Asteroko buletina
Otsailean tximeleta baino, otsoa ardi artean ikusi nahiago.

Ekiherri komunitatea sortu dute Errenterian, energia burujabetasuna erdiesteko

Ekiherri Energia Berriztagarrien Komunitatea astelehenean aurkeztu zuten lepo zegoen Errenteriako Niessen Kulturguneko auditorioan. Bildutakoek "argi dutela" esan zuten, energia subiranotasunaren aldeko urratsa egin nahi dute.

Oarsoaldea, Irun eta Hondarribiko lehen energia komunitatea publikoki aurkeztu zuten astelehenean. Jakin mina piztu zuen zalantzarik ez dago, Niessen auditorioa lepo bete zelako Ekiherriren berri lehen eskutik jasotzeko. Nora Barroso, komunitate berriko kideak gidatu zuen aurkezpen ekitaldia, eta bertaratutakoei eskerrak eman zizkien ekitaldiarekin bat egiteagatik. Jada Ekiherri komunitatearen parte diren herritarrek osatutako bideoaren txanda heldu zen. Bideoa zabaltzeko, aurpegi ezaguna; izan ere Luis Moreno Piratarenak dira lehen hitzak. Musikariak argi dio bertan, “energia burujabetzaren alde egiten dugu”. Herri bizian bizi direla, proaktiboa, langilea eta sortzailea eta burujabetasunez bizi nahi dutela euren etorkizunaren jabe izateko azaldu zuten atzoko agerraldian, berdin energiarekin.

Aurpegi ezagunekin batera, ezezagunak, izan ere, Ekiherri “herritarrek” osatzen dute, “komunitatea osatzen dugun bizilagunak gara, mundu hobeagoa nahi dugu eta horretarako, energia berriztagarria nahi dugu. Badakigu nondik gatozen, badakigu non gauden, eta badakigu ere nora joan nahi dugun”.

Energia burujabetza zuten amets, eta Ekiherri Energia Komunitatearen bidez lurra hartu du amets horrek.

Urtebeteko bidea

Ekiherri sortzeko bidea duela urtebete abiatu zuten hainbat herritarrek, “energia krisiarekin kezkatuta ginen Errenteria-Oreretako hainbat bizilagun elkartzen hasi ginen”. Hilaren 16an sortu zuten Ekiherri Energia Komunitatea, “aita eta ama ugari ditu, eta familia hazten jarraitzea espero dugu, hori da gure xedea”.

Udaleko Jasangarritasun Teknikari Niko Bengoetxeak, udalak energiaren arloan egindako bidearen berri eman zuen. Komunitate energia zer den azaldu zuen lehenik, “helburu soziala duen eta udalerriari ingurumen onurak, zein sozioekonomikoak ematen dizkion erakunde juridikoa da. Energiaren gaineko aholkularitza eta horrekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu, halaber”. Udalak egindako ibilbidea azaldu zuen ondoren. 2012an Alkateen Itunarekin bat egin zuen udalak, eta 2020rako ezarritako helburuak bere egin zituen. Horien barruan, energiaren kontsumoa %20 murriztea, energia berriztagarriak ezartzea %20an, eta negutegi efektuko gasen isuriak %20 murriztea, “horiek lortzeko ekintza plana onartu zuen udalak 2015ean, eta oinarrian hartutako datuak 2007koak izan ziren”.

2015ean, Nazio Batuen Compact of mayors iniziatibarekin egin zuen bat udalak. Isuriak murriztuta ere, klima aldaketak  bere ondorioak dituela probatu da, eta iniziatibak klima aldaketara egokitzeko plana egitea suposatu zuen. Konpromiso horren ondorioz, 2019. urtean, klima aldaketara egokitzeko ekintza plana onartu zuen udalak. Energia eta gasen isurketa murriztea, eta klima aldaketara egokitzeko plangintzak sortuta, hirugarren urrats bat egin zuen udalak Bengoetxeak azaldu zuenez, “eta 2021ean, egokitzapenerako trantsizio hori justua izateko konpromisoa hartu zuen. Oinarri horien gainean ekintza plana sortu zen klima eta energia iraunkorra bermatzeko 2022. urtean”.

Udalak gainera, 2030erako %30 murriztu behar du udalaren kontsumoa, eta %32 energia berriztagarria izan behar du udal eraikinetan, “horretarako teilatuak behar ditugu”. 2020ko ekintza planak %20ko murrizketa zuen helburu, “eta 2019ra arte %16ko murrizketa egin genuen gas isurian. Murrizketa hori herri osoarena da, eta komunitate guztia gaude inplikatuta helburua lortzeko. Lortu dugu, neurri batean. Energia kontsumoa egun 500.000 megawatt ordukoa da urtean. Energia berriztagarriak baditugu, baina ez nahikoak, 5.000 megawatt orduko ditugu urtean. Gauza batzuetan, beraz, hankamotz gabiltza, beste batzuetan dezente egin dugu”.

Udal gisa ekintza planak bete eta emaitzak izan dituztela gaineratu zuen teknikariak. 2007an gas isuriekin konparatuta, 2020. urtean %70 murriztu dira, “hori horrela izateko energia berdea erosi dugu, eta horrek lagundu digu. Emaitzak positiboak dira”. Beste datu bat ere eman zuen Bengoetxeak: “Energia iraunkorren ekintza planak  2030erako gas isurien %55eko murrizketa du helburu udalerrian. Honek suposatzen du, ez badugu ezer egiten murrizten joango gara, baina aldaketa garrantzitsuak egin behar ditugu betetzeko eta horretarako energia komunitatea urrats garrantzitsua da”.

Energia komunitatea sortzea, udalaren ekintza planaren barruan

Energia komunitatea sortzea, udalaren ekintza planaren barruan txertatuta zegoen. Hori egiteko, Goiener kontratatu zuen udalak eta haren lankidetza eta Farapi Koopen dinamizazioa izan dute komunitatearen sorrera horretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, diru laguntza eman du bideratzeko prozesua.

Udalaren laguntzarekin iazko otsailaren 9an herrian lehenengo bilera egin zuten hainbat herritarrek, Barrosok azaldu zuen moduan. Ondoren Goienerrenen laguntzarekin lehen urratsak egin zituzten, eta joan den azarotik bere kabuz dabil komunitatea udal teknikariaren laguntzarekin batera: “Lan ikaragarria egin da urtebetean, eta beste hainbeste dugu, lan handia aurretik ere”.

Energia komunitatea herritar orori irekia da, “egungo energia sistema aldatzeko interesa dugun herritarrek sortua da trantsizio justua bermatuta”. Helburu nagusia, energia kontsumoa murriztea du komunitate horrek, baita energia fakturak merketzea ere, energia berriztagarrian erreferente izanik erregai fosilekiko dagoen menpekotasuna murriztuta. Energia subiranotasunaren alde egin nahi dutela errepikatu zuten, “gure erabaki propioak hartu nahi ditugu eremu ezberdinetan, garapen ekonomikoan, bizi kalitateak hobetzeari dagokionean, eta gizarte kohesio zabal eta sendo bat lortzeari begira”. Horregatik, herritar ororen parte hartzea behar dutela esan zuten atzoko agerraldian, “herritar ororen babesa”.

Bazkidetza kanpaina

Une honetan, Ekiherriren barruan, talde sustatzailea, proiektu lantaldea, komunikazio lantaldea, talde juridiko-ekonomikoa sortu dituzte eta instalazio fotovoltaiko komunitarioak ezartzeko ikerketa abiatu dute. Halaber, komunitate zein norbanakoei begirako energiaren gaineko aholkularitza zerbitzua ere martxan du Ekiherrik.

Atzoko aurkezpenarekin, energia komunitate berriak, bazkidetza kanpaina martxan jarri du eta bat egitera deitu dituzte herritarrak. Horretarako hainbat bide daudela azaldu zuten atzoko aurkezpenean: “Batzarretan parte hartuz, bazkide laguntzaile eginez, edota bazkide kontsumitzaile izanik”.

Jose Mitxelena Ekiherriko presidenteak proiektuaren xehetasunak eman zituen azkenik. Horiek guztiak Ekiherrik sortu duen webgunean kontsulta daitezke.

Argirik ez tunelaren bestaldean
Lezo-Errenteria eta Irun arteko trenek urteak daramate etenda dauden obra batzuen ondorioak jasaten. Renfe eta Adifeko langileek bat egin dute bidaiarien kezkekin: «Geltokiak hiltzen uzten... (+)
AHTk zauri sakona egin ez dezan
Oarsoaldeko AHT Gelditu plataformak antolatuta, mendi martxa informatiboa egin dute berrogeita hamar bat lagunek larunbatean, AHTk Astigarraga eta Lezo artean aurreikusia duen trazatuaren bidea eginda. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora