak elkartea

 

Txile. Irakite soziala berriz ere karriketan

Oldartzearen arrazoia ez da metroaren tiketaren egoera, baizik eta 46 urtez kasta batek erabiltzen duen umiliatze sistema. Sistema horretan txiroek ezin dute kulturaz profitatu, langile azpi kalifikatu gisa tratatuak izanki. Irakasleek, erizainek, langile klaseak orohar soldata miserableak dituzte. Oihanak, lakuak, hondartzak, bideak pribatizatuak izan dira. Ura, argindar, erregai fakturak etengabe goratzen ari dira. Gaur egun indigenak oraindik ere erahilak eta joak dira. Kasta horrek polizia eta militar saldoa herriaren kontra askatzen du, jende eskubide funtsezkoak zangopilatuz.

Hitzlariak: Nantes hiriko Txiletar komitea

 

Agorrilaren 26a

Ekologia soziala eta munizipalismo libertarioa. Korronte eraginkorrak?

Natura, jendarteak krisian daude eta gobernu zein industrialariek ideia ekologistak desbideratzen dituzte etekin iturri berriak lortzeko. Testuinguru horretan, bisio globalaren aldatzera dei egiten duen Murray Boockchin-en pentsaerak eragina ukan dezake? Ekologia sozialagoa izan behar ote da? Lekuko egitura eta instituzioak bereganatu behar ote ditugu berdintasun praktikak plazaratzeko, botere harremanak iraultzeko?

Hitzlariak: Bookchin-en liburuen bi itzultzaile eta Floreal Romero, “Agir ici et maintenant” liburuaren idazlea

 

Agorrilaren 27a

Rojava. Iraultza baten gorabeherak

Milaka internazionalista joan ziren indar iraultzaile kurduengana, Daech-ko islamisten kontra gudukatzeko. Guda irabazi eta berehala AEBko gobernuak, lorpena berea zela sinestaraziz, Siriako Iparraldean kurduek askatu lurraldeak okupatzeko gomita luzatu zion Turkiako gobernuari. Potentzia handien interes geoestrategikoek kurduen kantoi autonomoetan bizitako utopia komunalista ito al dute?

Hizlaria: Rojavan egondako internazionalista bat

 

Euskal Herria. Bake prozesua blokaturik?

2011an ETAk borroka armatua gelditu zuenetik, ezker independentistak bide baketsu eta instituzionalak hautatu ditu hainbat eremuetan ezagutzak lortzen saiatzeko. Aurrerapen labur batzuk gauzatu dira, panorama politikoa eraldatu da baina bihurgune estrategiko horiek eztabaida iturri dira, helburuen eta ekin moldeen inguruan. Beste korronte batzuk azalarazten ari dira, baita aldarrikapen zaharrak. Zein ondorio, zein biharamun herri honen borrokentzat?

Hizlaria: Filipe Bidart, Iparretarrak erakundeko militante ohia

 

Indonesia. Harrobiak, landa eremu gatazkak, ingurumenaren suntsiketa

2014an Joko Widodok hartu zuen lehendakaritza, Suhartoren aro diktatorialari bukaera ematearen promesarekin. Geroztik landa eremuetan gatazkak biderkatu dira. Mendebaldeko Ginea-Berriaren egoera ezagutuko dugu ere: bertako biztanleek autodeterminazio erreferenduma galdegiten dute Indonesiatik bereizteko.

 

Beste gai batzuk (eguna zehazteke)

Algeria. Mugimendu herrikoiaren indar eta ahuleziak

2019ko otsailean piztu mugimenduak Abdelaziz Bouteflika lehendakariaren bostgarren kargualdia oztopatzea zuen helburu, baita Algeriako “sistemaren” eroraraztea. Lehen aldiz herri honen historian, milaka, milioika lagun atera dira astero kalera, erregimenaren mehatxuei buru eginez. Lehendakari berriaren hautaketak eta Covid-19ak mugimendua geldiarazi dute, baita errepresioaren segitzeak.

Hizlaria: Hirak altxamenduaren kide bat

 

Jejudo (Hego Korea). Bigarren aireportu baten kontrako borroka

Jeju irla 80. Hamarkadan eraiki gune turistikoa da. 600.000 biztanle ditu eta urtero 15 milioi turista datoz bertara. 2015etik bigarren aireportu baten eraikuntza egitasmoa dago, etorrerak bikoizteko. Biztanleek azkarki egiten diote aurre proiektuari. Lokalki, 1945ean Japonek lurraldea utzita, Jejudok prozesu iraultzailea ezagutu zuen eta 1948an bortizki zanpatua izan zen, Hego Korear eta AEBko armaden eskutik. Memoria horrek badirau, gaur egungo industrializazio turistikoaren kontrako dinamiketan ere.

 

Egitaraua osatzeko lotzen ari garen beste harremanak: Hong-Kong, Katalunia, Libano, Siria, Feministak europar mugen kontra, Black Lives Matter, errefuxiatuen lekukotasunak, “Ez eskerrik asko” filma… Proposamen oro ongi etorria.

Harrera, akanpalekua, erakusketa eta informazio mahaiak, filmen proiekzioa, kontzertuak, kantina prezio librean, taberna, ZADi bisitak, autogestioa… Laguntza oro ongi etorria.

Egitarauan edo txanda batean parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: contactintergalactique@riseup.net

Topaketa hauen ondotik, agorrilaren 28tik 30era ZADenvies asteburua dago antolaturik.

 

Ambazada

Borroken eta kulturen etxea

Hizkuntza eta jatorri anitzetako jende eta kolektiboek 2017an eraikia, Ambazadak, Notre-Dame-des-Landes herriko etxe internazionalak, mota guzietako bilkura militante eta kulturalak aterpetzen ditu. Kolektibo bat bertan bizi da eta auzolanak antolatzen ditu, baita agenda kudeatzen. Eraikina erabili nahi baduzue, idatz helbide honetara: ambazada.nddl@riseup.net

2020ko topaketa intergalaktikoak Ambazada kolektiboak antolatzen ditu. Laugarren edizioa da honakoa (2019an Hendaian egon ginen, G7koen kontra gailurrean, eta 2018 eta 2017an ZADen).

 

 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora