Asteroko buletina
Zemendian erein garie, idien apatxean be.

Errota altua eta mendia

Dozena bat bertsotan


2024ko urriaren 23a

Errota altuak:

1
Kaixo laguna etorria nauk
hirekin hitz egitera
neure burua aurkeztu eta
kontu batzuk esatera
etorkizuna ikusten diat
hemen hirekin batera
erronka latzak dizkiagu ta
egin dezagun aurrera.

2
Haize-errota, eolikoa,
ezaguna aspalditik
inguru hontan berria baina
ikusten nauk urrutitik
mesede franko egin ohi diat
batetik eta bestetik
energi asko erregalatzen
musutrukean zerutik.

3
Altu xamarra izanagatik
hi ez kezkatu laguna
berdea nauk ni, indar garbia
sortzen oso ezaguna
kalte bat ere ez diat egin
hor ere oso txukuna
hire gainean jarri ta kitto
hemen duk etorkizuna.

4
Batzuk esaten dituzten gauzei
ez hiok egin kasurik
petrolio, ke, zentral nuklear
ba al duk alternatibarik?
alperrik galtzen den haize hori
aprobetxatuz osorik
industria ta indar-gosea
erraz aseko diat nik.

5
Sentitzen diat hik jasandako
astakeri hoiengatik
baina ni ez baldin banauk jartzen
ez zegok aurrerapenik
industri dena gelditu eta
argia_ordaindu ezinik
bailara honen ongizatea
kolokan zagok gaurdanik.

6
Bizkarraldean izango dituk
arrasto txiki batzuek
gero gain hori ondo berdindu
eta han jarriko naitek
milioika urte asperturikan
mendi denak hortxe zeudek
hi ta hitarren gain guzti hoiek
orrazteko ordua dek.

Mendiak erantzun:

1
Hitz eder asko ahoan hartuz
hasi haiz aldamenean
egin dituan irteera asko
ezagun ditudanean
errespetuz jarduten duzue
komeni zaizuenean
harroa hola ibili ohi duk
umilez jazten denean.

2
Ongi zekiat hire izena,
ezaguna oraintsutik
atzeko mendi haien gainean
ez hago ta aspalditik
haizea merke hartzeagatik
errenta nork ordaintzen dik?
segundo erdiz bizi haiz baina
kostu ederra daukak hik

3
Inguru hauen berde izena
ez dik inork ukatuko
izen horrekin jabetu arren
niri ez didak sartuko
gora altua izanagatik
milagroik ez duk jetsiko
etorkizunaz ari haiz baina
ez duk onik ekarriko.

4
Nere bizkarrak ondo jorratuz
hemen goraino jasotzen
pista zabalak, lurra ta ura,
bizidun denak kaltetzen
milaurtekoan egin ez dena
segundo batzutan lehertzen
hi hemen jarri nahi hauen hori
ez al da inoiz asetzen?

5
Ingurune hau hain emankorra
txikia eta gozoa,
arbol adarrak dantzan airean
mugituz bere hostoa
behiak belarra jaten larrean
intsektuen arrastoa
ekaitz txarrena iritsi eta
moteldu zaidak hauspoa.

6
Pisu astuna nian lehendik
orain hi ekarri haute
mundu ero hau azkar zebilek
aurrerantz, gelditu gabe
ezingo diat ezer eskeini
dena hartzen baduzute
bazter guztiak suntsituz gero
errota zertako ote?

Josu Salegi

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora