Asteroko buletina
San Tomas eguna, argitu orduko iluna
2024-04-22 | Web Telebistak

11. Kartzelako belar hitsak

Web Telebistak

Gaurko sendabelarra horma-belarra, pareta-belarra, txarrangilla edo odol-belarra (Parietaria judaica) izenez ezagutzen da eta une hauetan erruz daukagu gure herri zein hirietako horma eta hormigoi arteko zirriztuetan, gugandik oso gertu. Gibela garbitzeko erabili izan da baina diuretiko bezala ere bai, bi lanak oso ondo egiten dituelarik, gaur egungo gizartearen gaitzei erreparatuta oso beharrezkoa dugula esan dezakegu. Gibela garbitu eta indartzeko egokia da, hala hepatitisa sendatzeko erabili izan da. Gibela osasuntsu edukitzeko, aurrezaintza egiteko, balio digu baina beti ere epe motzean hartuta; epe ertain eta luzean hartzea ez da gomendatzen. Giltzurrunetan harriak edo area daudenean ere erabili izan da, gorputzean likidoak atxikita edema sortzen denean ere bai, ia beti bera hutsik hartu izan delarik. Gaurko gomendioan tradizioz ezagutu dugun bederatziurrena egitea proposatuko dugu, eraginkorra eta segurua delako.

Kartzelan ba al da sendabelarrik? Galdera horri erantzun dio Nicole Rosek bere liburuarekin, “La herbolaria de lxs presxs” (Virus Editorial 2022) eta aho bete hortz utzi gaitu bertan kontatzen dituenekin. Presoek abandono sanitarioa eta espazio naturalekiko banatze basatia jasaten dutela salatzen du bertan eta eurei baliabideak eman asmoz egin du liburu txundigarri eta eder hau. Guri Joseba Sarrionandiaren Galtzetan gordetzeko koplak poema ekarri digu burura, Ruper Ordorikaren ahotsean ezagutu genuena. “Hau izuen gordeleku eta belar hitsena” esaten duenean belar hits horiek zein ote ziren pentsatzen jarri gara.

Honetaz aritzeko kartzela ezagutu duena gonbidatu dugu, inork jakitekotan barruan egondakoak jakingo baitu. Toulouseko, Soto del Realeko, Navalcarneroko zein Martuteneko kartzeletan zein sendabelar ikusi zituen kontatu digu Jon Garmendia Txuriya kazetari, poeta eta letra egileak. Nicole Roserekin bat egiten du eta txikori-belarra, asuna eta kamamila ikusi izan dituela kontatu digu, baita horma-belarrak egiten dion kaltea ere. Zuen artean kartzelako kolore, argi, denbora eta gogoeta hitsak bizitako entzuleak izango dira ziurrenik, hormigoi arteko zirriztuetan jaiotako belarrei begira denbora emandakoak. Gustora hartuko ditugu zuen hausnarketak ere.

Gaurko gomendioa udaberrian horma-belar bederatziurrena egitea izango da. Horma-belarra ez da epe luzean jarraian hartzeko sendabelarra baina tartean behin bederatziurrena egitea tratamendu oso segurua da, udaberrian eta udazkenean hiru hilabetean hilabetero bederatziurren bat egitea gomendatuko dugu hemen. Gure gibelaren eta giltzurrunen beharrei erreparatu behar diegu, zenbateraino dauzkagun ondo edo laguntza beharrean. Bederatzi egun hauetan goizean infusio bakarra hartuko dugu goizero baraurik eta hala ez dugu garbitze sintoma larririk izango eta ondoezik ere ez. 250 ml ur irakin, sua itzali eta horma-belar hosto eta txorten lehorrak ipini bi koilarakada txiki. Eduki bost minutu tapatuta, iragazi eta hutsik hartu ahal dela. Halakoetan egunean zehar ur gehiago edatea ohikoa da, egarria senti dezakegulako. Horma-belarra hartzen denean ez da alkoholik edan behar eta gibelari lan handia ematen dien jateko koipetsu eta astunak ere ez ditugu jango ahal dela.

Hainbat botikarekin ez da bateragarria (estatinak, tentsioa jaisteko botikak, digoxina, antisorgailuak, depresio eta antsietatearen kontrakoak eta antiretrobiralak), halakoetan ez da horma-belarrik hartu behar. Hipertentsioa, bihotzeko zein giltzurruneko gaitzak daudenean ere ez erabili. Haurdunaldian eta edoskitzaroan ere ez. Sendabelar honen polenak jarduera alergeniko indartsua izan ohi du udaberrian, hala alergia dioten pertsonek erabat ekidin behar dute.

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea Bizi Baratzea, ARGIA

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora