Asteroko buletina
Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.

Landarepedia

Bearri-karatsa

Asarum europaeum

Bearri-karats esaten diogu hemen belar bati, Asarum europaeum. Lurretik binaka atera eta gehienez ere arrabete luzatuko den hostoak belarri itxura ederra duela ezin uka. Era berean, kirats edo karats nabarmena hedatzen du: mina, kanforra gogorarazten duena, ia okaztagarria. Izen zientifikoak ere antzeko esanahia du: Asarum grekoko asê-tik omen dator, nazka eta okanahia edo goragalea adierazteko hitzetik. Loreak intxaur muskatua oroitarazten du. Usain dantza horrek agian ekarri dio baita ere basakara izena, basa-akara; itxuraz, akara usaintsuagatik, Valeriana celtica.

Bearri-karatsaren lorea ia ikusezina da, ttiki-ttikia eta ez da tentetzen, lurraren azalean garatzen da, etzanda bezala. Euliek, batez ere onddoen euliek ernalduko dute, horientzako izango du kirats berezi hori, haien erakargarri. Gero, inurriek baliatuko dituzte bere haziak eta hedatu. Aietak ditu, tarteka lur-azalean tarteka lurpean luzatzen diren sustrai lodikoteak, horixe da landare honek osatzen dituen multzo ikusgarrien arrazoia; batik bat, karaitza oinarri duten lurretako basoetan.

Bearri-karatsak osagai pozoitsu ugari du. Laguna hiltzeko oso gaineko gaindosia behar da, baina gorputzaldi oso txarra igaroaraz dezake. Garai batean mozkorraldiari buelta ematen hasteko goragalea eragiteko noiznahi erabiltzen zen. Era berean alkoholzalekeriari aurre egiteko ere erremedio ona zen. Tabako hautsari ere nahastu izan zaio. Gazteleraz tabernako belarra esaten diote, “yerba tabernera”, baita “nardo silvestre” ere, basakara haren pareko. Frantsesez ere tankeratsu, finxeago, hizkuntza horretan ohi den bezala, “cabaret” esaten diote. Garai batean, tabernetan belarra prest edukitzen omen zuten bezeroren batek etxera bueltatu aurretik mozkorraren dolda itxuratzeko bidean jarri nahi izanez gero.

Bearri-karatsarekin edari biziak eta likoreak egin izan dira. Agian horregatik gazteleraz “oreja de fraile” ere esaten zaio landareari, izan ere fraideen sektek ikaragarrizko joera izan dute alkohol edari horiek egiteko.

Bearri-karatsaren ekonomia zirkularreko negozio borobila: “fraidearen belarria” izeneko tabernan bearri-karatsarekin egindako likorea eta tabako hautsa saldu. Ondoren, bezeroari bearri-karatsaren ura eskaini, mozkorraldia doitzeko. Borobila, frantsesez “rondelle” ere esaten diote.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora