Asteroko buletina
Lurra lantzea eta zaintzea ahaztea, geure burua ahaztea da
2024-04-08 | Web Telebistak

10. ‘The Poison Garden’ lorategia

Web Telebistak

The poison garden hartu dugu hizpide, Ingalaterrako lorategirik arriskutsuena. Bai, bai, landare pozoitsuei buruz hitz egingo dugu gaur ere eta akaso ikasturte amaierako txangoa egingo dugu bertara, Northumberland herrira, Ingalaterrako ipar ekialdera, Eskoziarekin ia muga egiten duen eskualdera. Alnwick Garden ere baderitzo bere kokapena Alnwick-en dagoelako. Jane Percy dukesaren burutazioa izan zen eta 1995ean hasi ziren prestatzen, Jacques eta Peter Wirtz arkitekto paisajistek egindakoa da eta 42 milioi libra esterlina kosta zen. Bisita gidatuak egiten dira baina zintzo obeditu behar dira gidak esandakoak eta ez bururatu etxerako adaxka bat hartzerik, larrutik ordainduko baitugu. Zein landare dituen eta zer nolako bitxikeriak biltzen dituen jakingo dugu gaurko podcastean. Bertara joan nahi duenarentzat hona webgunea.

Gaurko sendabelarra berbena (Verbena officinalis) izango da, askorentzat kanpo erabileran segurua baina barne erabileran kontuz erabili beharreko landarea. Izan ere, ez da edozein sendabelar eta bere mugak errespetatzen baditugu berak ere errespetatuko gaitu gu. Loretan edo hazitan dagoela ez da bildu behar, horregatik aipatzen dugu orain, negu amaieran edo udaberri hasieran indarrean izango dugulako eta biltzeko une ona izango delako. Berbenaren inguruan esaera eta sineskeria ugari ditugu gure artean, izan zuen eta duen garrantziaren lekuko.

Larrosa (Rosa damascena, Rosa gallica) sendagai gisa ikusten al du baten batek? Antzinatasunetik edertasunaren eta maitasun erromantikoaren ikurtzat daukaguna lurringintzarako erabil daitekeela pentsatuko dugu baina nekez modu terapeutikoan balia dezakegunik. Rosa familia botanikoko edozein lore gorrik balio digu erlaxazio psikologikoa eragiteko eta hala eragin antsiolitikoa izango du gugan. Tentsioek insomnioa edo lo eza ekartzen duenerako egokia da baina baita hilekoaren mina edo dismenorrea arintzeko ere. Azken urteotan te beltz, berde zein rooibos infusioetan ikusten dugu beste hainbat osagairekin batera. Banillarekin (Vanilla planifolia) hartzea aukera polita da oso, biek batera lan ona egiten baitute gure emozioak orekatzen. Horretarako 250 ml uretan zentimetro bat edo biko banilla zati bat ipiniko dugu eta hiru edo bost minutuan egosi, sua itzali eta arrosa petalo lehorrak eta gustuko dugun tea (beltza, berdea edo rooibos) ipiniko dizkiogu, bost minutuan tapatuta edukiz. Iragazi eta hutsik har dezakegu, teinadun edaria bada goizean eta rooibosa ipini badiogu edozein ordutan.

Gomendioan berbena barne erabileran nola aplikatu, hori azalduko dugu. Beldurrak eta errespetuak uxatu eta posologia egokia eta praxi seguru bat ezartzea beharrezkoa baita. Ukendutarako edo enplastoa prestatzeko bai, hori azaldu beharrik ez da izango, baina barne erabileran nola? Ba beti lehortuta, hosto zein txortenak, eta afalondoren edanda. 250 ml ur irakin, sua itzali eta bi postreko koilarakada ipiniko ditugu, bost minutuz tapatuta eduki, iragazi eta epel/bero edango dugu afalondoren. Zapore mikatza duenez eztiarekin hartzea gomendatzen dugu. Hiru egunean jarraian, ez gehiago. Zenbatero? Ba pertsonaren eta gaitzaren larritasunaren arabera izango da hori. Emakumeok hilekoa dugunean hartu behar genuke, hilekoaren lehen hiru egunetan. Analgesikoa da eta sendatzailea, beraz lo gozoa ekarriko digu. Kontrakotasunak baditu eta asko gainera, beraz informatu erabili aurretik.

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea Bizi Baratzea, ARGIA

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora