Astelehenero 8:00etan zure epostan
Datu zentroak gure bizitzetan gero eta presentzia handiagoa duten azpiegitura berriak dira. Azpiegitura industrial horietan egiten da egunero erabiltzen ditugun zerbitzu digitalek (Google, WhatsApp, Netflix, etab.) funtziona dezaten beharrezkoa den informazio-prozesamendua. Hori da, beraz, cloud famatuaren benetako forma: konputazio informatikorako zerbitzariz betetako datu zentroak.
Datu zentroetako jarduerak ez du etenik, eta elektrizitate kontsumo altua behar da informazio kopuru handien prozesamendua egin ahal izateko. Bestalde, jarduera intentsibo horrek berotze handia eragiten du bertako osagai elektronikoetan, eta horiek hozteko ur kopuru handien erabilera ere beharrezkoa da. Hozte-sistema moderno batzuetan uraren ordez glikolezko zirkuitu itxiak erabiltzen dira, haizegailuz hozten direnak, baina elektrizitate kontsumo gehigarri handia dakar. Azpiegitura horiek ingurumenean eragin handia dutela eztabaidaezina da, eta hala ere, gero eta datu zentro gehiago, toki gehiagotan eta tamaina handiagokoak ezarri nahi dira.
Araban, Merlin Properties enpresaren datu zentro bat dago martxan, eta handitze prozesuan, Arasur industrialdean, Ribabellosan. Eraikitzea guztiz amaitutakoan 350 MW-ko potentzia izango du, hau da, urtero Araban gaur egun urtean kontsumitzen den energia elektriko guztia (etxeetako eta industriako kontsumo osoa batuta) baino 1,15 bider gehiago kontsumituko du. Gainera, datu zentro hau %100eko jatorri "berriztagarriko" elektrizitatez hornituko dela esanda dago, eta horretarako Iberdrolaren Ekienea makrozentral fotovoltaikoan (oraindik eraiki gabea) sortuko den elektrizitatearen erosketa hitzartuta dago.
Datu zentrorako elektrizitatea %100ean "berriztagarria" dela ziurtatzeko ordaindu beharreko prezioa milaka hektarea nekazal-lur okupatzea da
Baina Ekienea oso motz geratzen da Arasurreko datu zentroaren kontsumo erraldoiaren aurrean. Iberdrolak iragartzen duen bitartean Ekieneak 45.000 etxebizitzetarako elektrizitatea sortuko duela (gezurra, elektrizitate guztia datu zentrorako izango baita), datu zentroak 892.000 etxebizitza adina elektrizitate kontsumituko du. Egoeraren larritasuna agerikoa da, alderatuz, Araba osoan 170.000 etxebizitza baino gehiago ez daudela ikusita. Arasurreko datu zentroa hornitzeko Ekienea bezalako 200 hektareako ia 20 makrozentral fotovoltaiko beharko lirateke. Edo Solariak Araba osoan zehar eraiki nahi dituen 50 MW-ko ia 50 makrozentral fotovoltaiko (gaur egun, Solariak mota horretako 25 makrozentral inguru ditu proiektatuta Araban).
Beraz, datu zentrorako elektrizitatea %100ean "berriztagarria" dela ziurtatzeko ordaindu beharreko prezioa milaka hektarea nekazal-lur okupatzea da. Horrek kalte handia dakar lehen sektorearen biziraupenerako, eta ondorio larriak ditu gizartearen elikadurarako sarbidean. Hori gutxi balitz bezala, energia eoliko eta fotovoltaikoko zentral "berriztagarriek" ez dute energia etengabe sortzen, beraz, datu zentroak energia ez-berriztagarrien laguntza behar dute oraindik (nuklearra edo zentral termikoak, esaterako) eguneko 24 orduetan funtzionatu ahal izateko. Argi geratzen da, beraz, mota horretako azpiegituren jatuntasuna.
Datu zentroekin kezkatzeko arrazoi bakarra ez da ingurumenean daukaten eragina, erabilerak ere kezkatzen du. Erabiltzen ditugun zerbitzu digital guztiak gorabehera, datu zentroen erabilera nagusia, eta horien hedatzearen arrazoia, adimen artifizialaren garapen bizkortua eta datuen prozesamendu masiboa dira. Adimen artifizial berrien bidez, biztanleria zelatatzen duten korporazio handiek eta estatuko erakundeek gero eta kontrol handiagoa dute pertsonen portaeraren eta bizimoduen gainean (Gasteizko Udalak instalatutako adimen artifizial bidezko aurpegi-ezagutzarako kamerekin gertatzen den bezala).
Datu zentroen erabilera hori are agerikoagoa da adimen artifiziala industria militarrean eta gerretan erabiltzearekin batera. Azken hilabeteetan, Palantir bezalako enpresek adierazi dute azpiegitura horiek ezinbestekoak direla informazioan oinarritutako gerrarako, eta industria militarrari laguntzeko are gehiago espezializatu behar dela aldarrikatu dute. Zentzu horretan, adimen artifizialaren erabilerarik basatiena Israelek egiten duena izan daiteke (AEBetara eta NATOko kide guztietara hedagarria dena ere): bere soldaduen punteria zuzentzeko erabiltzen du, baita Zisjordaniako lurralde okupatuetako palestinarrei torreta robotizatuekin automatikoki apuntatzeko eta tiro egiteko ere.
Datu zentroen erabilera zibilaren eta militarraren arteko nahasketa tranpa bat da. Horren bitartez, datu zentroen bidezko zerbitzu digitalen eskuragarritasuna aitzakia paregabea da gizartearen aurrean azpiegitura horiek zilegi egiteko. Eta erabilpen militarra oztopatzeko datu zentroak desegin nahiko balira, jendearen egunerokotasunean sortutako kaltea nahikoa izango litzateke datu zentroen aldeko oniritzia gailentzeko.
Azken finean, hau da datu zentroei buruz atera daitekeen ondorio nagusia: industria berri bat da, elektrizitate kontsumo oso intentsiboa duena, eta ondorioz, aproposa da bere aldeko marketina egiteko deskarbonizazio, trantsizio energetiko eta energia fosilen murrizketa kanpaina globalen barruan. Hala ere, datu zentroek ez dute balio erantsirik eskaintzen beren zerbitzuekin (oso erabilgarriak izan arren), gehienbat prozesu automatizatuak direlako eta giza lanik gabekoak.
Negozio berri honen bidez aberasteko saiakera behin-behinekoa dela dirudi, teknologia hauetarako sarbidea mundu osora iristen denean eta enpresa teknologikoen artean orokortzen denean amaituko dena, korporazio handien arteko lehiarako abantaila izateari uzten badio. Bien bitartean, azpiegitura hauen sustatzaileek dirutza egiten jarraituko dute gure lurraldea okupatuta. Hori guztia nahi ez dugun teknologiaren erabilera sustatzeko, beharrezkoa ez den energia kontsumitzeko, eta "trantsizio energetiko" deituriko burbuila espekulatiboa puzten jarraitzeko, energia "berriztagarrien" makroproiektu gehiagoren bidez.
Politika instituzionaletik bidegabekeria honi amaiera jarri ordez, azkartzeko bidea irekitzen doaz. Horren erakusle ditugu alderdi batzuen partetik "trantsizio energetikoa" itsu-itsuan azkartzeko aldarriak, edo azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, aurkeztu duen makro "berriztagarrien" azeleraziorako mapa. Azkenengo horrekin diru publikotik 80 milioi euro xahutzea espero da inbertsio pribatua erakartzeko.
Makroproiektu guztien atzean logika berbera aurkitzen dugu: krisian dagoen kapitalismoaren beharra ziklo ekonomiko berri bat abiarazteko. Horretarako, makro mailako azpiegiturekin inbertsioaren eta irabaziaren arteko harreman onuragarrienera heltzeko modua dute gure herrialdeko elite ekonomikoek. Horregatik ikusten dugu hain beharrezkoa gizartean egoera honekiko kontzientzia eta eztabaida sortzea eta mobilizazioaren bitartez aldarrikatu ahal izatea ez ditugula makroproiektu hauek nahi.
Maiatzaren 23an har ditzagun Gasteizko kaleak gure mezua Euskal Herri osora hedatzeko: Lurra defenda dezagun! Makroproiekturik ez!
Iker Ruiz de Infante, Araba Bizirik-eko kidea, eta Joseba Zuzaeta, Euskal Herria Bizirik-eko kidea
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545