Sasiakazia lore, antxoa urre

Bizi baratzearen plaza

A Planeta
A Planeta, B Planeta ez dagolako - Planetan zehar honen alde ari dira/gara - bertako borrokak eta egoera guztiak kontuan hartu behar ditugu Planetaren alde ekiteko. Horregatik, saretu eta informazioa hedatu.

EAEko ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LURRALDE PLAN SEKTORIALAREN JUDIZIALIZAZIOA – LPS HONI EZ!

2025-11-25 15:42
EH Bizirik!

AURREKARIAK:

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBBen LPSa) EAEko lurraldean energia baliabideen identifikazioan eta lurralde antolaketa araudia moldatzean oinarritzen da, energia ekoizteko zentralen ezarpena errazteko.

EEBBen LPSaren zioen azalpena zentral horien hedapen masiboak ingurumen aldetik zein maila sozialean ekarriko dituen onuren inguruan eraikitzen da. Hor esaten denez, azpiegitura horiek berotegi efektuko gasen zuzeneko murrizketa ekarriko dute, landa eremuan biztanleria finkatzen laguntzearekin batera.

Alabaina, energia sorkuntza, mota batekoa zein bestekoa izan, ez da balizko ingurumen onuren edo onura sozialen arabera planteatzen, baizik eta, oroz gain, interes ekonomikoen edo geopolitikoen ikuspegitik.

Zentral eoliko eta fotovoltaikoen hedapen masiboak lurraldearen okupazioa eta hor ematen diren jardueren desplazamendua dakar berekin. Zentral eolikoen kasuan gainera, horien kokapena dela-eta, atzera bueltarik ez duen natura eta kultura inguruneen txikizioa (babestutako eremuen, aparteko mendi gailurren edo arkeologia interesekoak diren eremuen gaineko eraginak).

Hala, EEBBen LPSa tresna ezin hobe gisa agertzen da lurzoruaren liberalizazio jarraitu baten mesederako, non posible izango baita orain arte ia beti lurralde oreka irizpideen arabera ordenatu ez diren jarduera industrialak hedatzea. LPS aren dokumentuan energía baliabidea (sortzeko gaitasuna) gailentzen zaio beste edozein irizpideri.

Nabaria da, halaber, gisa horretako zentralak [handiak] hobestearen inkongruentzia, berotegi efektuko gasak murrizteko edo are energia autohornikuntza sendotzeko helburuak aldarrikatu, eta, aldi berean, logistika jarduerak, datu zentroak edo hegaldi transozeanikoak bultzatzen direnean. Horrek guztiak energia kontsumo ikaragarriak behar ditu, eta garraioaren kasuan, murriztu nahi diren gas horiexen isuri masiboak.

Uste dugu EEBBen LPSaren egungo planteamenduak energia enpresa handien interesei baizik ez diola erantzuten, eta horiek ez dutela zalantzarik egingo euren irabazien kontua lehenesten beste edozein onura komuneko irizpideren aurrean.

Zentral energetikoen hedapen masiboak espazio naturalaren eta landa eremuaren eraldaketa itzulezina ekarriko du, egungo eredu kapitalistak enpresa handien mesedetan jarrai dezan bermatzeko helburu bakarrarekin. Enpresa handi horien irabaziak, gainera, lehen sektorearen etorkizuna lehenaz gain larriagotzearen kontura, eta landa eremuko biztanleen bizi baldintzak nabarmen kaltetzearen kontura; izan ekonomikoki, landa eremuan eta herri eta auzoetatik gertu kokatzen diren zentral horiek eragiten duten ondasunen balio galera dela-eta, zein izan osasunaren ikuspuntutik, zuhurtzia printzipioarekiko mespretxu erabatekoaren ondorioz.

(Jarraitzen du)

atzera
gora