Asteroko buletina
Ilindi urte, gari urte
2024-03-10 | Web Telebistak

8. Landareek sentimenduak dituzte baina aplikazioek ez

Web Telebistak

Landareek ere sentimenduak dituzte, urteak dira argiari eta soinuari erantzuten ziotela jakin genuenetik baina orain haratago doaz ikerketak. Lurzorua dastatzeko gai direla diote ikerketek eta kanpo mehatxuen aurrean elkarri mezuak bidaltzeko gai direla ere bai, gero eta zantzu gehiago daude izaki sentiberak direla esateko. Ez dira mugitzen eta ez dute nerbio sistemarik, horregatik pentsatu izan dugu ez direla sentikorrak baina Gustav Fechner, Jagadish Chandra Bose, Suzanne Simard eta Stefano Mancuso ikerlariek egindako ikerketek gure aurreiritziak puskatu besterik ez dute egiten. Neurobiologia begetalaz eta animalia txobinismoa bezalako terminoez ari zaizkigu, landareak animaliak baino are sentikorragoak direla baieztatuz (albiste txarra beganoentzat!).

Gaurko sendabelarra plantaina (Plantago lanceolata), zain-belarra edo zaintiratu-belarra izango dugu. Kanpo erabileran zauriak orbaintzeko, urratuak eta erredurak sendatzeko, intsektuen ziztadetarako eta azal gorrituak baretzeko egokia da, horretarako ukendua eginda erabil dezakegu. Aipagarria da plantaina zauriak estaltzeko lehen lotura itsaskorra izan zela, hau da, aurreneko tirita izan zen. Orain ugari eta indartsu daukagunez bildu dezakegu eta hala aurrerago beharko bagenu prest eduki etxeko botikinean. Udazken eta neguan arnas bideetarako beharko dugu, ia ziur.

Aplikaziorik ez, zeu aplika zaitez! Sendabelarra identifikatzeko aplikazioak zuetako askok izango dituzue sakelekoan. PlantNet da ezagunena baina hortxe ditugu Arbolapp, Flora Incógnita, PlantSnap, NatureID edo iNaturalist bezalakoak ere. Bilaketa azkarra egiteko, landarea ezagutzeko, honen inguruko informazioa aurkitzeko, munduko biodibertsitatea ezagutzeko eta beste helburu askotarako balio dezakete baina azken batean akats tarte handia duten argazki baseak izaten dituzte oinarrian eta hortik etortzen dira istripuak. Ezagutze soilerako erabiltzea ez legoke gaizki baina aplikazioak esandako horrekin erabilera terapeutikoa egitera goazenean hor gertatzen dira ezustekoak. Urtero gertatzen dira intoxikazioak, azenario basatiaren ordez zikuta infusioa hartu dute askok aplikazioari jarraiki… Ziurrenik GPSari jarraituz galdu egingo zinen inoiz, ezta? Ba aplikazio hauekin ere berdin-berdin.

Gaurko proposamena eztarria zaintzeko sendabelar nahasketa izango da. Izan ere, urte sasoi honetan ohikoa da eztarritik sufritzea eta ondo etorriko zaigu sendabelarren laguntza. Zer esanik ez ahotsa lan tresna dugunontzat, irrati zein podcast esatari, abeslari, bertsolari, irakasle edo hizlari lanetan ari bagara bereziki erreparatu behar genioke ahotsari. Sendabelar nahasketa honek eztarriko mintzak bare, garbi eta hidratatuta mantentzen lagunduko digute eta baita ahots kordak zein faringea zaintzen ere.

Bost sendabelar nahastuko ditugu kopuru berean: makilgoxoa (Glycyrrhiza glabra), ezkaia (Thymus vulgaris), mendaskia (Sisymbrium officinale), pinu edo izei pujak (Pinus sylvestris, Abies alba) eta malba (Malva sylvestris), denak lehortuta. Nahi izatera lehen aipatu dugun plantaina ere gehitu dakioke, sei sendabelar izango dira hartara. 250 ml ur irakin, sua itzali eta nahasketa honetatik bi postreko koilarakada ipiniko ditugu, bost minutuz tapatuta eduki, iragazi eta epel/bero edango dugu otorduz kanpo. Gune zaratatsuetan edo hautsez betetakoetan lan egiten badugu lanaren aurretik eta ondoren hartzea ondo legoke, baita ahotsaren lana eskatzen duen lanari ekin aurretik eta ondoren ere. Hipertentsioa badago ez erabili makilgoxorik eta tratamendu inmuno supresorea hartzen ari bagara ezkairik ere ez.

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea Bizi Baratzea, ARGIA

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora