Asteroko buletina
Bizitza baratze bat da, lurpetik azaleratu ezazu
2024-03-25 | Web Telebistak

9. Bidegurutzeetan zein sendabelar daude?

Web Telebistak

Ikerketa dakargu gaurkoan, 1400 sendabelar espezie ditugu Estatu espainiarrean. Madrilgo Unibertsitate Autonomoak egin du ikerketa, Jimena Matero-Martín ikerlaria buru izan delarik, eta ondorio interesgarriak eman ditu argitara. Hasteko guk uste baino gehiago direla sendabelarrak eta erabilera tradizionala ez dela kaltegarria sendabelarrentzat, nahiko zentzuz eta tentuz erabili izan direla ikusi delako. Topiko bat ezerezteko ere balio izan du, hau da, landare guztiak direla medizinalak edo balio terapeutikoa dutenak. Datuak jakin nahi dituenak lotura honetan aurkituko ditu.

Gaurko sendabelarra birika-belarra (Pulmonaria officinalis) dugu. Izenak berak erakusten duen moduan, arnas-bideetarako erabiltzen da, birika zein bronkioetako gaitzetarako. Arnas-bideetarako erabili ohi ditugun beste sendabelarrekin batera nahastu ohi dugu baina bera hutsik hartzea ere egokia da. Udazken eta negu garaian beharko dugu baina orain dauzkagu hosto bikainak indartsu eta loretan balego lorea ere bildu, biak baliatzen direlako. Sendabelar honen infusioa goizean baraurik har daiteke negu guztian, arnas-aparatuko gaitzei aurrea hartzeko. Sortzez edo gaitzen bat tarteko birikak ahulak edo ahulduak dituenak bereziki estimatuko du birika-belarra, sei edo zortzi hilabetean jarraian har dezakeelarik.

Bidegurutzeen inguruko misterioez eta hauetan jaiotzen diren sendabelarrez aritu gara. Bidegurutzeak kultura ezberdinetan zaintza eskatu izan duten guneak dira. Ciceronek berak deskribatzen du ongi zer den lursail baten muga eta zer den bidegurutzea. Gizakiak bidegurutze egin ditu hainbat kobazulo eta mendi baina baita zubi zein harrizko ateak ere. Bidegurutzearen energia dudako horri aurre egiteko bertan haritza landatzen zen hainbat lekutan, Alemanian kasu, hala haritza bide ondoan ikusitakoan bidegurutze seinale izaten zen. Norbere barruan ere egon gintezke bidegurutze batean, ezta? Askorentzat mundu honen eta bestearen artean dago bidegurutzerik handiena, denontzat zain dagoen azken bidegurutzea. Txarrak diren edo guk egin ditugun txar ez dago argi. Eta zer jaiotzen da bidegurutzeetan? Inoiz egin al duzue behaketarik bertan? Guk garoa(k), berbena, lihoa, lastoa, lipu-belarra eta mitxoleta ikusi izan ditugu baina lekuaren arabera mandragora, irabelarra, salbia edo ziklamenak ere ikusiko dituzue akaso.

Gaurko aholkua barruak baretzeko infusioa prestatzea izango da. Barruak arnas bideak izango dira baina infusio honek liseriketa egiten ere lagunduko digu. Horretarako plantaina (Plantago lanceolata), birika-belarra (Pulmonaria officinalis) eta malba (Malva sylvestris) lehortu eta kopuru berean nahastuko ditugu. 250 ml ur irakin, sua itzali eta nahasketa honetatik bi postreko koilarakada ipiniko ditugu, bost minutuz tapatuta eduki, iragazi eta epel/bero edango dugu goizean baraurik. Hotzeria, eztula, mukiak edo arnas bideetako gaitzak ditugunerako prest edukiko dugu, halakoetan egunean hiru aldiz hartuko dugu, otorduen aurretik, erabat sendatu arte.

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea ARGIA, Bizi Baratzea

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora