Heldu den martxoaren 12an, OSTIA sareko lau militante auziperatuak izanen dira Baionan. 2022ko abenduan, Bouygues multinazionalaren Angeluko agentzia batean, Kanboko Marienia eraikuntza proiektuaren maketa andeatzeaz akusatzen dituzte. Ekintza kolektibo honetan hogeitabost pertsona inguruk hartu genuen parte zuzenki, ekinmoldea osoki asumituz baita prentsa gomitatuz.
Ekintza honekin, Bouygues-i argi utzi nahi izan genion ez ditugula inondik ere Marienia laborantza lurrak betoiaz estaltzen utziko. Artifizializazio egitasmo honen beste erantzule zuzenak Kanboko herriko etxea eta Euskal Elkargoa dira, proiektua sasi argudioekin babesten baitute. Izan ere, Bouygues-i eraikitzeko baimen berria onartu dio Kanboko herriko etxeak. Elkargoak, Kanboko PLUa baieztatzeaz gain, proiektua bera defenditzen segitzen du, CADE elkarteak, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herriak auzitegi administratiboan jarritako helegitearen aurka (dei auzia ondoko hilabeteetan iraganen da).
Bouygues-ko agentzian egindako ekintza dinamika zabal baten baitan kokatzen da, 2014az geroztik abiatu dena. Elkarte, alderdi, sindikatu, laborari, herritarrek iniziatiba anitz antolatu dituzte Marieneko laborantza lurren zaintzeko, eta hala izanen da geroan ere.
Azken urte hauetan, laborantza iraunkorraren eta lurraren aldeko mobilizazioak azkartzen joan dira, espekulazioa gelditu eta etxebizitza eskubidearen aldarrikapenekin bat eginez, denak lotuak baitira. Pausoz pauso lortu behar ditugu garaipenak eta Marieneko kasua Euskal Herrian enblematikoa bilakatu da. Herri mobilizazioari esker, denen ekarpenari esker lortuko dugu Bouygues-en eta hautetsi konplize batzuen diru eta botere goseen gelditzea.
Tratuak tratu eta erabakiak erabaki, garaiz dira desmasiak bertan behera uzteko, eta lanak hasten balira, denek elkarrekin ihardukiko dugu.
Heldu den martxoaren 12an iraganen den auzia etapa berria izanen da bide horretan. Hasteko, Marienia batasunean babestuko dugula jakinaraziko dugu, irabazi arte. Bestetik, dinamika horren baitan atxilotuak eta auziperatuak izanen diren pertsona oro kolektiboki defendatuko ditugula erakutsiko dugu.
Martxoaren 12an, mobilizazio herritar garrantzitsua gauzatu behar dugu. Pertsona, elkarte, alderdiei dei egiten dizuegu, denek bat eginez egun horretan ere “Marienia ez hunki” adierazteko. Indar metaketa, determinazioa eta elkartasuna dira borroka honen irabazteko osagai nagusiak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545